Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

05/07/2010 GMT 1

Gazte gizajoak

martinrezola @ 09:07

Irudia jatorrizko neurrian ikusi Oraingo gazteek geroan euskara salbatuko dutelako mitoa lehenbailehen desmontatu beharreko eginkizuna da. Batzuetan nabarmenago, besteetan oharkabean, beti agertzen da horren aldeko arrazoibidea, aurreko sarrerako elkarrizketan bezala.

  Adibidea paradigmatikoa da: mutil batek neska-lagun euskalduna ezagutu eta, zuzenean, euskara aktibatzen da. Magia bidez edo. Maitasunaren misterioak… 


Zeren, euskaldunak izanik ere, berdin-berdin elikatu baitezakete beren amodioa erdara hutsez, zergatik ez? Oso ingenuoa da pentsatzea bi hizkuntza aukeran izanda automatikoki bataren alde egingo dutela sinestea, zergatik eta haatik.  

Administrazioa Euskaraz aldizkarian egindako elkarrizketa batean, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeohiak galdetzen zuen: «Eskolari eta euskaltegiei esker sortu diren elebidun berriek guraso izatean euskara transmitituko al diete beren seme-alabei lehen hizkuntza moduan?» (antzeko gogoeta irakurri nion aspaldi Josene Ariztondori, oker ez banago: «Hemendik urte batzuetara, orain eskoletan elebiduntzen ari diren belaunaldiek erabaki beharko dute zein izango den beren familia-hizkuntza»). Kontxo, Ataunen gehienek bai, Gasteizen gehienek ez. Aukera ez baitatza, errentararen aitorpenean bezala, elizaren aldeko diru-ekarpena edo beste helburu sozieletara, A edo B laukia, markatzean. Zein hizkuntza aukeratu nahi duzu zure familian, euskara edo gaztelania? Nik nire seme-alabentzako nahi nukeena lotuta dago, ezinestean, ingurune soziologikoarekin, nik kontrolatzen ez ditudan hainbat faktore eta errealitaterekin. Zergatik itxaron 25 urte? Jada ikusten ari gara txikitan ikastoletan euskaraz ikasitako belaunaldiak beren familiak ari direla sortzen. Eta? Ez al dizuete inoiz esan «estudié en la ikastola, pero ya casi ni me acuerdo. Prefiero que me hables en castellano»? Niri bai. Ataunen ez, Gasteizen. 

Beraz, elebidun berriek transmitituko al dieten euskara seme-alabei lehen hizkuntza moduan. Erantzuna, neurri handi batean, hizkuntzari buruz duten balorazioaren baitan egongo da, eta balorazio eta prestigio-maila hori lotuta egongo da, halabeharrez, hizkuntzaren erabilgarritasunarekin, hizkuntzak erantsita dituen balioekin (balio emozionalak eta, batez ere, balio praktikoak). Guraso horien seme-alabak, adibidez, ertzaina, medikua edo administrazioko langilea izan nahi badu eta horretarako euskara behar ez badu, nekez berma daiteke transmisioa.

Erantzunak

Erantzunak(7) »

  1. Ados nago Martinekin. Areago, uste dut Ariztondok eta Baztarrikak, Auzmendik bezala, huts egiten dutela nabarmen transmisioaz duten perzepzioan.
    Ez da egia gazteek "aukeratuko" dutela zein hizkuntza erabili.
    Izan ere, inertziak, inguruak, instituzioek, gizarteak berak erdara aukeratzea eramaten gaitu ezinbestean, ia-ia guztiok errekurtso gehiago ditugulako gaztelaniaz, euskaraz baino, alde guztietatik begiratuta. Errekurtso linguistikoak esan nahi dut, eta aukerak ere, askoz gehiago, mila aldiz handiagoak dira erdaraz euskaraz baino.
    Izan ere, baldintza hauetan "aukeratzeaz" hitz egitea ameskeria da kasurik onenean.
    Gaur egun, euskaraz egitea aukeratzea hautu konszientea eta konpromiso maila handikoa da. Esfortzua eskatzen du. Esfortzua txikia da oraindik Ataunen, beharbada, baina ahalegin ikaragarria bihurtzen da Gasteizen, Bilbon, Barakaldon, Laudion, Iruñan, ...

    Lastategitik | 2010-07-05 - 10:46:23 GMT 1 #

  2. Asko dira transmisioan eragiten duten faktoreak. Badakigu ingurune soziolinguistikoa garrantzitsuena dela, badakigu zaindu behar ditugula "arnasguneak" eta arnasguneak hedatuz joan behar ditugula poliki (polito ?). Badakigu zonalde erdaldunetako transmisioan gauzak oso zail daudela baina esperantzatsua izan nahi dut.Zonalde horretako asko gara lehendik ezer ez zegoen lekutik euskaldun zaharrak jaioarazi ditugunak, jakina, esango didazue muga asko daukagula euskaldun berriok. Afektibitateare arloan hizkuntza aldetik (bakarrik horretan ?) hutsune edo gabezia asko geneukala. Hala ere, aukera hori egin genuen ia pentsatu gabe, geure egin genuen hizkuntzaren aldeko hautua ez zen ideologikoa bakarrik izan bihotzarekin egin genuen hautua eta esperantza dut seme-alabek ere gauza bera egingo dutela. Basamortuan ereiten ari gara, gero eta gehiago gara eta gainera gogorrak gara, ingurune zailetan jaiotzen diren arrosen antzera (beno igual honetan exajeratu dut baina esperantzatsu naiz)

    Natxo | 2010-07-06 - 07:28:38 GMT 1 #

  3. Esperantza ez da galdu behar, baina errealitatea gordina da. Erabilerak ez du aurrera egiten (ez gutxi eta ez asko, bapez) eta horren zergatiei erreparatu beharra dago. Gure belaunaldiak euskararen aurkako jazarpen agerikoa ezagutu zuen, askok etxean jaso genuen euskarari eutsi beharraren grina, baldintza objetiboak gogorragoak ziren baina motibazioa askoz handiagoa. Egun haur eta gazteek "normaltasunez" jasotzen dute euskara, euskara "ez da jazartzen", eta gizartean nagusi den iritzia da euskara "inposatzen" ari garela. Ez hori bakarrik, indarkeriari eta sektore politiko jakin bati lotzeko azpilan etengabea egiten da alderdi eta hedabide boteretsuetatik. Euskararen irudia ez da sinpatikoegia, aipatutako horiei esker bereziki.
    Telebista, irrati, hedabide eta aisialdiko eskaintza ikaragarri ugaldu da erderen mesedetan. Internet ere hor dago, eta hobe dugu pilak jarri horretan ere aintzat hartzeko moduko presentziarik izango badugu...
    Nik ez dakit ezkerraldeko haur eta gazteen erabilerak zeure esperantza elikatzeko bestekoa ote den. Agian bai. Altsasu aldean behintzat ez du horretarako ematen, zin dagizut.

    JJ | 2010-07-06 - 08:05:23 GMT 1 #

  4. Badakit gai hauetan kategorikoa jartzen naizela. Zaila egiten zait honen gainean hitz egiten dudanean oreka mantentzea. Etsita bainago. Gazteek beti-beti egingo dute errazena, Oñatin euskaraz hitz egingo dute, Gasteizen, Barakaldon, Basaurin, eta Karrantzan gaztelaniaz hitz egingo dute, nahiz eta eskualde honetan gurasoek, irakasleek, ingurukoek temati jarri, eta uneoro behin eta berriro gogoratu euskara dela gure hizkuntza, eta hizkuntza horretan hitz egin beharko lukete.

    Gizarte honetan badaude asko orain lortu dugunarekin konformatzen direnak, baina egia esateko lortu duguna, huskeria baino ez da. Gazte gehienok erdara daukate hizkuntza nagusitzat, eta askoz erosoago sentitzen dira hizkuntza hori erabiltzen. Eta horrela jarraituz gero, horrela izango da betiko.

    Ezbairik gabe, orain hogeita bost urtetan bizi garen egoerara bueltatu beharko genuke, nahiz eta betikoek betikoei euskararen erabilera eskasaren errua leporatuko dieten, baizik eta betiko aitzakia erabiliko duten; hots, euskara ez dutela erabiliko edo ez dutela ikasiko sektore poliko jakin batek euskara ikurra gisa hartu zuelako, eta euskararen bitartez lorpen politikoak lortu nahi dutelako. Zenbat aldiz ez dugu entzun, euskara denon hizkuntza izan beharko lukeela, eta ideologiatik at egon behar zela?

    Aurrekoa aitzakia baino ez da, orain dagoen egoera betiko iraun dezan.

    Baina errealitatea da, erabiltzen dituzten argudioei jarraituz gero inoiz ez dugula lortuko herri elebiduna sortzea. Eta muga zentimetro bat ere pasatuz gero, beti esango digute inposaketa dela, eta argudio hauekin beti izango gara haien mende.

    Borroka, esfortzu eta konpromisorik gabe ez dago ezer egitekorik.

    Berrotza | 2010-07-06 - 22:57:09 GMT 1 #

  5. Ados nago, euskarak konpromisoa eskatzen duela, baina garrantzitsuena da jakitea zertarako egiten ari garen ahalegin hori, horrek elikatzen baitu maiz neketsua izaten den bidea. Utziko didazue nire buruari erantzuten: ahalegina egin behar da euskaldun izaten jarraitzeko.

    Nik ere ez dut atsegin aukera librearen aldeko diskurtsoa, ez baitzait osoa iruditzen. Ados egon naiteke euskararen aldeko hautua borondatezkoa izan behar duen horrekin, baina aukera egiten ez duenari ere esan beharko zaio zer den bere "hautu librearen" (edo errazkerian jausten uztearen) ondorioak: euskara desagertzea.

    Euskaldunok euskararen alde egiten ez duguna, ez du munduan inork ere egingo. Hori ere, borondatezko hautuaren diskurtsoari gehitu beharko litzaioke, ezta?

    30 urtetan elebidunak sortu ditugu, baina ez dugu elikatu bere euskaldun kontzientzia. Hori ez da ezer inposatzea, hori geurearen alde lan egitea baino ez dela iruditzen zait. Munduan existitu nahi duen guztiak (arlo guztietan) hori egiten du: bere alde lan egin.

    Gogoeta egin behar da errezkerian jausteak dakartzan ondorio tamalgarriez, eta ahaleginak eta bide neketsuak ordea, zer nolako aberastasuna dakargun. Hori egin al da?

    Hala ere, ez dut nik etsitzeko motiborik ikusten. Nire irudipena da askotan euskaldun berriek euskaldun zaharrek baino konpromiso handiago adierazi diotela euskarari. Beraz, bidearen nekeak askotan etsitzeko baino, indarberritzeko balio izaten ohi du.

    Bukatzeko, faltan botatzen dudana da halaber elebitasunak bizikidetzarako zer nolako eskakizunak dakartzan (pazientzia, errespetua, entzuten jakitea, liskarrak bideratzeko umorearen beharra,enpatia...)

    Garruze | 2010-07-07 - 09:13:53 GMT 1 #

  6. Baina gainera borondatezko hautuarena egoera artifiziala da, ez da egiazkoa, ez dago borondatezko hauturik egiterik Euskal Herrian, ez bada oso inguru euskaldunetan.
    Ezin dugu borondatezko hauturik egin hizkutza bat bestea baino hobeto menderatzen badugu, euskarazko tb kate -kaxkartu- bakoitzeko erdarazkoak 50 badira, eta beste hedabideekin ere berdin gertatzen bada. Ezin dugu borondatezko hauturik egin tabernan, dendan, bankuan... zerbitzu ematen digunak euskaraz dakien ala ez ez badakigu (eta erantzun txar bat hartzeko arriskua egonik), eta abar, eta abar. Baldintza horietan euskararen aldeko hautua egiten duenak ez du borondatezko hautua egiten, konpromiso handiko hautua baizik.
    Gauzei izenetik deitzen hasi behar genuke. "Borondatezko hautuarena" gezur interesatua da, "el euskera en libertad" malapartatuaren parekoa.

    JJ | 2010-07-07 - 11:52:51 GMT 1 #

  7. Ez dakit konturatu zareten: bostok gara euskaldun perirefikoak; gehienok euskaldunberriak, eta oso "gurasoak" (ni aitatasunak asko markatu nau, onerako zein txarerrako, hots, ikustea nola garatzen diren nire alabak hizkuntza batean eta bestean, inertziak norantz jotzen duen, norberaren borondatetik at, eta abar). Kasualitatea ote?

    Martin | 2010-07-07 - 12:58:48 GMT 1 #

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!