Arrazoi ontologikoak dirala meriyo
Iragan larunbateko El País Semanal-en elkarrizketa egin zioten Artur Mas CiUko presidenteari. Guri atentzioa eman digu solasaldi aurreko aurkezpen gisakoan kazetariak idaztitakoak: «La conversación, sin embargo, no puede ser más que en catalán, por imperativo ontológico». Eta halaxe izango zen, katalanez, baina ez onttoei buruz.
Ustez bestera, Ontologiak ez baitu zerikusirik Mikologiarekin, hiztegira jo dugu arrazoi edo inperatibo horiek ze diren jakiteko: «Ontologiko: Izatearen existentziaz arduratzen dena.» (Harluxet). Bo, berdin geratu gara, baina iruditu zaigu «haatik» edo hemen erabili nahi ez dugun beste gordinkeria ohikoago bat esan nahi duela.
A, Iñaki! Ze urrun dagoen Bartzelona!
Bitartean hemen, Euskal Herrian, linboan gabiltza oraindik. Adeitasuna, progresibotasuna, gaizki ulertutako kortesia-sumisoa… eta orain elebitasun pasiboa.
Sakon aztertzeko gaia da elebitasun pasiboarena, eta berri-berria ere ez, guk geuk ere sesquilinguismo izen ponpoxoarekin aspaldian aipatu baikenuen hementxe. Hala ere, esan dezagun zerbait gain-gainetik.
Niri neuri oso estrategia egokia iruditzen zait. Areago, estrategia bakarra da. Baina esan beharra daukat horretarako ezinbesteko baldintza euskaldun aktiboak egotea dela, alegia, beste horien euskalduntasun pasiboa aktibatuko duten euskaldunak egotea. Eta horri ez zaio erreparatzen. Bestela, oraingoxeko panoramarekin jarraituko dugu: euskaldun pasibo saldo handia, hizkuntzari inongo erabilgarritasuna ematen ez diotenak, zain, ea zeinek estutuko/behartuko/bultzatuko/animatuko/estimulatuko ikasi edo gorde duten euskara hori azaleratzera.
Ni Administraziotik ari naiz. Eta sentitzen dut, baina elebitasun pasiboaren predikatzaileak berak aktiboki exenplua ematen ikusten ez ditudan arte, utzidazue sinesgogor xamarra izaten.

Zabaldu
del.icio.us