Raíz!
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin batera, argitaratzen du SUSTRAI aldizkaria 1985etik, EAEko nekazaritza eta arrantza ardatz eta gai nagusi. Aldizkari mardula da, hiru hilerokoa eta doakoa, kalitatezko artikulu eta argazkiz betea.
Hizkuntzei dagokionez, honako hau dio sarearen euskarazko bertsioan: “aldizkariaren artikulo guztiak bai euskaraz, bai erdaraz daude idatzita.”
Sarearen erdarazko bertsioan, honakoa dio, ostera: “La revista se publica trimestralmente y se distribuye de forma gratuita.” Hizkuntzen gaineko aipamenik ez gaztelaniaz. Zertarako?
Izan ere, ez dira artikulu guztiak euskaraz (ere) ageri. Ezta erdiak ere. Laurdenak ere ez. Aldizkariko testuen %5 ere ez dira izaten euskarazko testuak (aurreko arduradun politikoekin ere berdin gertatzen zen).
Hizkuntza politika axalekoa gurea. Muy “de aquí”, eso sí.

Zabaldu
del.icio.us
Legeak agintzen duena eta agintaritzaren praktika, bakoitza bere aldetik, beti bezala:
(Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak, 11. artikulua)
"11. artikulua.-Argitalpenak
Eusko Jaurlaritzaren argitalpenak bi hizkuntza ofizialetan plazaratuko dira, eta horietan euskarak, gutxienez, %50 hartuko du.
(...)
Bestelako argitalpenei dagokienez: aldizkariak, liburuak, ikerketa-lanak, doktoretza-tesiak, txostenak, katalogoak, gidak… Eusko Jaurlaritzak euskaraz ere sortzea lehenetsiko du.
Horrelako testuak argitaratzerakoan, orain arte, nagusiki, testu legalekin bezala jokatu izan da: gaztelaniaz sortu eta euskarara itzuli. Bada, gutxieneko %50eko kopuru hori errespetatzeko badira beste bide batzuk, esate baterako: zenbait argitalpen euskaraz kaleratzea eta beste zenbait (desberdinak) gaztelaniaz, hizkuntza batean idatzitakoari sumarioak egitea beste hizkuntzan eta alderantziz…"
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren
argitalpenak arautzen dituen 67/1998 Dekretua:
"15. atala.– Argitalpenen hizkuntza.
Euskararen presentziari dagokionez, Administrazio Publikoaren Argitalpen Planak epe bakoitzerako ezartzen dituen ehunekoak errespetatuko dituzte sail edo erakunde autonomiadun bakoitzak sustatzen dituen argitalpenek, oro har.
EAEko erakundeek egindako testu legalak eta arau-bildumak, bai eta gidak, katalogoak eta zabalkundeko argitalpenak ere, gaztelaniaz eta euskaraz argitaratuko dira. Era berean, hizkuntza ofizial biak erabiliko dira bilduma, serie, katalogo eta argitalpenen hedabideen izenburuetan.
EAEn soilik banatzen diren aldizkako argitalpenetan euskarari eman beharko zaion lekua, gutxienez, ehuneko berrogeita hamarrekoa izango da."
Antton Kaiku | 2010-01-18 - 16:33:21 GMT 1 #