Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Zergatik erosi, harpidedun egin?

egorospe 2009-12-21 @ 11:22

 Patxi Zubizarretak eman zidan berria: “Jakingo dek ba Geu Gasteiz itxi egin dutela”. Nik ezetz, ez nekiela. Harrituxe geldituko zen, izan ere, zelan liteke nilako euskaltzale batek hori ez jakitea, edo, bestela esanda, zelan liteke aldizkari horren harpidedun edo erosle ez izatea? Orduan hitzaspertuak militantismoaren kontzeptu lantzera eraman gintuen: zergatik erosi Berria, Argia, Elhuyar edo gainerakoak, sarean badaude?

 

  Zenbat diru jarri beharko genuke urtero derrigorrez erosi beharrekoa ez zaigun argitalpen baterako? Denak daude -goizago edo beranduago- Interneten/sarean. Bada, egia da hori ere, herriaren zati bat informazio digitalarekin elikatzen ez dena, oraindik ere betiko eran dabilena egunkaria irakurtzeko errituekin (mahai gainean orriak ireki, eta kafe usainean irakurri).

 Areago: euskal prentsa/aldizkarien kontsumitzaileak sareko bezeroak ere badira gehienbat; eta ondorioz, erosi edo harpidedun izan beharraren premiarik ez dute. Irudipena dut –eta Patxik hala zioen- militantismo hutsaren lotura baino ez zaigula gelditzen aldizkariak edo egunkariak erostean, eta behar bada kontzeptu eta jarrera horiek ere orraztu edo birdefinitu beharko genituzkeela.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(5) »

  1. Benito — 2009-12-21 - 14:11:21 GMT 1

    Kontua ez da hain erraza baina. Paperean zein Interneten informazioa zabaltzeak inbertsioak eta kostuak dakartza. Erosi ez dugu egin beharko agian, baina horrek ez du esan nahi hori debalde egin denik.
    Izan ere, Geu bezalako hedabide asko doakoak izaten dira, hau da, ez dute ekarpen boluntario-militanterik eskatzen. Arazoak beste batzuk dira akaso.
    Euskarazko hedabideek noraino betetzen dute euren funtzio komunikatiboa? Hau da, irakurleek irakurtzen dituzte? Noraino? Irakurtzen dutena baliagarria zaie?
    Hedabideen nahiz "militanteen" aldetik askotan faltan sentitzen dut hausnarketa hau.
    Eta, jakina, beste kontu bat ere badago, hedabideak finantziatzea gero eta zailagoa da, zuk zeuk azaldu duzu arrazoietako bat.

  2. Eusebio Gorospe Elezkano — 2009-12-22 - 11:03:54 GMT 1

    Aupa Benito. Atentzioa deitu zidan Sustatun bertsolarien sex-appelaren gaineko post bat ireki eta batek baino gehiagok (eta nire lan inguruan ere bai) sutan erantzun zu(t)enean: "utz itzazue gure bertsolariak bakean". Hara, gure jendea, heldua zein gaztea -bertsoalriak barne-, jende normala da, eta gainerako herrialde europearretako herritarrek dituzten arazo/zaletasun/joera/jarrerak dituzte. Euskarak eta horren inguruko aldizkariek balio behar dute nire kezkak asetzeko, nire alaba nerabearen gurari hormonalei erantzunak emateko, Athletic-ei buruz web gune eta papereko aldizkari erakargarria sortzeko. Biziak behar dute izan, eta eskuetara datozkizunean grinaz irakurriko dituzunak.

    Itzultzailea naizen aldetik zaila egiten zait ulertzea nire lankideak ez izatea zenbait argitalpenen harpidedun; eta are zailagoa nik nire aldizkariak lanlekura ekarri eta baten batzuk begiratu ere ez egitea. Zerbait adierazte dut horrek? Agian ez dutela euskal kezkarik, soldata irabazteaz aparte? Edo euren normalidadea aldizkari eta argitalpen horiek aditzera ematen dutenaz bestekoa dela? Atsegingarriak egingo zaie, behar bada, haurrei buruzko informazioa; kuskusumusua/kotilleo denoi gustatzen zaigunez, euskal jende famatuaren bizi gora-beherak arakatu dituen argitalpenen bat.

  3. Mattin — 2009-12-22 - 11:18:55 GMT 1

    Zer esan nahi du euskal pentsaren aldeko militante izateak? Kuota bat ordaintzea kausaren alde, Cáritas edo Medicus Mundi erakundeei ordaintzen zaien bezala? Ordaindu bai, baina ez dela irakurtzen? Orduan ez da nire kasua. Neuk plazer handiz irakurtzen baititut Berria edo Argia. ‘Militante’ hitza ez dago oso boladan, garai politikoki zuzenotan. Esan dezagun, orduan, euskal prentsa koherentziaz, konbentzimenduz edo guardiolatasunez kontsumitzen dugula. Ez dakit ez ote ditugun batzuetan konplejo gehiegi.

    Geu Gasteiz aldizkariaren kasuan, arazo ekonomiko orokorraz gainera, bada beste arrazoi erantsi bat: pertsona bakar baten bizkarrean egon da aldizkaria ateratzeko lana azken garaian, hau da, giza-babesa ere falta izan zaio, eta horrela ezinezkoa da. (Eskertu beharko litzaioke, bide batez, pertsona horri egin duen lan ikaragarria.)

    Pantaila/paperaren arteko hautuaz, nire kasuan argi daukat: lanean pantaila aurrean zortzi ordu eman ondoren, gogo gutxi nik etxean ordenagailua pizteko. Liburu asko ere sarean daude, baina nahiago izaten dugu betiko moldean irakurtzea, ez?

  4. E.Gorospe — 2009-12-22 - 13:22:51 GMT 1

    Martiriak izateko jaioak gaituk, Rezola. Hona dakart zuk aurreko postari egindako iruzkinaren ataltxo bat: "Geu Gasteiz aldizkariaren kasuan, arazo ekonomiko orokorraz gainera, bada beste arrazoi erantsi bat: pertsona bakar baten bizkarrean egon da aldizkaria ateratzeko lana azken garaian". Alegia: Bituriko euskal munduan erreferentetzat jotzen den aldizkari bat pertsona bakar baten lepoan. Hiri hau ustezko euskaltzalez (gu tartean) josita dago; bai, behinik behin, euskararen munduko funtzionarioz eta gainerakoz. Hala ere "pertsona bakar baten lepoan". Eta zer irakaspen ateratzen dugu horretatik?

    Behar bada errealitatea -aldizkari horri eta gainerako beste hainbat euskal eremuri dagokienez- horrelakoa dela. Aldizkari hori galtzeak esan gura du euskal humusa geroz eskasagoa dela Biturien? Ez, hori gezurra da. Izan liteke, behar bada, guk -martiri izateko joera dugunok- normala dena anormaltzat jotzen dugula, eta egunerokotasun hori moldatu ezin dugunez, geure burua egurtzen dugula errukirik gabe.

    Eta orain post honi dagokiona:

    Deitzen dio nire seme Martinek bere lagun bati zinemara joateko, eta pelikula ere aukeratuta du: Planet 51. Baietz Paulek. Gureak diñotso pelikula hasi baino ordu erdi lehenago -16:30ean-gelditzeko sarrerak erosteko. Eta Pauelek: "16:30ean ez, 17:30ean". ?????? Eta hori??, pelikula hori bostetan da Guridi zinemetan. Berriro Internet-era, eta bai Floridan ere ematen dute (......) euskaraz. Ahhhhhhh!! biok ulertzen dugu 18:00etakoa.

    Guri okurritu ere zitzaigun egin pelikularen bat euskaraz egin zitekeenik; burutik pasa ere egiten zaigun moduan beste ekintza asko ere badirela Gasteizen euskaraz. Gure eguneroko martxan ez dugu premiari hara, horra edo beste leku hartara joateko, euskarazko ez dakit zer dagoela-eta. Gerta liteke han egotea (....) edo ez.

  5. Mattin — 2009-12-22 - 13:59:32 GMT 1

    Zinearekin gertatu zaizuena normala duk. Marketin negargarria egiten duk aukera horiek bultzatzeko. Ia inor ez duk enteratzen. Ni joaten naizenetan sei, zazpi lagun egoten gaituk gehienez. Eta pelikulak ez dituk txarrak. Umeek ez ditek militante-kuotarik ordaintzen :-), primeran pasatzen ditek-eta!

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>