"Ekarri sua, Pep" (Jose Mari Pastor, Berrian)
(Iturria: Berria, 2009-12-12)
Asteazken gaua, Dinamo Kiev-Bartzelona futbol partida bukatu eta gero. Pep Guardiola, katalanen entrenatzailea, hedabideen aurrera azaldu da. Kataluniatik Ukrainara joandako kazetariak daude bertan, eta galderak egin dizkiote, katalanez. Guardiolak normal erantzun die, katalanez. Nazioarteko agerraldi batean zergatik ari den katalanez galdetu diote orduan beste kazetari batzuek. Entrenatzailea argi mintzatu da: «Herri bat gara, berezko hizkuntza duena, eta kanpora irteten garenean hizkuntza hori erabiltzen dugu horretan mintzatzen garenok».
Biharamunean Espainiako egunkarietan agertu da albistea eta, horrekin batera, kritika. Guardiolaren portaera ez omen da zuzena izan, informaziorako eskubidea urratu baitie katalanez ez dakiten kazetariei. UEFAk ez omen zuen katalanezko itzulpena egingo zuenik. Nazioarteko kirol erakundeak Europako herrien nortasuna kontuan hartu ez izanaren erantzukizuna Guardiolarena izango balitz bezala.
Beharbada hurrengoan espainiera-ukrainerazko itzulpena egiten duena barik, katalanetik ukrainerara eta espainieratik ukrainerara itzultzen dakiena aukeratuko du UEFAk txapeldunen entrenatzailearen hitzak ulertzeko. Ez da hain zaila izango Katalunian bizi diren ukrainarren artean bilatzen hasiz gero. Izan ere, Kieven, Bartzelona barik, Danimarkako talde bat izan balitz, hantxe izango zuten itzultzailea, herri horretako hizkuntzak katalanak baino hiztun gutxiago izan arren. Zeren Danimarkako kirol kazetari batek ez dio FC Kopenhageneko entrenatzaileari daniera ez den beste hizkuntza batez hitz egingo, Kieven egonagatik ere. Espainiako edo Frantziako kazetariak ere ez dira hizkuntzaz aldatzen Istanbulen edo Berlinen haien entrenatzaile edo gobernuburuekin ari direnean. Edozein estaturen ordezkariari bermatzen zaio itzultzailea izatea. Independentzia zertarako nahi dugun galdetuko digute gero.
Bestalde, alde ederra Guardiolaren eta hemengo entrenatzaile famatu baten artean. Gure euskal erdalduna Bartzelonara joan da taldearekin, eta prentsa aretoan jende asko katalanez ari dela ikusita, ez da hasi, ba, euskaraz dakienaren itxura egiten! Hango batek euskaraz dakien galdetu, eta berak baietz. Jokalari bati deitu eta honelaxe hasi zaio, lasai asko: «Ekarri sua, Gernikako Arbola da bedeinkatua...». Pailazokeria duela urte batzuk gertatu zen. Ateraldia kontatu zigutenean, barre egin genuen. Barre haren pailazokeriari eta, ohartu gabe, barre geure buruari. Geure hizkuntzari. Halakoxeak gara euskaldun kolonizatuok.
Bartzelonako entrenatzailearen jokaera independentistatzat jo du Madrilgo egunkari batek. Guardiolak ez du inoiz esan independentista denik, baina katalanez normaltasunez hitz egitea independentista izatea da, zenbaiten ustez. Katalunian bada ekuazio horren balioa ukatzen duenik: jende hori katalanez mintzo da beti, baina ez da beti independentista. Euskal Herrian, ostera, kontrako jokaeraren adibide ugari ditugu: independentistak izan arren, eguneroko praxian unionistekin bat egiten dute euskaldun askok, beren artean erdaraz ari direnean. Independentziaren alde daude, baina independentziaren kontra ari dira, haien hizkuntz joerak eta ohiturek espainolago edo frantsesago bihurtzen gaituztelako. Zertarako itzultzailerik geure artean erdaraz hain ondo eta, batez ere, hain gustura moldatzen bagara? Ekarri sua, Gernikako Arbola da bedeinkatua...
Jose Mari Pastor

Zabaldu
del.icio.us
Ederra aldea. Zenbat traineru ateratzen digute katalan "epelek" hizkuntza kontutan ere?
Pentsaezina litzateke horrelako erantzun bat bertoko entrenatzaile baten aldetik. Baina ez dago futboleraino abiatu beharrik.
Inork irudika dezake euskal politikari abertzalerik gisa horretako erantzun duin eta konplexurik gabea ematen?
Egun gartzelan dauden batzuk kenduta, ez zait apenas bakarren bat burura etortzen...
Biba Pep | 2009-12-22 - 09:23:13 GMT 1 #