Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Poeta kaxkarra

burunda 2009-12-15 @ 09:38

patxilopez.jpgPatxi Lopez lehendakariak  Euskararen Egunean emandako adierazpen instituzionala irakurri dugu, harriduraz, beste behin ere. Ez da sinistekoa  Lehendakariak euskarari, euskal kulturari eta oro har, euskaldunoi buruz zein irudi desitxuratua eta txarra daukan berrestea, noiz eta Euskararen egunean ere bai!


Euskaraz apenas dakien lehendakari honek, euskara eta libertadea “elkarrekin lotu”..., “euskal kultura demokratikoa, tolerantea eta aurreiritzi gabea bultzatu nahi omen du”.

Euskal kultura ez-demokratikoa, ez-tolerantea eta aurreiritziz josia dela diosku Lehendakariak. 

Ezagutzen du Lopez jaunak euskal kulturgileen lana? Ezagutzen ditu euskal kulturgileak? Horren izaera penagarria antzeman die?Atxagaz ari da? Lertxundiri buruz? Andu edo Benito? Leteren edo Uriberen gainean beharbada? Mikel Laboaz? JC Perezi buruz? Zumeta, Chillida edo Oteizaren gainean? Perurenaz edo Muñozi buruz? Baltzolaz, Mintegiz, ala Urretabizkaiaz? Ez zen Irastorza izango? Arzak edo Arbelaitz? Epaltza, Barandiaran, Olasagarre, edo Izagirre? Egaña? Lujanbio? Ordorika, Rueda, Murugarren, Gari, Zabala, edo Etxart, Oihenart, Philips, Martikorena... horiek ote dira ez-toleranteen ezten eta buru?Anari edo Ubedatarrak? Muguruzatarrak? Jimenez... Edorta ala Jorge?...

 Hain akusazio larriak egin (ohi) dituenak, argitu behar luke euskal kulturgintza guztiaz ari den, unionista ez diren euskal kulturgileez ari den, edo nor demontreren gainean ari den, behinik behin; euskal kulturgile guztien izena zikindu besterik ez baitu egiten horrela jokatuta, eta euskaldunoi, españolistarik atzerakoienek ezarri ohi diguten estigmaren zama handitu, euskal kulturari bizkarra emanda bizi diren euskal herritar erdaldun elebakarren artean, batez ere. 

Euskara ez da ideologia konkretu baten ondare, ez horixe, baina onartuko du Lehendakariak PSN-n eta PP-n adibidez, ez dela ondare estimatuegia euskara. Tamalez, euskara ideologizatuta dagoela eta gisa horretako huskeriak esaten dituzte sarrien, euskarari ez entzunarena eta ez ikusiarena egin ohi dioten horiek, eta euskararekin soilik ika-mika maltzur eta partidistarako gogoratzen diren horiek. 

Euskal (Euskadiko?) instituzioei ere, omen dagokie hiztunei bidea erraztea. Nola baina? Hezkuntzan edo Osakidetzan hartu berri diren antzeko neurriak hartuz? Lantzean behin, euskaldunoi (euskal hiztunoi) buruz idazten dituzuen gaiztakeriak, zabalduta?  

Lehendakari, bazterketarik gabeko bidearen premia dugu euskaldunok bereziki, euskal hiztunok alegia. Euskaldun elebidunak gara euskara eta erdararen jabe. Elebidunok egiten dugu posible erdaldun elebakarrekin elkarbizitza, eta ez alderantziz.Elebakar uniformistek eragiten dizkigute elkarbizitza arazoak; euskarari bizkarra eman eta erdara uneoro inposatu nahi diguten horiek, euskaraz bizitzeko aukerarik urrienak ere, zapuztu nahi lituzketenak. 

 Aurreiritziak alde batera utzi, eta hurbil zaitez euskaldunongana, Lehendakari. Premia handia baituzu. Premia handia baitugu. Eta hori egiteko gauza ez bazara, utz gaitzazu bakean behintzat. Ez jokatu Imanol Larzabal handiak kantatzen zueneko poeta kaxkarraren antzera, mundua azpikoz gora, dena aldrebes jartzen zuen hark bezala.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(4) »

  1. Hara zer diren — 2009-12-15 - 11:26:54 GMT 1

    Horra hor bi euskal kulturgileren lanaren aletxo bat. Ezjakinei dedikatuta.
    http://www.pogledaj.name/poeta-kaxkarra-imanol-larzabal/video/3opAeHeJ7Tc

  2. egorospe — 2009-12-18 - 14:15:36 GMT 1

    Patxi López da koherente bakarra hemen. Berak –ez beste inork- egiten du politika hizkuntzarekin, halaxe baitu jarrita izena Sailburuordetzak: Hizkuntza Politika. Gainerakook, zu Babarruna atera zaren arte, hor egon gara uzkurtuta, otzanduta. Gu beldurrez, eurak gangartuta. Jakina, zelan eta euskararen gainean aurreko agintariek egindako azterlanean esaten zen tentuz ibili behar genuela, ba gu –txintxo txintxo- horretan; eta eurak, ez kontu ez tentu ez demontre, eurak eurenera. Ia zeozer ikasten dugun.

  3. Mikel Elorza — 2009-12-30 - 16:16:01 GMT 1

    Badakit apur bat berandu natorrela, prentsan ikusi baitut jada artikulu hau argitaratua, baina hala ere idazten dizuet esateko ene ustez poeta kaxkarraren poema, Imanolek kantatzen zuena, ez dela Izagirrerena, Mikel Arregirena baizik.
    Etzazuela hala ere, apuntetxo hori zuen artikuluaren zuzenketa moduan har. Apuntetxoa baizik ez da. Zuzen askoak dira esaten dituzuenak.

  4. burunda — 2010-01-18 - 13:45:00 GMT 1

    Arrazoia Mikel!
    Okerreko iturritik egin genuen tira. Zuzenduko dugu.
    Eskerrik asko

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>