Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

03/12/2009 GMT 1

Gaurkoa ere joan da

egorospe @ 17:22

Gaur Euskararen Eguna omena da. Egun batez euskaraz, gaitzerdi!! Gorroto ditut nik egun markatu horiek. Gaur maite zaitut; bihartik aurrera, auskalo. Zelan eta Ramon Etxezarretak plazara atera eta deklaratu duen euskarak asko irabazi duela funtzionalitatean, ba ni neu ere -pixka bat harrituta esandako horrekin- plazako tribunara igo naiz, galdetzeko Ramoni -izan ere bere oraingo kargu bulegoa Lakuan dago, Kultura Sailean- honako hau:  

 zein esparru funtzional irabazi ditu euskarak azken 30 hauetan Lakuan egoitza nagusia duen Administrazioak? Zenbat paper sortzen dira, gaur, euskaraz? Zenbat zerbitzuk edo zerbitzu-erdik funtzionatzen dute euskaraz ere? Zenbat 3. eta 4. HE (hizkuntza eskakizun) daude lortuta?

Orain, galdera beste era batera: noizko euskaraz sortutako lehen dekretua? Noizko bere eginkizun guztiak euskaraz -idatziz eta ahoz- gauzatzeko gai de zerbitzua? Noizko 3. eta 4. HE lortuta duten 300 funtzionario ingurutik 80 euskaraz lanean?

 Erantzun galdera horiei, Ramon, eta gero, ea berriro deklaratzen duzun euskarak funtzionalitatea irabazi duela.

 

Eta orain, prestatu nuen artikulutxoa.

 Egungo Jaurlaritzaren asmoa omen da indarrean dagoen Euskararen Erabilera Normalizatzeko IV. Plangintzaldiarekin (2008-2012) aurrera egitea. Bidenabar, Zelaik ekarri digu blog honetara, korredakzioari buruz berak –eta E. Oregik- Legebiltzarrean aurkeztutako txostena. Horren aurretik nik neuk –aurrekoen haritik- adierazi dut itzulpengintzaren ikuspegi konbentzionalak –orain artekoak- egin duela berea.

Zulo nabarmena dago bi egitasmo horien artan, plangintzaldiaren eta korredaktatzearen/sotzearen (gaur egungo itzulpen prozesua gainditzea)artean, uste baitut lehenengoa goitik beheranzkoa dela, eta bestea alderantzizkoa: behetik goranzkoa.

 Eta, lehendik ere esan dut, ez dut biak uztartzeko modurik ikusten. Urrutiegi gaude elkarrengandik. Esan gura baitut guk, behean, asmoak izan eta lan ere egiten dugula, baina behin maila batera iritsiz gero, ezin dugu egin aurrera. Nori dagokio amildegi hori kentzea. Guk, behekook, nahiko eta lar ere egiten dugu. Goikoek ez, nire ustetan. Nortzuk dira?: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskara Zuzendariordetza bai, behinik behin.  

Erantzunak

Erantzunak(2) »

  1. Hitzen geografiak mugarik ez duelako izango da galduta gabiltzala, noraezean, euskararen mundu honetan? Euskara Plangintzaldiekin batera brujula bat oparitu beharko lukete horrelako egunetan.

    Hitza batzuk esan nahi nituzke, Eusebio, itzulpen konbentzionalaz eta korredakzioaz diozunaren inguruan. Niretzat biak dira beharrezko, behar bezala arautuz gero. Nik ez ditut ikusten bateraezinak. Iruditzen zait, askotan, Administrazioaren barruko itzulpengitzaren ikuspegi partzialegia izaten dugula (“partzialaren” adiera gaitzesgarririk gabe). Zu Boletinean zaude, eta primeran ezagutzen dituzu horko buruhausteak (dekretu, lege, agindu, ebazpen eta gainerakoak); Zelai, Egoitz… legelariak dira, eta biziki kezkatuta daude testu juridikoen gorabeherekin; beste batzuok sailetan hamaika gutun, mintzaldi, prentsaurreko, txosten eta abar euskaratu (eta batzuetan erdaratu) behar izaten ditugu. Nola ezarri idazketa elebidunaren irizpideak horietan guztietan, formaz eta mamiz hain diferenteak diren arloetan? Agian gehiago teorizatu beharko genuke, baina itzulpen konbentzionala eta korredakzioa igual ez dira bateraezinak, igual osagarriak dira… Ze iruditzen, Zelai? Eneko?

    Mattin | 2009-12-04 - 14:04:58 GMT 1 #

  2. Nik ere ez ditut bateraezinak ikusten itzulpengintza eta korredakzioa. Beti bezala neurrian dago kontua. Euskarak gaztelaniaz besteko koofizialtasuna badu, itzulpengintza ezin daiteke izan testuak euskaraz argitaratzeko modu ia bakarra.Onartuko litzateke gaztelaniazko testuetan egoera hori?

    Korredakzioari bidea zabaltzeko ezinbestekoa da teknikari euskaldunok gaztelaniaz lan egiteaz gain, euskaraz lan egiten hastea. Esperientziak esaten dit, hizkuntza batean sortutako testu bat, inork baino hobeto, nik jarriko dudala beste hizkuntzan, buruan baitut zer adierazi nahi dudan. Hizkuntza burutazioak adierazteko bidea baino ez da.

    Korredakzioak abantaila ugari ditu (bi hizkuntzetan landutako testuak kalitatez hobeak dira) baina antolatu behar den kontu bat da. Denbora eskatzen du. Teknikariok jakin behar dugu zein lanetan jardun behar dugun bi hizkuntzetan eta zeinetan hizkuntza bakarrean. Lan-denbora antolatu beharra dago. Euskarak, alabaina, gaur egun ez du tokirik teknikorion ohiko lan-jardueran, lanak euskararekin zer ikusi zuzena ez duenean salbu.

    Teknikari euskaldunok euskaraz lan egiten hasiko bagina, itzultzaileek beste eginkizun probetxugarriagoetara bidera ditzakete bere ahaleginak, esaterako, materiala prestatzera, teknikarion aholkularitzara, araugintza elebidunean hizkuntza-kalitatea bermatzera...

    Itzulpengintzaren gaur eguneko antolaketak duen hutsunerik nabarmenena da itzultzailea dela euskarazko testuen arduradun bakarra, testuaren egilearekiko lankidetzarik gabe. Kalitate bermeak falta zaizkio gaur eguneko itzulpengintza prozesuari, nire ustez.

    zelainikolas | 2009-12-09 - 11:09:40 GMT 1 #

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!