Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Transbaseak

martinrezola 2009-11-27 @ 13:55

asier2.jpgEz naiz ohitzen argazkiko mutila telebistan erdaraz entzuten. Ez gaizki egiten duelako, oso aurkezle ona iruditzen baizait, bai erdaraz bai euskaraz. Orduan, galdetzen diot nire buruari, zer estrategia darabilgu herri honetan, telebistako esatari onenak gaztelaniaz lanean jartzen baditugu?

 Ibai-arro batetik beste arro batera egindako ur-masaren aldaketari deritzo normalean "transvase" gaztelaniaz. Oso eztabaidatuak izaten dira, arro emaileko biztanleek eman bai baina ez dutelako ordainetan ezer jasotzen. (Oso famatua izan zen, adibidez, PPk proposatutako Ebro ibaiaren transbasea, alegia, Mediterraneo hegoaldeko beste arro batzuk urez hornitzeko proposamena, gero PSOEk gerarazi zuena.)



Hizkuntzekin ere halatsu. Hiztun komunitateetan ere izaten dira transbase esanguratsuak; hobeto esanda, komunitate horien esku eta zerbitzura dauden hedabideetan. Gurean azkenengoz gertatu dena, nik dakidala, Asier Odriozola aurkezlea ETB1eko Gaur Egun utzi eta ETB2ko Teleberrira joan dela.

Ez du zalaparta handirik piztu. Normala da, gehienok beste plaza zurrunbilotsuago batzuetan jartzen dugulako begia. Baina nik hor, tantaka, jario kezkagarri bat somatzen dut ETB1-ETB2ren arteko aurkezle-esatarien trukean. Tranbasea emankor doa euskaratik gaztelaniara, oker ez banago (ez ditut nik ordu asko pasatzen pantallari begira): Asier Aranguren, Urko Aristi, orain Asier Odriozola, eta ahaztuko dudan besteren bat. Gaztelaniatik euskarara, ordez, ur-xirripa mehe dugu tranbasea: Jorge Cerrato da korronte biziaren aurka urak zentzu horretan pasa diztuztenen kandidatuetarako bururatzen zaidan bakarra (zuzendu nazazue oker banabil, mesedez). Zergatik? Ez al litzateke albiste pozgarria izango Ana Urrutia ETB1ean ikustea eguraldiari buruzko iragarpenak euskaraz egiten, edo Afrika Baeta euskarazko albistegian? Noiz holakorik? 

Telebistatik irratira salto egiten badugu, egoera ona edo txarra izango da, nondik begiratzen zaion. Harako taula famatuari erreparatuz gero, ikusten da tertuliakide izarretako batzuk euskaldun jantzi eta “distiratsuak” direla. Berdin eman lezakete argia euskaraz edo gaztelaniaz, baina bigarren horretan entzuten ditugu maizago. Ez al da absurdo xamarra? Komunitate txikia gara, baliabidez eta jendez juxtu antxean dabilena; eta indartsu eta bizi-bizi dabilen hizkuntza gizentzen dugu, maiz, alegiazko beste “interes” inportanteagoen amoreagatik.  

Hedabideetan, blogetan, politikarien plazetan… euskarazko arroan behar luketen asko ikusten ditut patxada ederrean erdal ibaietan murgilduta, gustora plista-plista audientzien emaitza ikusgarrien abaroan, gure akuifero urria hortxe bizirauteko ahaleginean dagoen bitartean .  

Categorías : elebitasuna |
Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>