To be or not to be?
Eusebioren kontakizuna irakurri eta gero, konta dezadan neuk lagun baten bitartez heldu zaidan beste antzeko gertaera bat, nahiz eta guztiz berdina ez izan.
Laguna beste departamendu batean dago lanean, eta orain arte urtez urte euskara hutsez inolako arazorik gabe tramitatu izan duten deialdi bat –azkenean Boletinean bertan itzuliko zuten testua gaztelaniara, pentsatzen dut–, hara non orain elebietan egin behar izan duten, sailburu berriaren aginduz, berak ez omen du-eta euskara hutsez idatzitako ezer sinatzen. Horretarako arrazoietako bat, gainera, zera omen da: nola horko teknikariek diren-eta-ez-diren perfil guztiak dituzten euskaraz nahiz gaztelaniaz, ba itzultzailearengana jo beharrik ez dagoela, egin ditzatela paperok bi hizkuntzetan eta kitto.
Hemen kontu bat baino gehiago nahasten delakoan, kontuz ibili beharra dagoela iruditzen zait, dena nahas-mahas batean ez katramilatzeko.
Bat. Lagunaren departamentuan, nirean bezala, ez dago euskara planik (eta, kasualitatez, Jaurlaritzan Arakistaintxoak edo arnasgune izan beharko lukete biok, Zalbideren terminologia erabiliz). Beraz, inork ez daki zer egin behar duen euskeraz zer erdaraz, zer esaten duen legeak... Eta niri eskatu dit aholkua, erabat babesgabetuta sentitu delako.
Bi. Azkenean, administrazio honetan lan-karga handiagoa da euskaraz lan egiteko gaitasuna izatea. Ederra ondoriue!
Hiru. Posible al da edo ez da Jaurlaritza barruan prozedura administratibo bat, espediente bat... nik dakita zer! euskaraz bakarrik bideratzea? Baiezkoan geunden..., hizkuntza-politikarako arduradunek argitu beharko ligukete kontua, zeren kasuak ugaritu egingo baitira bestela, eta, aizu, desanparatuta geratzen gara. Eta ezin bada, "apaga y vámonos"...
Lau. Argi ibili behar da bi eskakizun-maila horiek bereizteko: gauza bat da hizkuntza gaitasuna duen teknikaria euskaraz lan egiten jartzea, eta beste bat arrazoibide hori erabiltzea euskaraz sor litezkeen zirkuitu elebakarrak oztopatzeko.
Aurki, abenduaren 3an, Euskararen eguna ospatuko dugu. Handikiro eta mintzaldi loratuez inguratuta, ospatu ere. Horren karietara, ez legoke batere gaizki hemengoa bezalako kontu xumeei irtenbidea emango baligute ere...

Zabaldu
del.icio.us
Bai, hala da. Kontu txikietatik hasita akaso handietara errazago heldu gaitezke.
Nik beste bat kontatuko dizuet: ikastaro bat egiten nabil eta gaztelaniaz da. Hala ere, nik aurretik erakunde horrekin izandako esperientziari jarraiki, aurkeztu behar ditudan lanak euskaraz egiten saiatzen naiz, horrela euskara gai juridikoetan lantzeko aukera landuz.
Bada, ikastaroko zuzendaritzak esan dit euskara hutsez ezin ditula lanak aurkeztu ikastaroren lan-hizkuntza gaztelania delako. Hori bai, hori guztia, euskaraz egiteko ahalegina eskertu ondoren. Proposatutako interbidea are kafkianoagoa: nik neuk irakasle bakoitzari baimena eskatzea euskaraz lanak aurkezteko. Baimena lortu ezean gaztelania hutsez edo elebitan.
Europan barrena gero eta arruntagoa da eleaniztasuna, bada hemen oraindik ez: dena badaezpada gaztelaniaz eta nahi baduzu bada euskaraz.
Jokabide hau esango nuke ez datorrela bat EAEko Euskararen Legeak agintzen duenarekin? Zer egin behar dugu banan-banan salatzen hasi? Nik uste nuen Legea betetzeko zela.
zelainikolas | 2009-11-25 - 14:53:59 GMT 1 #
Behin puntu batera iritsita, irizten badiogu ezen nahiz behetik akuiluka ibili ez dagoela maila jakin batetik aurrera egitea, ba, orduan, gure zeregina izango da erreibindikazio, salaketa edo diskurtso-sormena puntu horretan jartzea.
Nik ere jarriko dut adibide bat.
EHAAko (Boletina) itzultzailea naiz eta konturatu ginen dokumentu batzuk urtetik urtera gaizki zetozela. Guk, argitaratu orduko, zuzendu, eta hurrengo urtean ere berriro txarto. Eta holan urte mordo batean.
Erabaki genuen itzultzaile guztiak bilduko genituela (ez dakit zenbat urtetan lehenengo bider) eta jakitera eman gure asmoa zela dokumentu horien ereduak egitea eurekin batera, eta gero plantxa horren gainean egin urtetik urterako aldaketa.
Denak konforme. Horretarako gure zuzendariak zirkular bat egiteari ondo iritzi genion, non Jaurlaritzako kargudunei aditzera emango baizitzaien zein zen EHAAren asmoa -gainerako itzultzaileekin batera- eta, arren, erabil zitzaten, aurrerantzean, landutako ereduak.
Geuk idatzi genuen zirkularra, eta gure zuzendariaren eskuetan jarri. Astean joan, asteak etorri; hilak joan, hilak etorri. Ezer ez. Hitz politiak, betiko modura: "bai, egingo dugu". Gaur arte. Duela hiru aste eskabide bera erregistratu egin genuen, ea indar gehiago hartzen zuen. Kaaaaa.
Zer egin? Guk, dagoeneko, landuta ditugu bost eredu.
Bide bat badago: goiko instantzietara jotzea; hau da: nire zuzendariaren gainerakora. Horrek badu arriskua.
Hasierara jota, Mattin, Zelai, .... nik uste dut derrigorrezkoa dela parametro, exigentzia eta bide berriak lantzea, ez badugu gura beti harri berberaren kontra egitea.
Eta zorrean dudanez, hurrengo postean sartuko ditut historia honetan, zerikusirik gehien duten instantzia eta karguak.
Eusebio | 2009-11-25 - 18:02:09 GMT 1 #