Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Komunikatu ezinik

egorospe 2009-11-18 @ 16:53

XXI. gizaldian komunikatzen ez duena ez da inor. Ez da ezer. 30 urte eman milaka orri euskaraz jarriz/itzuliz, eta hara non entzun behar dugun -nonahitik eta nornahirengandik- ez dugula komunikatzen, gure idazteko moduak,  sintaxiak, esamlodeak eta guzti horiek ez daudela gaur egungo egoerak eskatzen duen neurrira tajutuak, egokituak. Jode!! Zertan ari gara orduan? Ez diñot nik, egorospek. Hala balitz, ba betikoa: bajatok atzera be hori negar baten, dena beltzez janzten! Irakur itzazue azken Senez (ez dago sarean) edo Euskera argitalpenak.

  Hor dihardute Esnal, Goikoetxea, Aristegi eta enparauek behin eta berriro errepikatuz ezetz, honela ez goazela inora: idatzi eta idatzi, inork ez ulertzeko, ez dela bidea. Euskarazko testugintza juridiko administratiboaz ari naiz (dira), gehienbat. Eta % 99 itzulpena denez, ba itzulpenaz.

Sarasolari esan nion behin, Lakuan izan genuen hitzordu/jardunaldi batean, iruditzen zitzaidala administrazioan hogeitamar (30) urtetan egindako itzulpenek ezer gutxitarako balio zutela. Irrifarretxo batez erantzun zidan: "dena ez da alferrik izan, gizon, terminologian nahiko aurreratu diaguk".

Gaitzerdi orduan. Eguna hartan lasaigo egin nuen lo, pentsatuz itzulpenetan/itzultzailetan urtero inbertitzen diren milioika euroak etekinen bat eman dutela hogeitamar urte eta gero.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(5) »

  1. Garruze — 2009-11-19 - 12:15:31 GMT 1

    Guztiz ados nago. Terminologian aurreratu bai, baina administrazio testuetako joskeran askoz gutxiago. Zergatik? itzulpen hutsak direlako. Ez dugu askatasunik hartu/izan mezua jaso eta euskaratzeko. Gaztelaniarekiko morrontza jasan eta onartu dugu.

    Euskaraz pentsatutako testuak sortzen hasi behar dugu. Ez du horrenbesteko garrantzirik aurretik gaztelaniaz mezua landuta egotea edota ingeleses..., baina euskaratzerakoan euskaraz pentsatutako mezua izan behar du. Sinetsi behar dugu egiten dugun horretan eta hartzaile euskaldunarengan pentsatu behar dugu lana egiterakoan.

    Hori nola egiten da? Lan handia egin da administrazio-idazkiak estandaritzatzen. Hori bide bat izan daiteke, baina gero idazki horiek erabili behar dira, bestela akabo eta gainera laster zaharkituak geratuko dira.

    Euskara erabiltzeko estrategia eraginkor bat falta zaigu. Oraindik ere askotxo dira lana euskaraz egin ezin dela pentsatzen dutenak eta horrela ez goaz inora. Sinetsi behar dugu egiten dugun horretan eta maximalismorik gabe urratsak ematen jarraitu.

  2. gorrire — 2009-11-19 - 15:36:45 GMT 1

    Ados neu ere. Eta argi dago gai hau gakoa dela euskalduntzean inbertitutako ahaleginen arrakasta (ezagutza) eta porrota (erabilera eza) azaltzeko. Sinaduren bilketa izan daiteke behetik gorako ekimen bat. Normalizatzaileok euskalduntze prozesuan murgilduta daudenekin zein euskaldun eurekin konpromisoak lortu behar ditugu, parez pareko mailan. Alabaina, goitik beherakoak ere ezinbestekoak dira gauzatzea bermatzeko. Goitik beherakoak proboka daitezke behetik, zuhur eta ausart jokatuz gero. Oinarriak ondo lotuta badaude, eta ezingo balitz eragin, goikoen "ausardia falta" (era diplomatikoan esatearren) lotsagarri azal dadila.

  3. Mattin — 2009-11-20 - 08:55:20 GMT 1

    Euskaraz sortutako testugintza administratiboa bultzatu behar da, bai. Baina testuok sortu ondoren egiten duten bidea ere zaindu behar da, ez dadila testua ibiltzen hasi orduko euskarazko bide hori moztu, edo “desbideratu”.

    Ikusita nago: Arakistaingo udalak errekurtsoa aurkeztu du, euskara hutsez, Jaurlaritzan; baina nola horri erantzuna eman behar dioten teknikari, legelari edo dena direlakoek “ohituraz” erdaraz lan egiten duten, itzultzaile batek galtzerdiari buelta eman eta errekurtsoa gaztelaniara ekarri du. Behin gaztelaniatuta, aldeko eta kontrako arrazoibideak, jurisprudentzia… tripa guztiak ateratzen dizkiote eskakizunari, eta ebazpena prestatu, erdaraz. Azkenean ebazpena berriz ere euskaratu, galtzerdia bere onera ekarri, eta interesdunari jakinarazten zaio.

    Gauza bera gertatzen da, batzuetan, Jaurlaritzatik bertatik atera gabe. Zerbitzu batek euskaraz sortu duen prozedura batek, demagun, lau urrats eman behar ditu (A, B, C eta D) sorreratik bukaeraraino (“geltoki” horiek izan daitezke kontrol ekonomikoari buruzko kontuak, aholkularitza juridikoari buruzkoak eta abar). Sortzailea poz-pozik eta ezin harroago dago, euskaraz lan egiten duelako, sortze beretik. Baina tranpa egiten diote: bere sorkaria jaio eta berehala, B geltokian, hizkuntzaz aldatzen diote, eta handik aurrera bide guztia gaztelaniaz egingo du.

    Ez dira oso kasu ugariak, baina gertatu gertatzen dira.

  4. zazpi — 2009-11-20 - 10:54:46 GMT 1

    Bai, horrelakoak gertatzen direnik ezin uka Mattin. Horregatik, bereziki guri dagokigu, Jaurlaritzan lan egiten dugun legelarioi, egoera horri buelta emateko aletxoak jartzen hastea.

    Adibide modura jarriko dizuet berriki niri gertatutako pasadizo bat.

    Lehengo egunean, interesdun batek euskara hutsean aurkeztutako helegitea ebaztea egokitu zitzaidan. Beraz, ebazpena euskera hutsean idatzi nuen, nire betebeharra bete besterik ez nuen egin. Esan nahi dut, kasu honetan euskara hutsean sortutako euskal ebazpena jakinarazi zitzaiola interesdunari, zuk aipatutako geltokien artean inolako interferentziarik izan gabe.

    Kontua da, interesdunak, bere eskubideak egikarituz, epaitegietara jotzea erabaki zuela, eta hara hor non hasi diren interferentziak.

    Jakina, epaileak euskaraz tutik ez, eta itzultzaileari eskatu dio gaztelaniara itzultzea gorabidezko helegitea ebatzi duen ebazpena. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, itzultzaileak nire zuzendaritzara deitu du ebazpena egin zuen teknikariarengatik galdezka, sinistuta gaztelaniazko bertsioa ondoan izango nuela eta, hortaz, alferrikako lanik ez egiteko.

    Esan diodanean ez zegoela erdarazko bertsiorik, alegia jatorriz teknikariak euskaraz sortutako bertsioa dela, harriturik geratu da (eta imajinatzen dut nazkaturik ere, lan egitea tokatuko baitzitzaion...). Horixe izan da bere lehenengo erreakzioa: harridura.

    Honekin guztiarekin, zera adierazi nahi dut: ez al gara gure artean ere barneratzen hasiak euskara bigarren mailakoa dela eta izango dela beti?

    Garruzek esandakoaren ildotik... sinesten al dugu benetan egiten dugun horretan?

  5. Mattin — 2009-11-20 - 18:09:15 GMT 1

    Oso interesgarria zurea, Zazpi. Horrelakoak gehiago eman beharko genituzke aditzera, zuek bezalakoak hain "ikustezin" ez geratzeko.

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>