Idazketa elebidunaren alde urratsak ematen
garruze 2009-11-16 @ 08:46
Jaurlaritzako legelari talde batek idazketa elebiduna susta dadin sinadura bilketa martxan jarri du.
Sailez sail bilduko ditugu ekimenarekin bat egin nahi dutenen sinadurak, urtarrilak aldera Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako arduradunei aurkezteko. Une honetan IVAPeko lankideak ari dira sinatzen. Jakinaraziko dizuegu hurrengo sailera heltzen denean.
Baina zer da idazketa elebiduna?
Arau idazketa elebidunaren bidez, lege-testuak eta administrazio gainontzeko dokumentazioa hasieratik bukaeraraino gizarte batean ofizialak diren hizkuntzetan lantzen dituen teknikari deritzo. Gure kasuan, hortaz, testua euskaraz eta gaztelaniaz sortu eta landuko litzateke hasieratik argitaratu bitarteko prozesu osoan zehar, hizkuntza bakoitzaren egitura, autonomia, nortasuna eta kalitatea bermatuz eta errespetatuz.
Gaur egun, gurean, arauak eta gainontzeko testu juridikoak (erabakiak, ebazpenak, protokoloak...) sortzeko prozesu guztia gaztelania hutsez egiten da, eta kasurik onenean, buletinean argitartu behar denean edota herritarrari jakinarazi behar zaionean euskarara itzultzen da, euskara horrela gaztelaniaren menpeko bihurtuz.
Nazioarte mailan hainbat erakunde dira dagoeneko teknika hori erabiltzen duten gobernu eta erakunde (Kanada, Belgika, Hong Kong, Nazioarteko Lan Erakundea, Europako Batasuna...). Hain zuzen ere, beren elebitasun ofizialaren izaera papereten adierazteaz gain, beren ekintzetan azalarazi nahi duten estatu eta erakundeak. Hori da guri egitea falta zaigun urratsa, alajaina.
Idazketa elebidunaren bidez, testu juridikoen idazketa lankidetzan egiten da. Lankidetza da hortaz idazketa elebidunaren ezaugarri nagusi bat.
Lankidetza hori aldiberekoa izan daiteke, hala nola korredakzioan, edota kronologikoki antolatua (euskaratze tutorizatua edo itzulpen gainbegiratua). Nolanahi ere, idazketa elebiduneko teknika guztietan ez dago idazkiaren erantzule bakarra. Aitzitik, bi hizkuntzetako egileak dira ( bi legelari edo legelaria eta hizkuntzalaria) arduradunak eta ados jarri behar dira testuaren helburu, plan, aurkezpen, estilo, terminologia, tonu eta gainerakoetan.
Categorías : elebitasuna | Euskara |
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

