Euskaldundu, erredios!
egorospe 2009-10-22 @ 14:32
Gaur jakin dugu EAEko Auzitegi Nagusiak hamar urtean 800 funtzionario euskalduntzeko asmoa duela; hau da: 3tik 1. Uste dut euskalduntze hori euskaraz jakitean edo euskara ikastean oinarritzen dela. Beste era batera esanda: administrazioak ezarrita dituen hizkuntza profilen bat lortzean. Ez dakit zenbat duen euskaldun bihurtzetik horrek. Haserrea eragin du. Arin baten atera da Jaurlaritza esanaz Gobernuak dekretua aterako duela Administrazioa guztiz euskalduntzeko. Enegarrengo dekretua, bestalde.
Justiziako Administrazioak baino lehen EAEko administrazio orokorrak ere jorratu du bide hori. Emaitza: ehunka profil lortuta, baita goi mailakoenak ere ( 3 eta 4). Erabilera erreala, benetakoa?: oso eskasa. Eta nik neure buruari: zergatik matraka hori Auzitegiak hartutako erabakiarekin? Zertarako behar dugu Justizia euskalduntzea? Ez irririk egin, eta oldoztu. Zein de helburua?
Nik ez dut dudarik: ikaragarri aurrera egingo genuke, ez denek euskaraz ikasiz, baizik eta 10etik 3k erabiliz, nahiz gainerako zazpiek berba bat ere ez jakin euskaraz. Aaaaaamigo, hitz horiek latzak eta potoloak dituk! Hemen kontua denak euskarazko klaseetara bidaltzea omen da, euren titulutxoak atera eta oposizio, lehiaketa eta lekualdaketetan aurkeztu. Itxurakeria. Hipokresia ere bai, behar bada? Gutxirekin konformatzen gara.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Justizia Administrazioak Administrazio Orokorren esperientziatik ikasi beharko luke, eta ez hark egindako okerrak errepikatu.
Aspertuta gaude entzuten, halako batean, ez-dakit-zenbatgarren plangintzaldiaren balorazioan, izugarri aurreratu dela ezagutzan, baina, harrigarriro, erabilerak ez duela behar besteko saltorik egin. Nobedade gisa saltzen den hori oso lelo zaharra da. Lehenengo plangintzaldiaren ebaluazioa egin zenean (orain laugarrenean gaude), adibidez, honakoa jaso zen:
"Euskararen erabilera bermatzea. Lehenengo plangintzaldian langile
publikoen euskalduntzean egin dira ahaleginik handienak, horregatik,
langile publikoek dagozkien hizkuntz eskakizunak egiazta ditzaten
eman dira ahalegin horiek.
Hori guztia dela eta, inbertsiorik handiena euskalduntze- eta alfabetatze-
prozesuetan baliabide ekonomiko nahiz pertsonalak ezartzen
eman da, langile publikoak kalitate hobeagoko zerbitzu bat eskaintzeko
gauza izan daitezen.
Datorren plangintzaldian herri-administrazioei euskararen erabilera
areagotzea dagokie." (Jokin Azkue - Euskararen erabileraren normalkuntza prozesuaren ebaluazioa Euskal Herri administrazioetan BAT aldizkaria, 1995)
Eta hamalau urte pasa dira...
Nik ez dakit langileak eskolara bidaltzea alferrik den ala ez. Baina argi dago ez dela nahikoa. Ez Administrazio Orokorrean, ez Justizia Administrazioan, ez inon. Horregatik, euskalduntze hutsari begira jarduten badu Jaurlaritzak, kale egingo du berriz ere. Erabilera programak, protokoloak, arauak... ezartzea behar-beharrezkoa du. Eskarmentuak zerbaiterako balioko ahal du!
Errealitatearen argazki batzuk:
1. Erdaldun askok erdeinuz tratatzen ditu elebidunak eta euskara. Jaurlaritzan bertan, sail, atal eta zerbitzu jakinekin borrokan aritu behar izaten da beti, euskara bigarren mailara bidal ez dezaten edo aintzat har dezaten behintzat. Arduradun politikoen jarrera pasiboa lagun, noski, eta ez da sozialistekin sortutako zerbait, portzierto.
2. Elebidun askok ez du zirkinik ere egiten euskara pixka bat erabiltzeko. Erosoago bizi gara erdaraz.
3. Elebidun asko euskararekin gogoratzen da aurkari politikoari matraka emateko soilik. Adibideak nonahi. Horrek ez dio bada euskararen normalizazioari mesede handirik egiten.
4. Jaurlaritzan, Herri-Administrazio guztien eredu izan behar lukeen palazioan, Euskara Normalizatzeko 4. plangintzaldian sartuta gaudelarik, oraindik badira normalizazio planaz ezer jakin nahi ez duten sailak, eta beste guztiek lehenengoz ekin diote normalizazio plana egiteari... Laugarrenean, aidanez!
5. Eta abarrak beste edonorentzat...
Kontu hauekin alderdi on bat ikusten dut, eta ez da gutxi. Duela urte batzuk, ez gehiegi, honen gainean eztabaidatzen hasten ginenean, aldamenetatik beti azaltzen zen baten bat Administrazioaren jarrera zuritzen eta defendatzen, "Hara zenbat aurreratu dugun, eta oso denbora gutxian" edo antzerako esaldiak erabiliz. Orain berriz, agerian dago markatutako bidetik aldendu ezean ezinezkoa izango dela herri hau euskalduntzea, euskara inoiz ez baita izango herriko hizkuntza naturala, eta betiko bigarren maila geldituko baita.
Politikoei ez zaie interesatzen oraingo egoera aldatzea, egun ere atzo bezala eroso agintzen dute eta eroso bizi dira, euskara ezagutu ez arren.
Hartutako bideak ez gaitu eramango batzuek nahi dugun lekura, eta hori gero eta ageriago dagoenez, errealitate hori onartzea da lehenengo baldintza beste bide bat has dezagun.