Hurren urratsa
egorospe 2009-10-19 @ 15:07
Urratsak eman, marjinalitateari bizkarra eman eta prestigioa irabazi. 30 urte inguru igaro dira euskara euskal administrazioan halan holan txertatu zenetik. Nahikoa denbora geldiune sakon batera, eta hausnarketari ekiteko. Nori dagokio zeregin hori? Ofiziokooi edo gure arloetan ardurak dituztenei? Nik ez dut dudarik egiten: guri. Kargu politikoek eta arduradunek izan dute sobera denbora eta aukera orain arte. Asko edo gutxi, ondo edo txarto jardun duten, nork bere iritzia izango du.
Hutsunerik nabarmenena, nire ustez, geurea izan da. Eta da, oraindik orain. Pentsatu izan dugu -eta hala dihardute askotxok- gure aje eta gabezien irtenbideak besteen –goikoen- esku zeudela. Inozentzia –are, zabarkeria- deituko nioke nik horri. Errua inoren lepoan beti. Norbere adurak arintzeko modurik infantilena.
Gure lehenaz, orainaz eta geroaz erdaldunak ari dira ebazten. Horren adibiderik argiena Administrazio Orokorreko analisi funtzionalena da. Erdaldun hutsek landu dituzte analisiok, baita euskal esparrukoak ere, alegia, itzultzaileei, normalizatzaileei eta gainerako euskal teknikariei dagozkienak. Eta hala, arrotzok atera duten ondoriorik agerienetarikoa izan da gu denok antzekoak garela, “de la cosa”koak, nahiz Martini izendapen horrek cosa nostra gogoratzen dion, euskara baino gehiago.
Guk gehiegi erreparatzen diogu geure zilborrari, norberenari (pertsonalari) edo geure txokokoari. Kafeko kontakatiluez edo noizean behingo hitz-aspertuez gain, inoiz gutxitan hartzen dugu afera hau bere osotasunean. Marjinalak gara –hala deritzot nik-, hortik ateratzea gure eginkizunik behinena. Geure esku baino ez dago. Horrek, kexez eta erreibidinkazioez gain, beste zerbait ere eskatzen digu gutariko bakoitzari: inplikazioa eta ekarpenak. Horra hor alderik pisuena.
Egoeraren diagnosi zehatza egin beharko genuke. Arlo bakoitzaren (itzultzaile, normalizatzaile, euskara teknikari, teknikari euskaldunak, …) hausnarketa eta azterketa zehatza eskatzen du horrek; eskatzen duen moduan arlo/profesio bakoitzak hartu behar duela ekimena, inoren zain geratu gabe. Hurrengo urratsa euskara lan-tresna duten arlo/profesioen arteko topaketak beharko luke izan. Eta amaitzeko, hortik ateratzen diren ondorioekin nola jokatau erabaki.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

