Denok gara marjinalak
egorospe 2009-10-08 @ 14:18
Oso umetatik dakit boteretsuek euren indarra menpekoak sakabanatzeko erabiltzen dutela. Hori omen da modurik egokiena indar erlazioari (goi/behe) betiko eran eusteko. Nago ni euskararen arloan ere horrelako zeozer bizi ote dugun. Ezein gogoetaren aurretik, zera argitu behar da: euskara hizkuntza marjinala gure herrian, eta berdin euskararekin lan egiten dutenak ere (itzultzaile, normalizatzaile, euskara teknikari,..). Hortaz, gu denok menpekoak gara, eta goikoak trikimailu guztiak erabiliko ditu bakoitza geure aldetik eta mokoka ibil gaitezen. Azalduko naiz.
Ni itzultzailea naiz. Euskara dut lan-tresna; eta nire eginkizuna da EAEko administrazioak sortzen dituen testuak –denak gaztelaniaz- euskaraz jartzea. Dena ondo, ezta!? Ala ez? Administrazioak testuak euskaraz ere jarriz garbitzen du bere aurpegia, nahiz eta denok dakigun testu euskaratuon balioa, praktikan, hutsaren parekoa dela, alegia, jatorrizkoaren eta itzulpenaren artean denok hartzen dugula lehenengoa. Zer gara gu? Prestigio gutxiko profesio bateko langileak. Normalean eragozpen eta traba baino egiten ez duten profesionalak, euskaraz jarri behar horrek ernegatu egiten baititu agintariak.
Badira beste batzuk normalizatzaileak direnak. Horiek ere euskara lan-tresna dute. Izango da lanbide hori nik baino hobeto ezagutzen duenik. Bai horixe!! Laburbilduta esan daiteke euren zeregina honakoa dela: Administrazioan euskararen erabilera normala izan dadila, alegia, euskaraz dakienak euskaraz egin dezala eta, bere burua kapaz ikusten badu, testuak euskaraz sor ditzala. Zerekin egiten dute topo, ordea? Funtzionariorik gehienen helburu behinena hizkuntza perfila lortzea izan dela (eta dela), eta hortik aurrera hor konpon Maria Anton. Agintariek eurek ere ez dute arazorik gura euskararekin. Zer dira orduan? Eragozpen, traba eta arazo.
Gero badira euskararen teknikariak. Egia esan, ez dakit zertaz ari diren, ez eta normalitzaileei buruz esandakoa euskara teknikariei buruz esan behar nuen ere. Dakidana da –eta horretan ez dut zalantzarik- besteen gainean adierazitakoa, eurei buruz ere adieraz daitekeela.
Eta guk guztiok, batzuek eta besteek, zer egiten dugu? Gogoratu al dizuet kantarena. “zenbat gera, lau, bat, (….) zer egiten degu, (….) elkar hil”. 2009an, eskarmentuagatik ez bada ere, lezio hori ondo ikasita beharko genuke. Baina ez. Ba beno, has gaitezen berriro. Ea, lehenengo irakaspena: denok gara marjinalak, baita arlo hauek kudeatzeko ardura duten zuzendariorde, zuzendari, sailburuorde eta sailburua ere. Eta hortik aurrerakoak, hurrengokoetan.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Udaminean artikulu interesgarria plazaratu zuen Pako Sudupek Berria egunkarian, horko kontu batzuk astinduz. Honelaxe bakatu zuen testua: "Eskertuko nituzke kritikak eta ñabardurak".
Ez bata ez bestea ez ziren etorri, ordea. Abuztuaren 13ko bazkalondoa ez delako, agian, eztabaidarako unerik aproposena. Edo denok oso eroso bizi garelako, itzuli eta itzuli, gure lanaren zentzuaz gogoetatzeari muzin eginez. Niretzat ere larria da, bai Pakok bai Eusebiok aipatzen dituzten puntuen gaineko eztabaida falta. Hor aipatzen diren tribuez gainera, beste jende asko dago –edo egon behar luke– kontuan interesatua. Bestela, kuestio endogamikoa ematen du, euskararekin halako lotura profesionala dugunon arazo laborala. Eta beharbada hori izan daiteke aztertzeko puntu nagusienetako bat: itzultzaile, normalizatzaile eta euskara-teknikariez gain, nor dago benetan interesatua euskarari behar duen prestigio eta funtzionaltasuna ematean? Bitartean, marjinalak izaten jarraituko dugu, edo, Suduperen esanetan, gizajo-gajoak batzuk.