HITZA HARTU / TE TOCA
martinrezola 2009-09-23 @ 14:04
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak abiarazitako kanpaina.
(Suabe-suabe, ausardiarik gabe, ez goaz inora.)
“Hartu hitza”, noiz?, non?, norekin? Kanpainak zehaztasun askorik ematen ez duenez (bai “Aisian”, “Kalean” irakurri dut kartel batzuetan), euskararen noranahikotasuna bultzatu nahi duela ulertzen dut nik: edonon eta edonorekin.
Benetan bermatzen al dituzte kanpaina bultzatzen duten erakundeek beren etxetik bertatik hasita euskaraz hitza hartu daitekeela, “suabe-suabe”? Benetan har liteke hitza euskaraz Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren mendeko zerbitzuetan? Argi dago parte handi batez ezetz. Txagorritxu ospitalean, Ertzaintzaren komisarian, Gasteizko gizarte-etxeetan, Jaurlaritzaren egoitzako atean bertan, euskaraz hitza hartzera animatu nahi gaituzte? Zoritxarrez, esperientziaz dakit toki horietan ia gehienetan euskarazko hitzak kale egiten duela, eta ez zaio bati gogo askorik gelditzen hurrengo batean berriz ere proba egiteko. Euskaltzaleak bai, masokak ez.
Alabaina… tira, eman dezagun baietz, aukera hori eduki badugula eta ez dugula behar bezala probesten. Onar dezagun, zabar xamarrak gara eta aukera dugunean ere ez dugu euskaraz jardun nahi izaten; animatu egin behar da jendea hitza hartzera, mingaina dantzatzera…, euskara jalgi hadi Virgen Blanca plazara!
Hori sinesgarria izan dadin, ordea, nire ustez funtsezko elementua falta da: identifikazioa. Gizabanano euskaldun ipar-orratza galdutakoak ez du euskaraz egiten Gasteizen –oro har, ohorezko salbuespenak salbuespen–, baldin eta ez badaki aurrean duen hiztuna euskalduna dela. Heldu diezaiogun, adibidez, denda, saltoki, taberna eta denok gertu-gertu dugun mundutxo horri. Nire hitzaren hartzailea euskalduna dela ziurtatu gabe, alferrik da –eta frustaziorako bidea– pausu hori ematera inor animatzea. Horregatik, beharrezkoa da, kanpaina koloretsuak egiten direnean, neurri praktiko eta eraginkorrak ipintzea. Neurri ausartak. Kasu honetan garbi dago: Gasteizko udalak kanpaina bat bultzatu behar luke borondatez hala nahi duten dendari, tabernari… euskaldunen artean, toki horretan bezeroak hitza euskaraz hartzeko aukera duela jakinarazteko (mahai-gaineko, txartel, pinen bitartez…). Eta Udalak ez badaki nondik hasi, nik emango nioke zerrenda luze bat. Bestela, alferrik da, engainua, hipokrisia, betikoa… Zer esan nahi luke, bestela, “Te toca” horrek ¿Te toca las narices? ¿Que si te toca alguien que sepa euskera, bien, y si no me toca, pues te jodes?...”
Post Scriptum: nahita ez dut aipatu Erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak arautzen dituen Dekretu famatua, merkataritza-gune handien eremua helburu zuena. Zurrumurruek dioten moduan bertan behera uzten bada, orduan galdetu beharko dugu ea nola posible den “Hartu hitza” esaten diguten arduradun politiko berberek hitz hori bera ukatzea Carrefourren edo Corte Inglés bezalako saltoki handietan.
Categorías : Euskara |
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Bat nator Martinen ekarpenarekin oro har. Arazoa ez da kanpainaren egokitasun maila: egokia bada, erakargarria ere bai... baina biguna ere bai, lotsati samarra. Inori "enbarazurik" egin nahi ez diona. EAEko instituzio publikoen ohiko produktua, bestalde.
Hala ere, gabezia nagusia ez da kanpainarena berarena. Gabeziarik handiena oinarri sendo edo babes faltarena da.
Gaur egun, Euskal Herriko hiri handietan eta beste herri askotan ere, ezezagunari euskaraz egitea sarerik gabe salto egitea bezalakoxea da, arriskutsua, eta sarri desatsegina.
Era guztietako erantzunak jaso ditzake lehen hitza euskaraz ematen duenak, edukaziorik handienarekin mintzatu bada ere.
Bada gizartearen parte bat, batere txikia ez dena portzierto, oso modu garratz eta oldarkorrean erantzuten diona euskaraz doakionari. Euskal Gizartearen esparru horrek zenbait hedabide eta eragile politikoren urte askotako azpìlanari erantzuten dio, fidel eta arrazoi guztia duela ustez gainera.
Hor dago koxka eta lehentasuna.
Euskararen erabilera gogo txarrez hartzen duten horiengan eragitea da premiazkoa, Laura Garridorenetik hasita adibidez, eta Jaurlaritzako zenbait kargu eta langilerekin jarraituz beharbada.
Euskaraz jardun nahi duen herritarrak kaskoa jantzi gabe aritzeko aukera izan dezan, kezkatu gabe eta bitan pentsatzeko ariketa egin barik, hitza hartzeko aukera egin dezan patxadaz. Orduan bai.
Orduantxe "te toca", orduantxe herritarron txanda.
Ahaztu zait bideoa jartzea. Eta nik beharrezko ikusten dudan ekimenaren adibide bat.
Beharrezkoak diren horietako beste adibide bat ikusi dut orain gutxi Algortan, bertako metro plazan.
Kartel bat zegoen, ggb horrela zioena: Hemengo tabernariok euskaraz badakigu. Dena den, gutako baten bat trakets moldatzen da, mesedez pazientzia izan.
Bai ba. Hori bezain xinple, zuzen eta duin. Txalo.