Etxean uso (Aingeru Epaltza Argia astekarian)
Etxean uso
"Etxean otso eta kanpoan uso denari gaitz iritzi dio euskal tradizioak. Etxean uso izan behar baita. Otso, berriz, inorekin izatekotan, kanpokoekin hobe. Horra, nonbait, gizalegea gurean.
Ez gara bakarrak, bistan dena. “Con la patria, como con la madre, con razón o sin ella” aldarrikatu izan dute espainolek, zenbait konturen ukiezintasuna azpimarratzeko tenorean. Ez dakit norainoko kontsolagarria den, hala ere, toki guztietan zakurrak oinutsik ibiltzen direla jakitea.
Etxean uso dugu euskal kultura. Usotasuna du ezaugarri. Otsotasuna, lege zaharrera. Bertzeekin. Ulergarria da, neurri batean. Ulergarria, ez bakarrik giza talde guztiek etxeko sua etxeko hautsekin itzaltzeko duten berezko joeragatik. Guti gara, guztiak elkarren artean ezagun(egi)ak eta, gainera, baliteke stand berean suertatzea Durangoko hurrengo azokan. Ez dira horiek elkarrekin muturka ibiltzeko baldintzarik hoberenak.
Horri, gure egoeraren pertzepzioa gehitu behar. Setioan bizi gara. Inguraturik gauzkate etsai gogorrek. Edo –gauza bera dena– horren irudipena aski zabaldua da gure artean. Egunero irakurtzen edo aditzen ditugu kanpoko izterbegien aitzinean “batasunerako” eta “denok bat egiteko” deiak. Ez da aise arrastotik ateratzea. Nork ez du haurridearen arnasa sumatu nahi, elkarrekin besoz beso ibiltzean?
“Lehenagoko bertsolariak zirika aritzen ziren entzulearekin. Oraingoak, musuka”. Halakoa ez bazen halatsuko arrazoia aditu genion duela zenbait urte Atxagari. Halakoxea, orokorrean, euskal kultura ere. Salbuespenak salbuespen, musuka entzuleari, musuka irakurleari. Batez ere entzule eta irakurle mota jakin bati.
Kritiko izan beharra aipatzen dugu maiz kultur adierazpideez ari garelarik. Zorrotz izan beharra. Egiazki, hitz horiek kanpokoekin eta kanpokoez aritzean baizik ez ditugu egiazki gauzatzen. Barnerako, errana da, usotasuna dugu gure horren ezaugarri nagusietarik. Usotasuna, etxeko batzuendako bereziki. Edo horiekin baizik ez.
Paradigmatikoa da, alde horretatik, euskarazko hedabideen jarrera. Euskal prentsa idatziarena, bereziki. Kanpokoei hortzak erakusten dizkie, otso itxuran. Kanpokoek, alabaina, ez dute irakurtzen. Badu antzerkitik zerbait, beraz, haren matxino eta errebel plantak. Etxe barnean otzana baita oso. Mintzeko beldurra du. Batez ere batzuk mintzeko beldurra.
Euskal prentsak ez du gure aferen gaineko eztabaidarik pizten. Eta eztabaida abiarazia dagoenean, isilarazteko tresna bilakatzen da maiz, badaezpada ere. Euskal prentsa irakurrita, oasi bare bat irudituko zaio irakurleari euskal kultura eta euskararen mundua. Korrikan presoen argazkiak ateratzeagatik etsaiak eta erdaldunak baizik ez dira mintzen. Ikastolen mugimenduan ez dago barne krisirik.
Gurea ez da oasi barea, alabaina. Gureaz ikusmolde ezberdinak daude. Zenbaitetan, bateraezinak. Eztabaidak, izan, izaten dira, hortaz. Ez, ordea, bere eremu naturalean, erdal prentsan baizik. Mundu errealean, erranen nuke, krudelegia ez balitz.
Ez dakit ohartzen garen. Etxean edo etxeko batzuekin hain uso izatearen poderioz, are gehiago txipitzen ari gara gure prentsa berez txipia."
Aingeru Epaltza

Zabaldu
del.icio.us
Bai eta ez.
Arrazoi du Aingeru Epaltzak, adibidez, euskal prentsan "kanpoko" etsaiari hortzak erakusteko antzerki bat dagoela dioenean (ikusi besterik ez dago Berria-ko gutun-saila, konbentzituak konbentzitzeko maskarada). Eta aipatzen dituen bi adibideetan ezin egon naiteke konformeago berarekin. Baina uste dut zehaztu beharra dagoela zertxobait, alegia, normala eta ulergarria ere bada, zenbaitetan, taldearen babesa eta hatsa sentitzeko beharra izatea, gure "anormalidadearen" barruan, inongo babes instituzional, politiko edo intelektualik gabe, erabat umezurtz sentitzen garen unetan. Ahulegiak gara eta nik ondo ikusten dut desberdinen arteko elkarlana bilatzea, serioski eta zintzoki egiten bada. Zergatik ez?
Euskal prentsarena alde batera utzita, gainera, niri ez zait iruditzen oro har euskal kulturan "usotasuna" bizi dugunik; ez dut uste azken 25 urteotan Administrazioa eta euskalgintza pribatua, esaterako, "musuka" ibili direnik, gehiago esango nuke muturka ibili direla. Jaurlaritzak euskalgintzaren eremu bat "sektariotzat" jotzen duenean ez daki nik ze musu-klase den hori, eta euskararen inguruko herri-erakunde batzuek lan instituzionala etengabe deslegitimatzeko tema ere ez nuke nik oso usotiarra denik esango.
Martin | 2009-09-07 - 10:54:25 GMT 1 #
Euskararen inguruko eragileen artean zatiketa eta ezinikusiak nabariak direla iruditzen zait. Euskarari dagokionez, ezker abertzalearen ingurukoak izan dira, azken 30 urteetan bederen, arreta gehien eta ekimen gehien bultzatu dituzten eragileak, baina horrekin batera, ezker abertzalea mugimendu horiek zurrun kontrolatzen ahalegindu da.
Eskuineko abertzaletasunak euskara folklorearen eremuan kokatu du oro har, salbuespenak badiren arren, eta ez dio arretarik jarri, ezker abertzalearen eskutik hartzen ari zen indarraz jabetu arte. Orduan hasi da dirua eta instituzioen ahalemenak erabiliz, euskalgintzan eragiten saiatzen, eta enfrentamentu latza piztu da batzuen eta besteen artean. Ikastoletan oraintsu gertatutakoa oso adibide ona da.
Batzuen utzikeria negargarriaren eta besteen kontrolzaletasun bortitzaren eraginez, blokeatuta eta noraezean ikusten da euskalgintza. Erabat geldotuta euskararen normalizazio prozesua.
Orain gainera, orain artean hain "euskaltzaletasun handia" erakutsi duten PSE eta PPren eskuetan administrazioa...
Euskaldunok ez dugu etsaien beharrik. Usotasuna? Non baina?
Maxi | 2009-09-17 - 13:01:23 GMT 1 #