Proba ezazu!
KARELETIK
Proba ezazu
Ana Urkizak DEIA egunkarian argitaratua
LARUNBATEAN, mandatuak egiten nenbilela, aspaldian egon gabeko arrandegi batean sartu ginen alaba eta biok. Txanda hartu eta zain geundela, kristalean jarrita zeukaten orri batean konturatu zen alaba. "Ama begira!" esan zidan. Plastifikatuta eta txukun prestatuta zegoen orriak zera zioen: "Proba ezazu euskaraz egiten" eta, ondotik, arrandegiko arrain guztien izenak zetozen, gaztelaniaz eta euskaraz, hiztegi moduko bat osatuz.
Hara!, pentsatu nuen, erdalduna zen gune bat euskalduntzeko lana egin dute hemen. Arrandegia gainezka zegoen. Lau pertsona ari ziren mostradoreaz bestaldean lanean eta hamabi bat bezero zain. Txanda heldu zitzaidanean, "kilo t´erdiko legatza" eskatu nuen. Zerbitzariak aurpegira begiratu zidan; legatz bat hartu, pisuan jarri eta "un kilo 700", irakurri zidan, "¿le va bien?". Argi zegoen "legatza" zer zen bazekiela baina "kilo t´erdia" ezetz. Hala ere, baietz erantzun nion. "Cómo se lo preparo?" galdetu zidan urrena. "Garbitu eta osorik" erantzun nik. Emakumearen aurpegia, ordurako, gorriren gorri zegoen. Eta arrandegian ez zen arima bat entzuten. Inor mugituko ez balitz bezala zen.
¿Entera, Sra.? galdetu zidan berriz. "Bai", nik. Alaba urduritu egin zen. Argi baitzegoen tentsioa sortarazi genuela arrandegian. Eta gainontzeko guztiak zera pentsa-tzen ari zirela: "noraino hel daitezke, bakoitza bere hizkuntzan, batak bestearena egiteko gogorik, ezagutzarik edo ahaleginik egiten ez badute?". "¿Le quito los dientes, Sra.?". Ez, eskerrik asko. "¿Algo más?". Ez, mila esker. Eta alabari keinua egin nion: "ea nola agurtzen gaituen". Plastikoan sartutako arraina eskura eman zidanean, "mila esker" esanez agurtu nuen. "Gracias", berak erantzun. Eta kristaleko "proba ezazu euskaraz egiten" kartelari azken begiratua emanez kanporatu ginen. Alaba, lotsa-lotsa. Nik, proba egin nuen bakarrik.

Zabaldu
del.icio.us
Euskaraz hankatxoa erakutsi nahi izateagatik!
Euskaldunak sumisoa behar du, eta ez euskara inori inposatzen ibili, Idoia Mendiak berriki esan bezala, "talibanarenak" eginez.
Edukazioz jokatu behar dugu euskaldunok, eta inguruan erdaldun bat egon daitekeela somatu orduko, erdarara egin jauzi, euretako askok aurpegiratuko dizu bestela baztertzen ari zarela, edo Espainian gaudela, adibidez.
Aintzat hartu behar da, era berean, euskara oso hizkuntza zaila dela (Isabel Celáak -ere- esana), hortaz, ezin dakioke pertsona arruntari euskara ikas dezan eskatu. Sarri saiatu diren arren, hor dituzu Lopez, Anasagasti, Ares, Azcuna..., esandakoaren adibide. Ikastekotan txiki-txikitan egin beharra dago, eta hori ere, gurasoek hala erabakitzen badute, noski.
Gaztelania, besterik da.
Sagarra-mantzana, ikatza-karbon...
Liberto Linguae | 2009-06-16 - 13:23:16 GMT 1 #
Gasteizko Corte Inglés-eko arraindegian jende pila ibiltzen da beti. Txartel guztiak erdaraz daude, noski. Baina nik badakit mostradorearen bestalden dagoen mutila euskalduna dena, eta euskaraz egiten diot beti. Susmoa daukat, ordea, informazio hori duen bakarra naizela. Egunen batean esango diot, lupiak edo legatzak bezala, berak ere txartela behar duela paparrean erosleok ere jakin dezagun euskaraz egin dezakegula berarekin.
Problema hori dugu askotan Arabako hiriburuan, identifikazio-ezarena. Eta ez da asko kostatzen. Baina hori koherentziaz egin behar, Ana Urkizari gertatu zitzaiona ez gertatzeko. Seguru nago batek baino gehiagok pentsatzen duela nahikoa eta sobera egin dutela hor plastifikatutako orri hori euskaraz ere jartzearekin. Mezu okerra transmitituz, baina, eta horretarako hobe gaztelaniaz bakarrik uztea.
Muxumartin | 2009-06-17 - 10:35:33 GMT 1 #
Horretan datza urteotan garatu den/ dugun hizkuntz politikaren ahuleziarik bistakoenetakoa.
Izan ere, asmagintzan eta misiolaritzarik negargarrienean ibili behar izaten du euskaraz bizi nahi duen gizaki gaixoak. "kamiseta hori... belarritako xumea... lauburua... tratu zakarra... euskalduna, fijo!" eta dzanga, euskaratara. Gero, gerokoak.
Gure instituzio txit abertzale gehien-gehienak (sozialisten ustez euskara bahitu duten horiek) ez dira gauza izan euskaldunen hizkuntz praktikarik xumeenetarako baldintzarik oinarrizkoenak ere sortzen.
Praktikan, abertzale askorentzako euskaraz jarduteak ikuilu usaina duelako, espainolista askorentzako terrorismo usaina duen bezala.
Eta halaxe bizi gara, ergeletan murgilduta.
Zorte "pixka" batekin sozialistek eurek "bahituko" dute euskara zein umezurtz dagoen konturatzen direnean, eta beharbada horrelaxe gure ibilerak ez dira hain baragarriak izango etorkizunean.
Indalecio Arana | 2009-06-17 - 14:29:09 GMT 1 #
PSE eta PP ez dira ba(t) etorri hizkuntza bioi berdintasunezko tratua ematera?
Gora bihotzak!
Euskaldunon penak bukatu dira!
Nykolan Franko | 2009-06-18 - 12:19:26 GMT 1 #
Guri, euskaldunei ia-ia soilik gertatzen zaigu gure herrian irautea eta gure hizkuntzan berba egitea ezinezkoa izatea.
Eta okerrena etortzear dago... aldapa beheruntz joaten garelako... bide honetatik, agian populazio kopuru handi batek lortuko du euskara ingelesa izango balitz bezala ulertzea... Baina galtzen ari garena euskaldun kontzientzia da...
Ea noiz datorren oraingo egoerari buelta emateko... Talibantzat hartzen bagintuzten ere
TxeGebara | 2009-06-19 - 20:29:58 GMT 1 #
Ana Urkizari gertatutakoak gogora ekarri dit niri lantokian gertatutako pasadizoa. Hona hemen:
Euskaldunak atzemateko makina
ander | 2009-06-24 - 13:09:03 GMT 1 #
Kolonoak antzemateko makina asmatu behar genuke bidenabar. Gure osasunagatik.
Atzo bertan BBVAren bulego batean sartu naiz, Nafarroako erreserba ustez vascófonoko herri mardul batean.
Erreserban izanik, "egun on" eta "kontsulta bat egin nahi nuke" esan diot, adeitsu, harrera (nolabait esatearren)egin didan emakumeari.
Bere erantzuna: ¡castellano!
...
Zaplastadaka edo biraoka hastea ere ez delarik errenta, muchas gracias y adios, esan diot castellanoz.
Adio betiko, BBVA...
Tturttur | 2009-06-26 - 10:07:38 GMT 1 #