Ramon Etxezarreta
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Ramon Etxezarreta, guztia eman beharra baitzagok aditzera. Aitortu behar diat higatik jakin nuela Urrestilla izeneko herri bat bazela, izan ere, nik ez nian "Keixeta" ezagutu. Herriaren izena entzunda, iruditzen zitzaidan Arabako hegoalde, Nafarroako Erribera edo hortik behera beharko zuela egon, hain egiten baizitzaidan arraroa. Gero jakin nian Azpeitia ondoan zegoela, eta hor bizi huan bat –euskaldun petoa bera- PSEkoa zela: Ramon Etxezarreta.
Sozialisten artean modu nabarmenean euskaltzale ere badirenak aurkitzea normala ere ez denez, hi horrela etiketatuta gelditu haiz “sozialista euskaltzalea”. Ze euskaldunak egon baituk familia horretan, baina euskaltzaleak (...), hik badakik “euskaltzale” izendapenak baduela plus bat. Agian horrexegatik aitortu dek hik heuk bitxo arraro bat haizela, eta aditzera eman dek zuen –sozialiston- eginkizun nagusia hizkuntza-politikan dela, izan ere, sozialistak euskaltzaleak ere izan daitezkeela erakustea. Ez dek ba lan makala!!
Nik, ostera, beti uste izan diat orain hire ardurapean dagoen Sailburuordetzaren zereginik funtsezkoena hizkuntza normalizatzea dela; eta ez sozialisten egoera soziolingusitikoa txukuntzea. Esan gura diat horrekin hire jardun-esparruak EAEko herritar guztioi eragingo digula. Aitortu behar diat, honezkero, herritar esan dudanean, “herritar euskaldunak edo euskaldundu nahi dutenak” esan nahi nuela.
Kontua dek Ramon orain euskara eta gaztelania –biak ala biak- pare parean jarri gura dituzuela, eta etxekiat ba nik, hori horrela bada, ez ote ditugun aldatu beharko Hizkuntza Politirako Sailbururodetzaren eginkizunak eurak ere. Diñoat hori ezen, orain arte Sailburuordetza hori euskal hizkuntzaz (niretzat euskara) arduratu izan dek; ez derrigorrez hala behar duelako, baizik eta euskara delako –orain arte hala uste genian- EAEko bi hizkuntza ofizialetan ahulen eta baztertuen dagoena. Orain maizegi entzuten diaguk gaztelaniak eta euskarak tratamendu bera behar dutela; eta niri segiduan zetorkidak emakumeen eta gizonen adibidea: zergatik egiten dituk emakumeen aldeko legeak eta politikak?, edo zergatik behartsuenen aldekoak? edo (….)?
Nire iritzia izan dek -batik bat hire ahotik entzun nianetik Baztarrikak (biok EEkide izateagatik edo) ikaragarri ondo egin zuela- ba bide horri ekingo zeniotela. Gertatzen dek, Etxezarreta, Osasun sailburu Bengoak esan duela Osakidetzak euskara eskatzeari ez diola jaramon gehiegirik egingo; eta jakina, horren aurrean Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ezer ez esatea ez deritzot bidezkoa. Beste batzuk ere ez. Hori –Administrazioan hizkuntza eskakizunak ezartzearena- hire zeregina dek zuzen-zuzenean. Orain artean ez dek hire iritzia agertu, eta nik gaizki zeritzoat.
Eta Administrazio Orokorrean? Beste horrenbeste? Ni Administrazioan euskara bultzatzen duen taldeko bateko kidea nauk. Tiraka zeukak izena, blog honek bezala. Seguruenik ez dek ezagutuko. Behar bada Baztarrikak zer edo zer aipatuko zian alde egin aurretik, izan ere, nahiko harreman izan diaguk azken urteotan. Eskutitz moduko hau, hala ere, neure izenean baino ez diat idazten, ez beste inorenean. Aurrekoan bildu gintuan talde horretako politburokoak eta iruditu zitzaiguan bahuala garaia hiri edo hire Sailburuordetzari gure berri emateko, era informalean bazen ere.
Nire ustea dek –susmoa besterik ez badok ere- gurekin baino buruhauste gehiago izango duala heure alderdikoekin eta gobernura iristeko zuei laguntza eskaini dizuen PPkoekin. Haatik, gu lanerako prest geudek. Gure ikuspegitik eta -langile legetxe- dagokigun lekutik arituko gaituk. Noiz txoloka, noiz kopeta ilunaz. Denetik egongo dek, seguruenik.
Hara, amaitzeko, Iñaki Martinez de Luna euskaltzaleak Argian sozialistez botatakoak ekarriko dizkiat hona: “Sozialistek euskalgintzaren alde egiten badute, babes edo itzal hori ez zaie lagungarria izango euskal zerbitzu/produktuei, kontsumoaren merkatuan kuota handiagoa lor dezaten? Batetik, euskal kidetasunaren eremu kulturala eta identitarioa abertzaletasunetik harantz hedatuko litzateke. Bestetik, kulturaren eta identitateen merkatuan lehiatzeko –batzuen begiradapean– oztopo den abertzaletasunaren estigma galduko luke euskal kulturak.”

Zabaldu
del.icio.us
Ai, ai, ai…, Gorospe. Urrestilla Nafarroako Erriberan? Cintruénigo, Murchante, Cabanillas y Urrestilla, ezta? Jaso genuen heziketaren ajeak izango dituk, akaso. Nik neuk ere, publikoki aitortu behar diat, lehenengo aldiz Bizkaiko “Dime” entzun nuenean, gaztelaniaz galdezka ari zitzaizkidala uste izan nian…
Erreparatu al diozue gure hizkuntza-politikan izandako buru-buruko kargudunen jatorriari? Nik gogoan dudanez, aspaldi handiko HPINeko buru Jose Mari Zeberio Ataungo semea zen, oraintsu arteko Patxi Baztarrika bezala; eta Patxi Gonenaga sailburuorde-ohia Azpeitikoa, oraingo Ramon Etxezarretaren auzo-auzokoa beraz. Ataundarren eta azpeitiarren esku utziko al du herri honek hizkuntza-politikaren gidaritza betiko? Ba al du jatorri horrek eraginik nik konpartitzen ez dudan kargudun horien soberako optimismoarekin? Ez dakit. Dena den, ez legoke batere gaizki hurrengo baterako Barakaldon, Gasteizen edo Salamankan jaiotako norbait ipintzea alor horretako buru.
Sozialistak euskaltzale ere badirela erakustea ez da lan makala, Gorospek dioenez. Baina, etiketak etiketa (Etxezarretak, hemendik aurrera, gehiago izan behar luke ustez denona den Jaurlaritzako hizkuntza-polititikaren gidaria, sozialista euskaltzale bat baino), sailburuorde berriak oso erreza du euskaltzale muturbeltzen konfidantza irabazteko pausuak ematea. Nahikoa du, horretarako, Osasun sailburu berriak egindako azken adierazpen horiei buruz bere iritzia (eta irizpidea) zein den argi uztea; edo, errazago, Mayor Orejak esandako barbaridadeei aurka egitea, eta, berriro diot, ez soilik sozialista euskaltzale moduan, Jaurlaritzako hizkuntza-politikaren arduradun moduan baino. Izan ere, ez da broma horrelakoak entzun behar izatea eta alboan babes instituzionalik ez izatea. Ez diot nik Cesar Vidalek edo beste edozein kazetari txorok bere pozoia jaurtitzen duten guztietan “defentsara” egon beharra dagoenik, baina aipatu kasuok merezi dutela uste dut.
Aurrerantzean izango dugu aukera Etxezarretaren jarduera txalotzeko edo kritikatzeko, ez naiz horretan sartuko. Denbora gutxi igaro da eta, bistan da, lurra hartu artean nahiko lan. Hemendikan emango dizkiogu pista batzuk, hori espero dut; eta emango dizkiogu, halaber, nahigabe mikatzak eta espero gabeko bultzadak, denetarako parada egongo da eta.
Esate baterako, eta adibide xume bat baino ez da, biziki eskertuko nuke nik Hizkuntza Politikaren aldetik norbaitek esatea Jaurlaritzako bozeramale berriari, mesedez, ez dezala erderaz botatako parrafada luze bati ondoren euskarazko laburpentxoa erantsi («…orain, laburbilduz, euskaraz esango dut erdaraz esandako berdin-berdina»). Hori oso mingarria da. Batek lerdotzat hartzen dutela sentitzen du. Ea horretan atzera egiten hasi garen edo…
Is Urrestilla a town? | 2009-06-01 - 10:00:46 GMT 1 #
Zori txarrez, aurreko jaurlaritzaren lan eskaxa, "lan eskerga" bilakatzeko bidean dago, sozialisten lehen urratsei erreparatuz gero.
Baxo urde | 2009-06-01 - 20:48:19 GMT 1 #