Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

BERDINTASUNA ZER DEN!

burunda 2009-04-21 @ 14:00

manos.jpgPozik nago. Ikasi dut azkenean berdintasuna zer den (gure artean,euskaldunon artean, hemen eta orain …)

Berdintasuna, berdin-tasuna da, hots, berdin-dio-tasuna, berdin-digu-tasuna.

Bortz axola guri, alegia.

Ardibidez:

E-postatik e-postara zabalduz doa, krisia bezala, Emakunderen azken kanpaina. Berdintasunaren aldeko kanpaina dena, edo hobe esanda, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldekoa. Zehazkiago ere esatea badago: gizon eta emakume erdaldunen arteko berdintasunaren aldeko kanpaina.

Izan ere, ia guztiz erdara hutsez doaz buletinok. Beharbada emakume euskaldunak berdinduta leudekeelako dagoeneko.

Hori baita Euskal Herriko berdinzaleon beste ezaugarrietako bat.

Naturzaleak, gehienetan gaztelania hutsez aritzen dira, natura baita euren ahaleginen helburu, ez hizkuntza (euskara esan nahi baita)…

Emakunde gehienetan gaztelania hutsez aritzen da, emakumeak (erdaldunak antza denez) baitira euren ahaleginen helburu, ez hizkuntza (euskara esan nahi da)…

Etorkinen aldeko taldeak ere, gehienetan gaztelania hutsez aritzen dira, hizkuntza (euskara) ez da eta euren ahaleginen helburu, …

Eta halaxe ibili ohi gara berdintasun eta duintasun bila jardun ohi dugun “taldeotakook”, batzuek besteei bizkarra emanda, gure berdintasun zatikoa eskuratu nahian, besteak bizi diren ere jakin barik, bost axola guri, berdindigutasunean.

 

Emma Cunde

Categorías : Berdintasuna |
Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(3) »

  1. Idoia — 2009-04-21 - 14:49:38 GMT 1

    Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko lanean, emakume eta gizon euskaldunak baztertzea ulertezina da. Emakundek tamalez ez du inoiz euskaldunekiko sentiberatasun apartekorik erakutsi, lehengo lepotik burua.

  2. Buztangorri — 2009-04-22 - 09:31:40 GMT 1

    Egia santua: genero-berdintasuna, nazio-eztabaidagunea, ekologismo militantea, euskara biziberritzeko itun berritu baterantz, karramarro autoktonoaren aldeko egitasmoa… bakoitza bere zoroak (barkatu, bere konpromisoak) bizi du.

    Eta predikatzaileok, gainera, erraza dugu gure misioaren garrantzia justifikatzea: «eske gurea transbertsala da…».

    Natura aipatu duzu. Ni lehengo larunbatean Aiurdin inguruan ibili nintzen, txorien kantuari buruzko irtenaldi/ikastaro batean. Asko gozatu nuen. Eta ikasi ere bai (uda-txirtaren, ttunttun arruntaren eta pirripioaren kantuak, besteak beste). Baina etxerako bidean aurreko parrafo horretako ideiak habia egin zuen nire gogoan, gogoratuz txorizaleetako batek hamar minutu lehenago botatako hitzak: «esto de divulgar el conocimiento de los pájaros y la importancia de protegerlos es fundamental para la sociedad; y no solo dirigido a estudiosos o profesionales del sector, sino más bien a todos los ciudadanos, para que sepan que en sus pueblos y montes tienen un precioso patrimonio que merece ser conocido y protegido bla-bla-bla…». Tipo honek –pentsatu nuen– euskaraz jakin behar dik ba; zer iruditzen ote zaio euskararen minorizazio-egoera eta erabilera eskasa? Ez al zaio ba ondare-galera penagarria iruditzen?

    Emakunderena nahiko eskandalagarria da, bai, erakunde publikoa den aldetik, eta erantzukizun alboraezina eduki beharko luke euskararekin ere bai, koherentea izan nahi badu.

    Bestela, beste berdintasun-zatietan mugitzen den jendearen artean, badugu, askotan geure burua ispiluan begiratzeko premia. Alegia, horrelakoetan euskara ia existitzen ez bada, neurri handi batean hor euskaldunik inplikatzen ez delako izaten da, edo egonez gero, guk geuk baztertzen dugulako euskararekiko leialtasuna beste helburu handiagoen amoreagatik. Bi adibide aipatuko nituzke –barkatu lumadunekiko tema–, esan nahi dudana azaltzeko:

    Donostia hiri txit euskaldunean bada “SEO-Donostia” izeneko talde bat, webgune zoragarria duena, ekintza bikainak bultzatzen dituena. Baina dena gaztelaniaz, nonbait.

    Vitoria mesetario erdaldunean ere antzeko taldea dago, “Arabako Natura Institutua”, webgune agian apalagoa duena, baina euskaraz beti errespetuz eta arretaz hartzen duena.

    Konparaketak trukoa du, noski, Arabako horretan apailatzaile oso pertsona euskaltzale eta sentiberatasun handikoa dagoelako. Bera gabe, seguru nago, oso bestelakoak izango ziratekeen kontuak.

  3. zazpi — 2009-04-22 - 15:00:04 GMT 1

    Ba hori, esandakoa: KON-PRO-MI-SO-A.

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>