Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Hizkuntza eta politika

egorospe 2009-04-07 @ 09:54

Erabilera ugariko hitza da politika Administrazioan: elikadura politika, zientzia politika, (…) eta, baita ere, hizkuntza politika. Gure herrian ere hizkuntzari egokitzen zaio beste ezeri baino hobeto politika. Ez omen dira nahastu behar bata eta bestea. Alferrik aholkuak. Elkarri itsatsita daude hemen, Katalunian, (...) eta Espainian bertan. Lehendik gutxi bagenuen, ia ziurtzat ematen den Jaurlaritza-aldaketarekin are gehiago izango dute elkarbizitza hizkuntzak eta politikak. Ezin askatu.

 Hizkuntza eskakizunak, hezkuntza ereduak, administrazioan sartzeko hizkuntza baldintzak eta ez dakit zer gehiago ukitu eta eraldatuko omen dituzte etortzear dauden Lakuako agintari berriek ¡Espainiarrak datoz! da orain guda-ohiua. Hain anker eta errukigabea izango ote da otsoa!? Ez dut uste. Hori guzti hori egiteko asmoa balute ere, zertan litzateke, benetan, ustezko triskantza linguistiko hori? Demagun hizkuntza eskakizunak malguagoak bihurtzen dituztela administrazioan sartzeko. Bi iradokizun, ezer baino:

1.- Orain arteko politikarekin lortutako emaitzak halamoduzkotzat jo ditugu, ez baita lortu administrazioa euskalduntzea;

 2.- Ondorioz, etxe honetan berriak diren agintariek erraza lukete. Alegia: prestatuta dituzten giza-baliabideekin zurrunagoak izan; eta sartzekoak direnekin malguagoak. Gaizki horrela? 

Joera errazegia izan ohi dugu arerioak bilatzeko. Horretan gaude oraingoan ere? Sozialistak eta PProak izango dira goi-agintariak aurrerantzean. EAEko gizartearen beste aldea. Bai, mugaz bestaldean dauden horiek, sarri -sarriegi-  nortzuk diren ere ez dakigun horiek. Eurek gutaz -euskaldunez- duten informazioa eta ustea are bihurriagoa eta urriagoa da: askoz gehiago ignoratzen gaituzte.

Badirudi gorpuztu egin dela orain arte mas mediarik indartsuenek (gehienak unionismoaren eskuetan) landu duten joera linguistiko eta ideologikoa. Diñot nik hori gizartearen zati handi baten eskaria ere badela. Izan ere, guk uste baino gehiago omen dira euskara euren hizkuntzatzat hartzen ez dutenak, aintzat ere hartzen ez dutenak, eta, hari horretatik, nahiko lan luke euskaren inguruan lortutako kontsentsuak egoera hori bideratzeko, bideratzerik badago.

Noraino iritsiko ote dira? Txakur zaunkariak nekez heldu” dio esaerak. Iritzi horretakoa naiz ni ere. Euskaldunon kalterako ere izango delakoan nago. Gehienok -nigandik hasita- urte luzetako lozorroan gaude, “gauzak badoaz” horretan bizi garenak, dena berezkoa bailitzan. Eta orain, egindako guztia ontzat emanda, datorrenari txarto irizten diogu.

Egur apur batek ez liguke kalterik egingo! Esnatzeko baliagarria litzateke; egoera errealaz jabetzeko suspergarria. Zaunka baletoz, piztu egingo ginateke. Badakite, ordea, guk baino hobeto jakin ere, piztiari lozorroan eutsi behar zaiola; alegia, lotan diren milaka eta milaka euskaldun iratzartzen badituzte, arazo larriak izango dituztela. Zer egingo dute? laster jakingo dugu.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>