Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

23/03/2009 GMT 1

Irrinchi bat enchun da

burunda @ 10:58

txistulari.jpgJELtzale talde batek kudeatutako bloga da arabatik.wordpress.com.

Oso noiz behinka baino ez da ikusten sarean, denen bistan eta edonork parte hartzeko moduan, talde politiko baten eztabaida fororik, ofiziala izan ala ez.

Hego Euskal Herrian, Eusko Alkartasunak ematen du aukera hori, ez beste inork.

Niri apustu ausarta eta aurrerakoia iruditzen zait. Sanoa.

Apustu hori egiten dutenek, arrisku handia hartzen dute, hala ere.

 

Euren gabeziak agerian uztekoa, alegia. Hori ere ona iruditzen zait bada. Izan ere, gabeziak agertu eta aitortzea da gabezia horiei konponbidea jartzeko modurik onena.

Bihoakie Arabatik-ekoei nire aitortza lehenik, egiten duten ekarpen aberatsa eta ausartarengatik. Hala ere, jarraian doakie kritika zorrotza ere, euskarari ematen (ez) dioten tratamendua dela eta. Oraintsuko adibide bat erabiliko dut horretarako.

Elegir el idioma izeneko iruzkina jarri zuen “Bituriek” joan den astean. Bertan sekulako egurra ematen zitzaien PP eta PSEtarrei, arrazoi osoz nire ustez, euskararekiko (euskaldunekiko) duten jarrera erasokorra dela eta. Iruzkinak 50 erantzun pasa eragin zituen; arrakasta bildu zuen, beraz. Tamalez, Biturien testua bera eta ia erantzun guztiak ere, gaztelania garbian idatzitakoak izan ziren. Marka da gero!

Ohiko jokabidea.

Zori txarrez oso ohikoa da jokabide hori. Ez JELtzaleen artean soilik; baita beste indar politiko eta sindikal euskaltzaleen artean ere. Itxurakeria maila da aldatzen den gauza bakarra, baina handia da guztietan. Oso.

Eta bada garaia hori ere agerian jarri eta salatzeko. Erakunde politiko eta sindikal euskaltzaleek ikur gisa baizik ez dute erabiltzen euskara sarri-sarri. Horrexek garamatza zulora gehiago, “el euskera en libertad-tarren” eraso lotsagabeek baino.

Fermin Muguruzaren aspaldiko aholkuari jarraiki,

ITXURAKERIARI STOP!

Erantzunak

Erantzunak(4) »

  1. Euskaraz egitea jarrera militantea da, konpromiso zehatz bat hartzen duenarena, justifikatu beharrekoa. Erdaraz egitea ez, erdaraz egitea "neutroa" da, naturala. Hori da askotan buruan dugun ideologia.

    Eta gezurra da. Hemen Newton-en legeez, aldaketa klimatikoaz edo abertzaletasunaz diskurtsoa gaztelaniaz ontzen eta zabaltzen duenak/dugunok gaztelania gizentzen du/dugu, azkartzen eta prestigiatzen, eta euskara zokoratzen eta ahultzen, inanizioz, hazkurri faltaz.

    Martin | 2009-03-23 - 12:21:02 GMT 1 #

  2. Nori axola dio blog jeltzale batek gaztelania baino ez badu erabiltzen bere eztabaidarako (…) euskararen alde modu hipokritan egiteko bada ere? Egia esan Burunda, zuk aipatutako post horretan (Elegir el idioma) esaten da, besteak beste, egunkaririk ezkertiar eta abertzaleenak ere (Gara) gaztelania erabiltzen duela gehienbat: eta horrek ere ez du erresumin gehiegirik sortzen.

    Zerk bereizten du Arabatik -edo Biturie bera- besteetatik? Alde batetik, egunero milaka sarrera eta astero ehunka iruzkin dituen bloga delako; eta bestetik, Biturie goitizenaren atzean, zuetariko gehientsuenok jakingo duzuen moduan, badagoelako izen-abizenak dituen norbait: NI NEU.

    Horrek beste gai baten aurrean jartzen gaitu. Zelan da posible Biturie (NI NEU) ustezko euskara-militante sutsua bere argumentuen sarean harrapatuta gelditzea? Horri erantzutea da hemen erantzun beharko litzatekeena, eta niri axola zaidana. Nik ez dut ezelango eragozpenik neure burua joko horretarako eskaintzeko. Elkar ezagutzen dugu, eta bide makiabelikoari eutsiz: helburua da balio duena.

    Nik baditut arrazoi batzuk. Ezer baino lehen: ez du merezi aitzakia justifikatzaileen bila aritzea. Baina (….) zerk eraman gaitu ni, Silveira bera, edo beste Tirakide batzuk euskarari buruzko kontuak egunkariren batean gaztelaniaz barreiatzera? Zenbatean erabili behar dugu gaztelania euskararen gaineko gaia jorratzeko? Euskaldunak euskarazko zirkuituetan baino ez du mugitu behar edo, Atxagak, Izagirrek, Irigoienek, Lertxundik eta gainerakoek euren lan literarioak gaztelaniaz ere ematen dituzten moduan askoz ere maila apalagoko endredatzaileok ez al genituzke bi hizkuntzak erabili behar gure xede eta gurarien berri emateko?

    egorospe | 2009-03-23 - 15:30:05 GMT 1 #

  3. Kontua ez da Bituriek edo Nineuk edo nork egin duen zer. Kontua da jokabide hori izurritea dela gure artean, JELtzaleetatik hasi eta Garazaleetan bukatu arteko ibilibide luze-oparoan.
    Euskarari buruz gaztelaniaz eztabaidatu beharra dago.
    Jakina. Egiten dena baino askoz gehiago.
    Euskaldunen zirkuituetatik haratago ere jardun beharra dago. Noski. Ahalik eta gehien.
    Atxagak-eta bezalaxe, bi hizkuntzak erabili behar ditugu geure xede eta gurarien berri emateko. Nola ez ba?
    Hortxe dago gakoa.
    Bi hizkuntzak.
    Euskara ere bai, alegia.

    Izan ere, 25 urte geroago Garak euskarari ematen dion tartea hutsaren hurrengoa da, baina Deiak are tarte txikiagoa eskaintzen dio.
    Gipuzkoan ez bada, alderdi abertzaleek euskara erritualetan eta batzar oso jakinetan baizik ez dute erabiltzen, diskurtso biribil eta hunkigarriak zabalduagatik ere.
    Sindikatu abertzaleek, manifestuetatik kanpora, oso gauza gutxi egiten dute euskaraz, promesa handiak egin arren.
    Beste arlo batera joaz, Euskal Herriko zenbait sukaldari elebidun munduko sukaldaririk onenen artean daude, baina ez eurek, ez gure instituzioek, ez dute abagunea baliatu sukaldaritza behar bezala euskaraz jorratzeko. "Alta cocina vasca" delakoa erdaraz saltzen da, ez kanpoan bakarrik, Euskal Herrian bertan ere bai.
    Euskarari buruz jardun beharra dago erdaraz... ere, baina noiz hasi behar dugu euskaraz egiten katatunbetatik kanpora?

    JJ | 2009-03-23 - 16:45:21 GMT 1 #

  4. egorospe-k dio:

    Nori axola dio blog jeltzale batek gaztelania baino ez badu erabiltzen bere eztabaidarako (…)?
    Niri batere ez. Errespetu osoa diot ekimen horri.

    (…) euskararen alde modu hipokritan egiteko bada ere?

    Orduan bai, axola dit. Euskararentzat jarrera hipokritak oso kaltegarriak dira, ezin dira "aldeko" izan.

    Baina (….) zerk eraman gaitu ni, Silveira bera, edo beste Tirakide batzuk euskarari buruzko kontuak egunkariren batean gaztelaniaz barreiatzera?

    JJk esan bezala, ezberdina da gaztelaniaz ere jardutea eta gaztelaniaz soilik jardutea.

    Zenbatean erabili behar dugu gaztelania euskararen gaineko gaia jorratzeko?

    Askotan. Niri oso lan beharrezkoa iruditzen zait.

    Azkenean jakin dugu non dagoen koxka, egorospe: HELBURUA. Eskertzekoa da, bai argi eta garbi hitz egitea, itzuli-mingururik gabe. Baina, nire iritzi apalean, formetan agertzen duzun argitasun hori nahaste-borrastea da ideien koherentziari dagokionez.

    Niri arrazoibide horrek ez dit deusetarako balio. HELBURUaren amoreagatik sinesgarritasuna galtzen du. Esperimentua zaharra da, bestalde, eta badakigu urte askotan ze fruitu eman duen. Eta sinesgarritasuna galtzen du oinarri-oinarrian kale egiten duelako, sinpleki esanda, ezin delako gauza bat aldarrikatu eta kontrakoa praktikatu.

    Martin | 2009-03-24 - 13:09:03 GMT 1 #

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!