Hiru egun itzuli gabe (oraingoz), 25 urte eta gero hau...
(Eusko Jaurlaritzaren intranetean, Funtzio Publiko eta Pertsonaleko kudeaketari buruzko berriak eta informazioa-Geutzen atalean, 2009 / 03 / 13, barikua)
Geutzen, 2009 / 03 / 13, barikua
«Berriak» zutabean ondoko oharra agertu da:
Funtzio Publikoaren oharra, LAB sindikatuaren salaketari dagokionez
Bertan klikatu, eta hara non, beste ohar hau agertu da:
Euskarazko bertsioa laster izango duzu eskuragarri
2009ko martxoaren 16an, astelehenarekin, berdin: euskarazko bertsioa ez da “lanera” etorri nonbait…
Jaurlaritzan itzultzailerik ez dagoelako izango ote? Ez, egon badaude. Onak gainera.
Lan-karga handia izango zuten? Beharbada, baina halakoetan kanpora bidali ohi dira testuak itzultzera...
Baina… euskara izanik “gure herriaren nortasunaren adierazpide funtsezkoena”[1], nola liteke horrelakoak behin eta beste behin gertatzea, non eta Eusko Jaurlaritzan?
Guk geuk ez dugu ulertzen. Guri geuri, amorru pixka bat eta lotsa (auzokoa) punttu bat ere eragiten digu ikusteak, euskaldunak azkenburukotzat jotzen gaituztela administrazio honetako Atal, Zerbitzu, Zuzendaritza eta Sail askotan... oraindik ere.
Beste inon, beste inongo oharrik ikusi ez badugu ere, uste dugu beste euskaldun askori ere, berdintsu gertatuko zitzaiola...
Azkenik, aipatutako oharrari buruzko eskari bat:
Ez kezkatu. Ez itzuli. Ez lanik hartu. Ez dugu behar; erdaraz ondotxo dakigu eta testuaren edukiaz ederki jabetu gara. Kontua ez da hori, gakoa beste nonbait dago. Hitza betetzearekin eta euskaldunak (ere) errespetatzearekin zerikusia dauka.
[1] http://www.euskara.euskadi.net/ webguneko “Herria, hizkuntza” atalean:Gure herriak ez du euskara galdu nahi. Barru-barruan itsatsita darama hizkuntzarekiko atxikimendua, bere nortasunaren adierazpide funtsezkoena baita; eta hizkuntza galduz gero, aberastasun paregabea ez ezik kohesiorako elementu garrantzitsuenetako bat ere galduko luke. Horregatik, mendez mende iraun duen hizkuntzari eutsi, esparru guztietara zabaldu eta sendotzeko apustu garbia egin du.

Zabaldu
del.icio.us
Lehenengoa, Funtzio Publikoak adorea izan duelako, berriro ere, langileen artean ahoz aho eta pil-pilean dagoen gai baten gaineko bere iritzia, informazioa, argibideak… gaztelania hutsez emateko. Zerbait hautsi zitzaidan bihotzean, KRA!
Bigarrena, Funtzio Publikoak uste izan duelako euskarazko itzulpena “handik lasterrara” plazaratzearekin bere eginbeharra betetzen zuela, eta horrekin euskaldunok ergelak garela pentsatzen duelako. Zerbait hautsi zitzaidan bihotzean, KRA!
Hirugarrena, langileen protesta andana izan beharko lukeena azken finean betiko lau txoroon purrustada baino ez delako izan. Bistan da mentalidade kolonizatuaren sindromeak bizi gaituela. Zerbait hautsi zitzaidan bihotzean, KRA!
Zertarako nahi ditugu EUSKO JAURLARITZAN
HIZKUNTZA OFIZIALAK
ERABILTZEKO IRIZPIDEAK, gero betetzen ez badira?
Hiru aldiz KRA! | 2009-03-17 - 09:46:28 GMT 1 #
Hirugarren KRAkak ematen dit niri min gehien, baita zer pentsatua ere...
Hala da, Jaurlaritzako langileen protesta andana beharko lukeenak ez du txintik ere eragin langileen artean (salbuespenak salbuespen).
Antza, gai horrek, euskararen gaiak oro har, ez die loa kentzen hemengo langileei; bai, ordea, hirugarren txanda, sei egunak eta horrelako kontuak.
Sinisten hasia nago euskararen erabilgarritasunean sinisten ez dugun lehenak gu geu garela, ez erdaldunak (horiek ere bai, noski). Bestela, ez dut ulertzen euskararekiko agertzen dugun jarrera axolagabea. Eta axolagabekeria horren zergatiak aztertzen hasita-edo honako gogoeta hauek egiten ditut ozenki:
- Benetan sinisten al dugu guk, langileok, euskera gaztelaniaren parekoa zaigula?
- Benetan sinisten al dute agintariek euskera hizkuntza ofiziala dela eta, hortaz, gaztelaniaren parekoa?
- Agintariei soilik dagokie Administrazioa euskalduntzeko ekimena? Guk, langileok, ez al dugu erantzukizunik hartu behar horretan?
- Prest al gaude gu, langileok, Administrazio euskaldun bat lortzeak galdatzen dituen ahalegin eta sakrifizio guztiak egiteko?
- Prest al daude agintariek Administrazio euskaldun bat lortzeko gidaritza aurrera eramateko eta baliabide guztiak gure esku jartzeko?
- Euskalgintzak hartutako jarrerek langile erdaldunak erakarri edo aldendu dituzte? Eta euskaldunak?
Hausnarketarako...
Haizeder | 2009-03-17 - 12:18:15 GMT 1 #
Kafe orduko soziolinguistika saioak, I.
GEHIAGO EDO GUTXIAGO, “EUSKARAREN ALDE” GAUDENON ARTEAN:
Jaurlaritzak (PNV-k)ezer gutxi egiten du euskararen alde, askoren ustez.
Batasunaren inguruko euskalgintza oso urrun dago errealitatetik eta jendea izutzen du, beste askoren ustez.
Beste alderdiek (EAk, Aralarrek…)ez dute normalizaziorako proiekturik...
Gizartearekin batera joan behar da hizkuntza normalizazio kontuetan (gizarteari inork eragingo ez balio bezala), zenbait agintariren ustez.
Langileek egin behar dute lan euskaraz, nahi badute, ahal badute, embrazu egin gabe… beste agintari batzuen ustez.
Nahi dutenek egin behar dute lan euskaraz, nahi badute, ahal badute, embrazu egin gabe… hainbat eta hainbat langileren ustez.
Euskara normalizatuko da berez… haur gehienak D ereduan matrikulatuta baitaude, gero euskaraz egiten ez badute ere, (sinistezina! Nola liteke?).
Anabasa horretan, ni neu, Administrazioko langile fin, zentzudun, zuzen eta arrazoidun erabatekoa, ez nago ezer egiteko prest.
Euren artean konpontzen direnean, konponduko badira, halako batean, Jainkoak edo Ortzik edo Tutatisek nahi badu, bustiko naiz gehiago, ni ere... agian.
Izan ere, ordurako jubilazioa ere gertu izango dut... Nekea, dezepzioa, aje horiek guztiak... enpin. Ikuskizun.
Zer uste dute ba horiek (denek)?
Gauzak ongi egitea dute, nahi badute!
Jai | 2009-03-17 - 14:20:37 GMT 1 #
Azkenean! Gaur, martxoak 18, argitaratu du Funtzio Publikoak, euskaraz, duela 5 egun (hilak 13) gaztelaniaz plazaratutako oharra, LAB sindikatuaren salaketari erantzuten diona.
Norentzat? Zertarako?
Jaurlaritzako Goñi Foroan denetariko iritzi eta usteak daude: batzuek uste dute Patxi Lópezen lurreratzeari trabak jartzeko-edo giro txarra zabaldu nahi dutela; beste batzuen ustez, Itun Berritu Bateranz txostenak erein nahi duen progresibotasun-irizpidean kokatu behar da gertakaria, eta ikusten dute jada zein izango den euskara sustatzeko hurrengo kanpainaren leloa: Pixka bat es mucho, y laster una eternidad
Bejondeiela! | 2009-03-18 - 09:34:43 GMT 1 #