Euskara21: sentipen gaziak
garruze 2009-03-04 @ 12:51
1.- Boluntarismoaren inguruko analisia. Deigarria egin zait nola lantzen den boluntarismoaren gaia. Txostenak 42. orrialdean hizkuntza politika ez neutral bat aldarrikatu ondoren (ideia horrekin bat nator), boluntarismoa betiko alboratu behar dela esaten du. Txostenaren beste pasarte batzuetan ere ideia bera errepikatzen da. Nire ustez, ordea, baztertu beharreko boluntarismo hori zein den ez dago behar bezala zehaztuta, eta ez da ondo zehazten non dagoen euskarekiko konpromisoarekiko muga. Gaur egun euskarak aurrera egin badu jende askoren "boluntarismoari" (konpromisoa deituko nioke nik) esker izan da hein handi batean, eta oraindik ere jende askoren konpromiso sendoa (eta askotan beste eremuetan egiten ohi dena baino handiagoa) beharko da aurrerantzean ere. Ados egon ninteke esango balu boluntarismoari (euskararekiko konpromisoari) neurria hartu beharko litzaiokeela eta denon ahaleginak bideratu eta koordinatua beharko liratekeela; baina "betiko alboratu" behar dela esateak ez da guztiz zuzena. Konpromiso aktiborik gabe ez baikinateke egongo gauden tokian eta ezin izango genuke aurrerantzean ere aurrera egin. Ahalegin izugarri horrek aitorpen instituzionala beharko luke. Txostenean erantzukizuna eta konpromisoa, balore gisa, berariaz landu beharreko kontzeptuak beharko lukete izan, eta horien aldeko diskurtsoa falta dela uste dut.
2.- Intrantsigentzia aipatzen da (42.orr). Norena baina? Txostenetik antzematen da badirela hainbat pertsona eta talde euskarekin "taliban" jokaera dutela/dugula (?). Gogor egiten da haien kontra (zehaztu gabe zeintzuk diren jokabide zehatz horiek), baina ez horren gogor, aldiz, euskararekin urtetan ezikusiarena egiten ibili direnekin, eta horiek ere asko izan dira eta oraindik ere badira. Komeni da gogoratzea euskara inanizioz ere hil daitekeela. Dudarik gabe, intrantsigentzia ez da ona, baina jokabide hauek ez dira euskarari mesede egiten ez dioten bakarrak, izan ere, elkarbizitza demokratiko batek euskaldunoi eskuzabaltasunez jokatzea eskatzen badigu ere, euskara ez dakitenei pazientzia eta errespetu gisako balore demokratikoak ere gehiago lantzea eskatzen du. 3.- XXI mendeko hizkuntza-politikaren xede nagusia: txostenaren arabera, XXI. mendeko hizkuntza politikaren xedeak EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko funtzio, eta neurri batean bederen, gune geografikoen banaketa onartzea eta sustatzea izan beharko du. Euskarari berezko funtzioak eta gune geografikoetan nolabaiteko nagusitasuna onartzea garrantzitsua iruditzen zait baina ez zait gustatu nola formulatu den ideia hori. Egia da batzuentzat banaketa funtzional eta geografiko hori lortzea izango dela xede bakarra bizi garen mende osoan. Beste batzuontzat, berriz, urratsa baino ez da izango. Mende bat denbora asko da eta auskalo noraino hel gaitezkeen euskararen normalizazioan. Nire ustez, ordea, XXI. mendeko hizkuntza politikaren xede nagusiak hizkuntza-politika demokratikoa lortzea izan beharko luke; hau da, ez da horrenbeste xede bat (banaketa funtzionala eta geografikoa lortzea hizkuntza ofizialean artean) edo bestea nagusitzea (euskara Euskal Herri osoko hizkuntza nagusia izatea), baizik eta xede zilegi guztiak onartzea eta lankidetzan aritzeko abiapuntua adostea. Halaber, garrantzitsua iruditzen zait erritmoaren inguruko eztabaida demokratikoa zabalik edukitzea eta etengabe elikatzen joatea. Gero gerokoak, “denak ala inor ez, dena ala ezer ez” diskurtsoari neurria benetako praxiak jarriko dio. Garrantzitsua, batik bat, hizkuntza-politika asimetrikoaren ardatzetan eta prozeduretan behar bezalako adostasuna lortzea da. 4.-Merkatuetarako proiekzioa: Nire ustez, ordea, dena ez da merkatu izan behar. Euskararen erabilera sustatzeko balio duten alorrak eta hizkuntzen elkarbizitzarako aurrerakoiak direnak bereiztu eta adostu beharko lirateke, hizkuntzek gizarteari aberastasun ekonomikoaz gain aberastasun sozial edo kulturala ekartzen baitizkie. Ez dut ondo ulertu halaber zergatik euskarazko ekoizpenei gainontzeko hizkuntzetan egindakoei baino kalitate altuagoa eskatu behar zaien. Kalitatea irizpide egokia izanik ere, kalitatea lortzeko baliabide egokiak eskura izan behar dira eta jardunari berari esker lortzen den gauza bat izaten da. Ideia hori ere, nire ustez, hobeto formulatu beharko litzateke. 5. Lankidetza: txostena lankidetzaz ari da eta ideia hori oso positiboa iruditzen zait. Nolanahi ere, faltan sumatu dut txostenak lankidetzaren aldeko kultura eraiki eta landu behar dela behar argi eta ozen aldarrikatzea. Lankidetzaren aldeko kulturarik ez dugu behar bezala barneratuta, eta hori izaten ohi da askotan arazo askoren gakoa, eta ez horrenbeste edukia bera. 6. Autokritika batzuk ondo eginak eta behar bezala adieraziak daude txostenean, alegia, inor beharrik gabe mindu gabe. Beste batzuei zuzendutakoak aldiz (talibanei zuzendutakoak) ez zaizkit ondo kontestualizatuak daudenik iruditu. 7. Azkenik, labur-labur, hiru ideia: a) Lehentasunezko ildoen artean (50-51. orr) faltan sumatu dut bi hizkuntza ofizialak berdintasunez erabiltzeko baldintzak lortze aldera, legegintzan korredakzioa sustatu behar dela. b) Txostenak adierazten duen diskurtsoa ez dago I+G+barekin lotuta. c) Hizkuntza-eskubideen inguruko azterketa etengabea sustatu behar dela falta da, hau da, hizkuntza-politikaren ildo berriak aztertu, argudioak landu, arlo honetan lan pedagogikoaren garrantzia azpimarratu, eztabaida gardentasunez egin beharra (esaterako web orri batean dena argitaratuz), ikerkuntza-ildoak eta taldeak sustatuz… Hizkuntza-politika berriak inposatu baino askatasunean oinarrituta egon behar du,hots, herritarrak euskara erabiltzera limurtu eta erakarri behar ditugu, ados; baina era berean hizkuntza bat ala bestea erabiltzeak dituen ondorioak behar bezala azaldu behar dira, euskara bizirik irautea denon esku baitago. 
Aurreko post batean adierazten nizuenez, Euskara21 txostenak sentipen gazi-gozoak utzi dizkit. Egindako ahaleginari meritua kendu nahi izan gabe, hona hemen zeintzuk izan diren horrenbeste gustatu ez zaizkidan alderdiak:
Categorías : elebitasuna | Euskara |
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


A ze lanak hartu dituzun, Garruze. Eskerrik asko; txostenaren irakurketa asko erraztu didazu...
Eta ados nago agertutako iritziokin.
Niri ere gustatu zait artikulua, Garruze.
Euskara 21 Txostena dela eta, hala ere, duda bat daukat: eta orain zer? Hau da, hasierako Oinarrizko Txosten hura eztabaidarako zen, ekarpenak egiteko eta abar. Gero etorri da ekarpenok sintetizatzeko fasea. Eta orain emaitza, Euskara 21. Zenbateraino dago itxita, labetik atera berria eta aplikatzeko prest?
Martin, eta orain zer? Lehenbizi, argitu behar da nor izango den HPSeko hurrengo burua.
Gero, entzun dudanez eta, beti ere, buru berriak Baztarrikaren ildoari jarraituko balio, ekarpen gehiago eskatzeko asmoa lukete, izan ere, eztabaida zabala izan bada ere, apur bat "elitista" -ez zentzu txarrean- izan da, eta ez da herritarrengan behar bezalako sakontasunez heldu.
Lehen saio bat izan dela eta eztabaidarako eskema finkatu duela esango nuke nik. Hala ere, orain gizarteratu behar da eta eztabaidatik ateratako ondorioak finkatzen hasi.
Ba jarraipena PSEtarrek eman behar badiote ederrak gaude... Patxi Lópezen manifestu irenstezina irakurri ostean, itxura guztia du, agintari berrien lau urteko agintaldiaren ondotik, "euskara 21" izatetik, "euskaraz hiruzpalauk" egitera igaro gintezkeela...
"En libertad", hori bai...