Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

26/02/2009 GMT 1

Gezurra nagusi

burunda @ 12:26
1235630071493debatec2.jpg

Ander Iturriotzi irakurri diot gaur bertan, Spinozari aipu eginez, egia sendo eta egoki aurkezten bada, aldekotasunak irabaziko dituela; baina... berdin gertatzen dela gezurrarekin ere, alegia, gogoz eta modu egokian aurkeztuta, berdin-berdin suertatzen dela sinesgarri. Begien bistakoa da hori euskararen kasuan, adibidez.

Basagoitik, Diezek eta López-Patxik berak ere, egundoko astakeriak jaurtitzen dituzte ia egunero, euskararen inposaketaz eta erdaldun elebakarren egoera tamalgarriaz, hots, mundua hankaz gora edo gezurra gezurraren gainean, bi begiak eta bi belarriak “piztuta” dauzkan edonork ikus dezakeen bezala. Horrela jokatzen dute, uzten zaielako.

Horrela jokatzen dute, batik bat, dominatzaile direlako eta menpekoak, hau da, euskaldunok, oro har, seko asimilatuta eta konplexuz beterik gaudelako.  

Egoera horren beste atal bat ikusi ahal izan genuen bart gauean, hautagaien arteko eztabaida normalizatuan (erdarazkoan hain zuzen).Lópezek eta bereziki Basagoitik edozer esateko lotsik ez zuten izan; ohi bezala, duintasun apurrik duen edonor sutan jartzeko modukoak bota zituzten.

Politikari euskaltzaleak aldiz, epel, noraezean, erantzuteko garaian: Ziarretak, gazteek euskara eta gaztelania hitz egin behar dituztela eskola utzi orduko eta gutxi gehiago. Ezenarrok, legea bete behar dela eta legea bete behar dela, euskaldunon eskubideak oraindik urratzen direla esatera joan zen baina ez zuen behar bezala asmatu. Ostera, Ibarretxek jarri zuen adibiderik egokiena, Gandhiren hitzen aipamena egin zuenean…

Berriz ere, kolonoen eta kolonizatuen ordezkariek, Lopezek eta Basagoitik, lotsa gabe desitxuratu zuten, guztiz bestelakoa den euskararen eta euskaldunon egoera.                          

Berriz ere, euskaltzaleon ordezkariak hits eta motz, etxeko lanak egin gabe (beste edozein gairi buruz hamaika datu eman zituzten), eta euskarari ematen dioten benetako garrantzia zein den islatuz…

Erantzunak

Erantzunak(7) »

  1. Elebideren 2008ko txostenaren aurrerapena:

    Eta Ibarretxe eta enparauek ez al dute euskararen inguruan gezurrik esaten? Egia al da ba euskara poliki baina aurrera doala? Gezur galanta! UNESCO-k bere epelean euskararen benetako egoera zein den gogorarazi digu baina Baztarrika egunero dakusagu ETB-n bere "egia" lau haizetara hedatzen. Egun pairatzen ditugun hizkuntza-politikekin euskara ez da inoiz normalizatuko. Hori da errealitatea. Eta ikusi nahi ez duenak ez du ikusiko. Eta ikus dadin nahi ez duenak errealitatea ezkutatuko du. Hurrengo hamarkadetarako hizkuntza-politikaren helburua "diglosia atxikigarria" izango omen da eta hori sinatzen dutenen artean euskalgintzako hainbat eminentzia! Auzo-lotsa galanta nirea! Marketin linguistikoa alde batera utzi eta POLITIKA egiten hasten ez bagara euskararenak egin du. Horra hor egia gordin eta deserosoa.

    Portzierto, Garruze, noizko Euskara21 (marketin) ekimenari buruzko sentipen gaziak?

    Errotapea | 2009-02-26 - 18:02:06 GMT 1 #

  2. Esandakoaren adibide Elebideren grafiko bat sartu nahi nuen aurreko mezuan baina ez dut asmatu. Izan ere, hauteskunde kanpainaren erdian Baztarrika jaunak Elebideren 2008ko jarduera txostena aurkeztu ordez, grafiko polit bezain manipulatu batzuk eskaini dizkigu. Ikusi zehazki 10. orrialdean esparru publikoaren barruko kexak nola sailkatzen dituen HPS-k:

    http://www.euskara.euskadi.net/r59-738/eu/contenidos/nota_prensa/elebide_memoria_08/eu_hps/elebide_memoria_08.html

    Jaurlaritzaren ehunekoa "txikitzeko" Jaurlaritzatik kanpo zenbatzen ditu erakunde eta sozietate publikoak eta (larriagoa dena) multzo berean zenbatzen ditu udalak, aldundiak eta... estatuko administrazioa!!!

    errotapea | 2009-02-26 - 18:19:59 GMT 1 #

  3. Ondo esan duzu, euskaldunon ordezkariak: http://sustatu.com/1235025222
    Konturatu ote dira?

    Benito | 2009-02-27 - 01:51:11 GMT 1 #

  4. Hementxe dago Errotapeak sartu nahi izan duen lotura: Elebideren 2008ko txostenaren aurrerapena

    Tiraka | 2009-02-27 - 09:51:27 GMT 1 #

  5. Bat nator artikuluan salatzen duzunarekin Burunda. Dena den,beldur naiz politikari euskaltzaleen jarrera "epel" horiek (are gehiago hauteskunde-garaian)ez ote diren izango gizartean nagusitzen ari den beste jarrera baten isla: euskaldunok akonplexatuta gaude, inguruko presio ikaragarriak akonplexatu egin gaitu.

    Ikusi besterik ez dago Jaurlaritzako langile euskaldunok egunerokoan erakusten dugun jarrera, bai gure lanpostuan bai gure lankide erdaldunek eta erdalzaleek bereak eta bi botatzen dituztenean, zuk salatu dituzun Basagoitik eta Lopezek egin antzera.

    Hemen, Jaurlaritzan, "terrenoa" irabazi digute. Gogoan al duzue uda partean Bizkaiko UGTk euskararen kontra ateratako aldarri iraingarria IV. Plangintzaldia abian jartzen zela aitzakia hartuta? Tirakakook plazaratu genuen gure erantzuna... baina, ikusi al zenuten erantzunik gainerako langile euskaldunon artetik? Eta euskararen aurkako eraso zuzena zen, inolako errespeturik agertzen ez zuena euskararekiko, euskaldunoi erderaren gainean egiterik okurritu ere egingo ez litzaigukeena, eta Jaurlaritzaren barruan argitaratutakoa... Egon al zen erantzunik euskaldunon partetik, Tirakaren idatziaz aparte? Eta hauxe diot, kontrara denean, erdaldun horiek ez dutelako inolako lotsarik bere usteak edo iritziak lasai asko plazaratzeko izen-abizen eta guzti, eta normalean beti izaten dira euskararen kontrakoak, eta nahiko tonu iraingarrian.

    "Epeltasun" giro horretaz konturatu dira eta eroso daude. Beraiek bai, lotsa eta konplexu guztiak alde batera utzi dituzte eta esan dute: "Aski da! Zertarako ikasi, ikasi gabe ere lasai asko bizi bagara eta lan egin badezakegu? Gainera, beraiek baino gehiago gara...".

    Kuriosoa da, baina hala da. Euskaraz hobetoen prestaturik dauden belaunaldiak gero eta gehiago direnean, eta olde hori Jaurlaritzan sartzen hasia den honetan, indar egin beharrean, ahul gaude, noraezean, antolatu gabe, kontzientzia faltan eta akonplexatuta. Behar bada, autokritika egin beharko genuke, GUZTIOK, egoera horretara zergatik heldu garen hausnartzeko.

    Beraz, politikariei kritikatu bai, noski, beraiek baitute herri hau gidatzeko erantzukizuna. Baina, gure zilborrari begiratu ezkero... zer dakusagu? Politikari baten esanen zain egon behar dugu gure lanean ofizioak euskaraz bidaltzeko, telefonoa euskaraz hartzeko, gure eskuetara heltzen diren txantiloi erdal elebakarrak euskaratu eta elebidun jartzeko? Txosten juridikoak euskaraz egiteko edo/eta erdaraz egin baina ondorioak euskaraz jartzeko? 3. HE eta 4. HE dugun teknikarioi buruz ari naiz, batez ere.

    Keinu txikiak dira, baina eragin handikoak, eta gure esku daude. Guk egiten ez baditugu, "dominatzaileak" eroso sentitzen jarraituko dute, "dominatzen", gehiago direlakoan.

    Baina, tira, esandakoa, Burunda, funtsean bat natorrela zure salaketarekin.

    Haizeder | 2009-02-27 - 10:37:50 GMT 1 #

  6. Arrazoi duzu aipatzen dituzun beste horietan ere. Arrazoi osoa tamalez.
    Lagunek "zorionduko" naute akaso, baina argi dago gure lankide euskaldun gehienen jarrera oso pasiboa dela.
    Hori bai, hizkuntz politika eta beste hainbeste kontu kritikatzeko garaian Amstrong-ek ere ez gintuzke harrapatuko... gu bai gu!
    Aldiz, ez gaude gauza handiegirik egiteko prest.
    Hala da. Kritika merkeen erreinuan eroso bizi da asko eta asko, baina aulkiari bi eskuez helduta, mugitu barik (a ze txalo zaparrada jasoko dudan...). Horregaitik gara menpeko, bistan da.
    Eta politikoez, zer esango dizut ba Haizeder; argi dut nik ere gizartearen isla direla, isla zuzena gainera, baina batzuk modan jartzen ari direnaren kontra, nik uste dut ez daudela gizartearen olatuari jarraitzeko, olatu hori leku hobeetara gidatzen ahalegintzeko baizik.
    Hau da, euskarari dagokionez gure gizartea alienazioan bizi bada ere, gure (euskaldunon) politikoetatik espero dudana da eurak hain gutxiagotuta ez egotea, behintzat.
    Lidergoa erakutsi behar lukete euskararen gaian ere,... edo batez ere (ez dira ba abertzaleak, eta abar, eta abar...?). Herenegungo eztabaidan argi geratu zen legez, bestelako gaiei askoz ere arreta handiagoa jartzen diete.
    Kolonoen eta kolonizatuen ordezkarien jarrera iraingarria izan bazen, gure ordezkaririk gehienena, patetikoa.
    Tamalez.

    Burunda | 2009-02-27 - 13:51:09 GMT 1 #

  7. Arrazoi osoa daukazue! Baina, zer erraz begiratzen dugun beste aldera.

    Larunbatean, Jaurlaritzako Zuzeneko Zerbitzu Agente izateko hautaketa-proba 1.200 lagunek egin zuten Durangoko Landako gunean. Azterketa, aurretik euskaraz eskatzeko aukera egon bazen ere, gaztelania hutsean egin behar izan zuten aurkeztu zirenek, izan ere, bestelako aukerarik ez zen izan.

    Euskal Herrian Euskaraz eta LAB taldeek salatu zuten azterketa gaztelania hutsez egin behar izatea. Ezbairik gabe Jaurlaritzak berriro ere urratu egin zituen hizkuntza eskubideak.

    berrotza | 2009-03-02 - 16:34:39 GMT 1 #

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!