Euskara21: Sentipen gazi-gozoak
Euskara21 txostena birritan osorik irakurri ondoren, sentipen gazi-gozoak utzi dizkidala aitortu behar dut. Egia da, Martinek aurreko post batean adierazten zuenez, HPSari aitortu behar zaiola ahalegin polita egin duela eztabaida hau bultzatzerakoan, izan ere, ez da batere erraza horren moduko eztabaida egituratu eta zabala egitea, are gutxiago euskararen gaian. Polita izateaz gain, gainera, horrelako ekimenak Euskal Herrian behar beharrezkoa ikusten ditut, askotan iruditzen baitzait gure artean aldeak egon arren, hainbat kontutan ditugun ezberdintasunak inkomunikazioaren ondorio direla. Eta antza ez gara bakarrak, izan ere, Demokrazia eta kulturaniztasunaren gaietan aditu direnek esaten baitute XXI. mendeko erronka nagusia izango dela horrelako gaiak behar bezala kudeatzen ikastea. Eztabaida egituratu eta zabalak tresna oso egokiak direla uste dut euskararen kudeaketan bikaintasuna lortzeko bidean. Testuari berari helduta, onartu behar dut txostenaren lehen irakuraldian sentipen gozoa izan nuela, izan ere, behingoz, txosten batean bilduta aurkitu nituen euskararen gaian aspaldian handik eta hemendik entzuten ziren Pernandoren egiak. Ez denak agian, baina bai garrantzitsuenak.
Éuskararen Pernandoren egiak: Honako hauek dira niretzat Pernandoren egi horiek:

a) Edozein hizkuntza biziberritzeko arrakasta-faktoreak honako hauek omen dira: lege-marko egokia; hizkuntza politika eraginkorra eta baliabide egokiak; herritarren atxikimendua eta hizkuntzaren aldeko jarrera eta konpromisoa.
b) Euskara biziberritzeko ez da nahikoa hezkuntza eremuan egiten den ahalegina, eta ezinbestekoa da gizarteko gainontzeko eremuetan erabilera normalizatzea. Hezkuntza sistemak ikasleak euskalduntzea funtsezkoa da gizartearen kohesioa lortzeko eta ikasleen aukera berdintasuna segurtatzeko: Herritarren artean elkar ulertzeko bideak zabaltzea da kohesioaren oinarririk sendoena.
c) XXI. mendeko hizkuntza politikaren ardatza euskararen erabilera izango da; erabileraren perspektiba da, noski, hizkuntza eskubideen inguruko diskurtsoa eduki eragingarriz betetzen duena. Erabileraren bi zutabe nagusietariko bat da hizkuntza eskubideen aitorpena eta babesa.
d) Euskarak politika horizontala behar du: euskarak aginpide publikoaren berezko osagai izan behar du.
e) Euskara kudeaketaren kalitateari estu loturiko faktoretzat hartu beharra dago.
f) Hizkuntza gaitasunari dagokionez, ikuspegi komunikatiboari eta praktikoari garrantzi handiagoa eman behar zaio, gramatikaltasun hutsaren gainetik. Horri lotuta, ezagupena egiaztatzeko ebaluazio irizpideak komunikazio irizpideen arabera aplikatu behar dira eta ez hizkuntza ezaguera akademikoarekin.
g) Hizkuntza ez-formalak garrantzi handia du erabilera sustatzeko orduan.
h) Euskaldun berrien ekarpenari zor zaion onespen soziala publikoki aitortu behar da. Era berean, euskaldun pasiboaren figurak aitorpena behar du eta bere zeregina esleitu behar zaio hizkuntzen arteko bizikidetzan.
i) Euskara erabiltzearen aldeko euskaldunon konpromisoa ezinbestekoa da.
j) Arduradun eta ordezkari politikoek jendaurrean eta beren eragin eremuetan euskara erabili eta sustatu behar dute.
k) Euskarak bere arnasa-guneak behar ditu eta horiek zehazteko bai ikuspegi geografikoari, bai ikuspegi funtzionalari begiratu behar zaie. Arnasa-gune horiek zaindu, sortu eta ahal dela, hedatu behar dira.
l) Espazio publikoan bi hizkuntzen erabilera arautu beharra dago eta arautze horretan ahulenaren alde egin behar da.
m) Administrazio publikoak eredugarri izan behar du herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeari dagokionez, eta oraindik ez da xede hori lortu.
n) Bada astindu beharreko inertziarik, bai Administrazioan, bai herri mugimenduetan eta baita ere bien arteko harremanetan. Herri-aginte eta euskalgintzako eragileen artean lankidetza etengabea egon behar du.
o) Progresibotasuna izango da erabilera sustatzeko politikaren ardatz bat, baina ezin da progresibotasunaren izenean onartu euskararen erabilera, apurka-apurka bada ere, aurrera ez daraman politikarik. Era berean, ez litzateke onargarria izango aurrerabide hori leku eta erabilera-eremu guztietan apurka-apurka gauzatzea, bizkorrago joateko baldintzak betetzen dituzten eremuetan balaztari etengabe sakatuz.
p) Euskara eta haren munduak etorkinengana hurbildu behar da.
Iritzi honetan txostenaren alde gozoak nabarmendu nahi izan ditut, garrantzitsua iruditu baitzait hain diferente pentsatzen duten pertsonen eztabaidaren ondorioz aipatutako ideia nagusi horietara heldu izana. Ardatz garrantzitsuak izan daitezke gaur egun dagoen hizkuntza-politika berritzeko.
Nolanahi ere, oraindik eztabaida interesgarria egiteke dago txostenaren beste ideia batzuen inguruan. Ni saiatuko naiz eztabaida horri nire ekarpentxoa egiten, hurrengo iritzian txostenetik gaziagoak gertatu zaizkidanak aipatuz.
Laster arte.

Zabaldu
del.icio.us