Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

10/02/2009 GMT 1

Euskara 21 batzordearen azken txostena

martinrezola @ 07:57

211.jpgAdituen ekarpenak jasoz ondutako azken txostena irakurri ondorengo iritziak dira hauek, azterketa sakona izan gabe, niri atentzioa eman didaten puntuen gaineko iruzkinez osatutako porrusalda bat.  

Ekarpenak jasotzeko prozesua, alde batetik, oso interesgarria iruditu zait, eta hor aitortu behar da HPSk ahalegin polita egin duela. Baina denak bildu eta azken ondorioen txostenak apur bat hotz utzi nau, aitortu behar dut, beharbada ezin zitekeelako bestela izan, hain iritzi desberdinak –eta batzuetan kontrajarriak– bateratzea ez baita lan makala izan behar. Edonola ere, hainbat gauza ez zaizkit oso garbi geratu.

Izan ere, txostenaren hainbat pasarte irakurritakoan, kontsensua lortzeko bidean esku biak luzatzeko keinuaz irudikatzen dut adituen batzordea. Esku bat zabal-zabalik, lagunkoi, “integrazioa”, “atxikimendua”, “erakargarritasuna”, “pertsuasioa”…. irakurri dut bertan, guztiz zentzu positiboaz beteriko hitzak (arrazoi du Roberto Manjonek, onkeria gehiegi). Beste eskuan, aldiz, “elkarren errespetua”, “osagarritasuna”… askoz ere izenondo hotzagoak, distantziak mantentzeko keinuak alegia. Eta, horrekin batera, hitz batzuen erabilera… berria. 

Terminologiaren korapiloak 

1.- Diglosia atxikigarria (gaztelaniaz sosteniblea) 

Hasi ohitzen. Kontzeptu berria: “diglosia atxikigarria” edo “diglosia sostenible” gaztelaniaz. Orain arte elebitasun orekatua, funtzionala, pasiboa… elebakartasun soziala, kanpo diglosia, barne diglosia…, horrelakoak entzun izan ditugu. Baina nola ni ez naizen soziolinguista (ezta filologo ere, nahiz eta lankide asko engainatuta ditudan), sarera jo dut argibide bila, zer ote da “diglosia atxikigarria”?: arrastorik ere ez, honako hau izan ezik, Rafael Rodríguez Valdes asturiarraren elkarrizketa batetik harrapatua: 

(Rafael Rodrígues Valdés) -

¿Cuala ye la sitiuación xeneral de la llingua asturiana nel tramu oxetu d’estudiu (1899-1937)? 

Respeuto al contestu xeneral llingüísticu correspuéndese colo qu’en sociollingüistica se conoz como diglosia sostenible.Una situación diglósica carauterízase pola desigualdá esistente nos usos de los idiomes. Nel nuestru casu el castellán funciona comu llingua “A” mentes que l’asturianu funciona comu llingua “B”. Ello implica que l’asturianu ta fuera de lo que podríemos denomar nivel institucional (escuela, presencia nos medios, ya eso), hai una marxinación estructural de los asturianofalantes.

 

Hori al da ibili beharreko bidearen ortzemugan ikusten den helburua? Hori al da proposamena? Tira, niri “diglosia sosteniblea” oximoron hutsa iruditzen zait (badakizue, “banku solidarioa” eta horrelakoak), kontraesan garbia, bi terminoek gaur egun duten adieraren argitan, bai euskaraz, bai gaztelaniaz eta edozein hizkuntzatan. Serioski hitz egin nahi badugu behintzat, zeren, bestela, “diglosia atxikigarria” aireratu eta zehaztapenik eman gabe, zer da hori?, edozer. Gainera, holako itxaropen batekin, nola arraio erakarriko dugun inor, ahalegin pertsonalaren saria egoera diglosikoa bada? A zer erreklamoa…,  seguru nago beste izendapen egokiagoren bat topa litekeela gaizki-ulertuak uxatzeko.  

 

2.- XXI. mendeko “euskalduna”

 

 

Ez dakit ba Euskaltzaindia oso konforme egongo den…: 

 

 “(…) komenigarria litzateke, apika, argitzea nori deitzen diogun, ikuspegi soziolinguistikotik, «euskaldun» XXI. mende hasieran. Euskarara hurbildu den oro hartu behar dugu euskalduntzat, nahiz eta hurbiltze horretan maila pasiboraino iritsi ez.” (Batzordearen txostena)  

 

3.- «Euskaltzalea»? 

 

Ez dira zuzenean txostenean agertzen diren hitzak, Pello Salaburuk prentsan esandakoak baizik, baina oso esanguratsuak iruditzen zaizkit: «Nos ha enseñado [batzordearen eztabaidek alegia] que en una sociedad tan compleja como la nuestra los clichés y los mensajes simplistas, como la distinción entre euskaltzale o no euskaltzale, por ejemplo, no sirven».  

 

Txostenaren zati batean «ez dezagun diglosia deabrutu» esaten zaigu, eta nik, Salabururen hitzak irakurrita, «ez dezagun euskaltzalea deabrutu» diot, zeren, gauden egoeran, behar-beharrezkoak iruditzen baitzaizkit euskaldun euskaltzaleak, kontzientziatuak, motibatuak edo deitu nahi duzuen moduan. Areago esango nuke: hizkuntza-politika neutrala ezin izan daitekeen modu berean, eta euskararen patua “darwinismo sozialaren” baitan utzi ezin daitekeen gisan, arrazoibide berbera erabiliz, funts-funtsezkoa da euskaltzaleen lana gizartean euskara normaltasunez edo naturaltasunez erabiliko bada. Zerbait falta baldin badugu, horixe dela iruditzen zait, euskaltzaletasuna, euskera edo gaztelania erabiltzea berdin izango ez zaien herritarrak, kutxazain automatikoan «aukeratu hizkuntza» agertzen denean euskararen hautua egiten dutenak, Jaurlaritzako analisi funtzionalen inkesta euskaraz egin nahi dutenak… 

 

4.- Ghetto edo arnasgune? 

 

Biak aipatzen dira txostenean, guztiz zentzu kontrajarrietan, baina niri ez zait batere argi geratu zer den hemen ghetto eta zer arnasgune, eta horretan “Maisu”aren aipu famatuak ez dit askorik lagundu –bide batez, ea noiz berritzen ditugun aipuak ere, diskurtsoa berritu behar dela hainbeste errepikatzen den honetan–. Adibidez, UEMA zer da, ghetto edo arnasgune?, eta Berria?, eta Bilboko Kafe Antzokia?, eta ETB1?; Tiraka taldea zer da?, ni zer naiz?; Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza bera, Jaurlaritzaren barruan edo Kultura Sailaren barruan, zer da, ghetto edo arnasgune? 

 

Zehazgabetasuna dagoela alegia. Onkeria eta hizkera politikoki zuzena.  

 

Seduzitzearen komeriak 

 

Ni honetan oso erradikala naiz. Erdal munduari egindako dei horiek patetiko antzekoak iruditzen zaizkit, eta garai bateko telebistako Isabel Gemio edo Patricia Gaztañagaren programa negargarri (eta negar-eragile) haiek ekartzen dizkidate gogora. Oroitzen?, gizasemea negarrez bere maite-maitearen aurrez belauniko «Mari Pili, otoi, ez nazazu utzi! ezin naiz zu gabe bizi, nahi duzuna egingo dut, baina, mesedez, emaidazu beste aukera bat, oso zoriontsu egingo zaituz, benetan. Begira zein interesgarria naizen. Egidazu kasu, aizu!». Eta Mari Pilik, noski, lehen baino ere zapuztuago, morroia bistatik kentzeko irrikan; mutila abegikorrago eta berak interes gutxiago.  

 

Azkenean, eta bihotzeko kontuen konparazioarekin jarraituz, horrelaxe funtzionatzen baitugu hankabiko errukigabeok: neurri batetik gora proselitismoak eta gehiegizko exhibizionismoak atzera eragiten du jendea. Interesa piztuko dugu, bai, interesanteak izateko obsesioa pixka bat alde batera lagatzen dugunean, eta benetan eredu beregainak emateko gai izaten garen neurrian. Bestela, ideia, produktu, egitasmo, erlijio saltzaile… gehiegi dabil bazterretan, guk haiekin guztiekin plaza irekian lehiatu ahal izateko. Onartzeko prest nago, bai, saltzaile txarrak garela, baina oraintxe horretxekin itsututa gabiltzala uste dut. Gizartearen aldaketa genero-berdintasunaren lanak ekarriko duela sinisten dute batzuek; ingurumen-balioak benetan geureganatzen ditugunean beste batzuek; hangoak erlijioaren bizipen berria aldarrikatuko du, eta hemengoak Patxi López izeneko baten aldeko botoak herri hau goitik behera aldatuko duela, eta abar eta abar. Gurea, hizkuntza-berdintasunaren aldeko lana azken batean, aletxo bat besterik ez da, eta herritar gehienei edo bost axola zaie edo matraka hutsa iruditzen zaie. Konstatazio horretatik hasi beharko genuke etxe hau eraikitzen. 

 

Orain badirudi gauzak mugitzen hasiko direla eta txosten honetako ideia nagusiak txertatzen hasiko direla han eta hemen. Ez dakit zertan mamituko den hori guztia, baina dudarik ez dago harekiko erreferentziak ugariak izango direla. Nik neureak sartu nahi izan ditut honen bidez. Barkatu gaizki esanak… eta hori.

Erantzunak

Erantzun bat »

  1. Gaur bakarrik bazkaltzea egokitu zait eta, hala ere,Maripili gora eta Maripili behera, barre txiki batzuk egiteko aukera eman dit zure postak, Martin.

    Nik ere asmoa dut nire ekarpentxoa egiteko Euskara21 txostenari eta zerbait lantzen nabil. Dena dela zerbait aurreratzeko moduan banago.

    Bi aldiz irakurri dut txostena osorik eta lehenengoko irakurketan bigarrenean baino sentsazio hobeak izan nituen. Bigarren horretan paragrafo batzuk ezinegona sortu didate.

    Hala eta guztiz ere, nik zu bezala positibotzat jotzen dut HPSaren ahalegina, eta horrelakoak Euskal Herrian maizago egotea gustatuko litzaidake.

    Zelai | 2009-02-12 - 13:49:34 GMT 1 #

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!