Korredakzio: itzulpenaz haratago
Urtarrilaren 27 eta 28an euskara teknikarientzako jardunaldi batzuk antolatu ditu HPSek 'erabilera-planak herri-administrazioetan goiburu'.
Oskar Aranari eta niri korredakzioaren inguruko esperientzia bat aurkeztea eskatu zitzaigun eta ikusita gure hitzaldiak azkena behar zuela izan eta Eusko Jaurlaritzan korredakzioaren gaia oraindik ere jorratzen baino ez garela hasi, hitzaldi formal bat baino, bideo bat aurkeztea pentsatu genuen. Hain zuzen, Lehendakariordetzan, IVAPen laguntzaz, euskarazko testuak lantzeko martxan dugun lankidetza esperientzia baten berri emateko.
Bideo hura HABEk landu zuen eta saio honetan parte hartzen dugun talde osoa gustura geratu ginen emaitzarekin, izan ere, guk adierazi nahi genituen ideiak ondo jaso zirela uste dugu:
a) Bideoak Eusko Jaurlaritzan hainbat zuzendaritzan dagoen errealitate soziolinguistikoa azaltzen du: langile batzuek beste batzuek baino gaitasun handiago dute, eta hala ere horrek ez du eragotzi euskaraz lan egiten hasteak.
b) Arduradun politikarien konplizitateak duen garrantzia horrelako saioek aurrera egiteko.
c)Gaur egun lege-testuak ez dira korredaktatzen, euskarazko testua gaztelaniazko itzulpena izaten ohi da, salbuespenak salbuespen.
d) Teknikari euskaldun askok ez dute/dugu behar besteko ziurtasuna euskaraz bakarrik lan egiteko, batez ere, gai korapilatsu eta konplexuetan.
e) Gai-teknikari eta euskara-teknikarien arteko elkarlanari esker, gaztelaniazko zein euskarazko testuaren kalitatea hobeto bermatzea lortzen da.
f) Elkarlan horri esker gai-teknikari euskaldunak euskaraz lanean hasteko prestakuntza jasotzen du.
g) Prestakuntza horren barruan daude euskaraz lan egiteko sortu diren hainbat baliabide tekniko eta linguistiko ezagutzea, gai-teknikariak bere orain arteko prestakuntzan ez baitu horien berririk jaso.
Hala ere, pena txiki batekin gelditu nintzen, ez baitakit behar bezala azaldu ote genuen zergatik aipatzen zen korredakzioa gure hitzaldiaren izenburuan. Post honen bitartez hutsune hori betetzen saiatuko naiz.
Korredakzioari buruzko lehenengo notizia IVAPek argitaratzen duen Administrazio Euskaraz aldizkarian irakurri nuen aspaldi (1990 hamarkadan ziurrenik). Orduan, Joseba Lozano zen Aldizkari hori ateratzeko talde horren burua eta oso erreportaje polita argitaratu zuten gai horren inguruan. Izatez, korredakzio teknika Kanadan erabiltzen ohi da normaltasun osoz lege-testuak ingelesez eta frantsesez aldi berean landu eta argitaratzeko. Ordutik, interes handiz jarraitu diot gaiari.
Gure ustez, korredakzioa da lege-testugintzan euskarazko ofizialtasuna bermatzeko tresnarik onena, izan ere, testuak aldi berean sortzen dira bi hizkuntza ofizialetan eta horrek behar bezala bermatzen du testu bien kalitatea, zehaztasuna eta komunikagarritasuna. Bestalde, legegintza-taldean aukera egoten da legelariez gain hizkuntza-teknikariak ere parte hartzeko, eta horrela osatu egiten da arlokako gaiaren gaineko jakintza ereduzko prosa bat lortzeko beharrezko den ezagutzarekin.
Gaur egun, kontuan izanda Legebiltzarrak onartzen dituen lege gehienak Jaurlaritzan lantzen direla, alegia, lege-proiektuak direla, Eusko Jaurlaritza da korredakzioaren gaiari heldu beharko liokeena, zalantzarik gabe, Legebiltzarretik etor daitekeen bultzada asko eskertuko litzatekeen arren.
Modu asko daude gai honi heltzeko (azterketa teorikoak, aldaketak egitea proposatzea Lege-arauak lantzeko prozedurari buruzko 8/2003 Legean, politikariekin bilerak…), baina gai hau sustatzen gabiltzanok ditugun baliabideak kontuan izanik, korredakzioa politikarien agendan sar dadila saiatzen ari gara.
Horrela, azken urteotan, korredakzioaren alde Eusko Jaurlaritzan aurrerapauso txiki batzuk egitea lortu dugu eta pozik gaude. Alde batetik, lortu da Jaurlaritzaren IV Erabilera-Planean xedeen artean korredakzioaren gaia sartzea; bestetik, guk aurkeztutako bideoan sortutako legelari eta hizkuntzalarien arteko lankidetza-saioa. IZOk, gainera, HPSaren sostenguz, eskaintza bat luzatu die Jaurlaritzako sail guztiei, dekretuak edo aginduak korredaktatzea proposatuz.
Beraz, badakigu bideoan aurkeztu genuena ez dela korredakzio-saio praktiko bat, baina horri begira egindako esperientzia-metaketa bat dela uste dugu. Inoz korredakzioari sistematikoki heltzea erabakitzen bada, teknikari-talde bat prestatuta egongo da lankidetzan aritzeko eta zenbait ikasgai eta lan-molde ikasita izango ditu.
Jardunaldietan pozgarria izan zen entzutea udal mailan ere badirela horrelako lankidetza-saio batzuk, agian ez gurean bezain gai espezifikoan baina bai udal-hizkuntza teknikariak bere aholkularitza berezitua eskaintzen diela udaleko arloko teknikariei, eta horrek pentsarazten digu hain oker ez gabiltzala.
Espero dezagun laster sailek IZOren proposamenari heltzea eta gure moduko lan-talde gehiago herri-administrazioetan agertzen hastea, ea hurrengo jardunaldietan esperientzia horien inguruan aurkezpen gehiago egiteko moduan gauden.
Tira bada, zulatuta geratu zitzaidan arantzatxu hori aterata, lasaiago geratzen naiz.

Zabaldu
del.icio.us
Interesgarria korredakzioaren asuntoa. Bideoa ikusi nahi izan dut, baina ez dago jaisteko edo ikusteko modurik.
Benito | 2009-02-05 - 12:07:08 GMT 1 #
Interesgarria eta ezinbestekoa.
Korredakzioa orokortu behar litzateke premiaz erakunde publiko guztietan.
Zenbat oinarri-oinarrizko lege testu, kontratu eta txantiloi dago oraindik euskaratu barik? Edo euskara gaitz eta ia ulertezinean idatzita?
Ea arduradun politikoek, zuek hain txukun planteatutako gonbitea jasotzen duten behingoz...
JJ | 2009-02-05 - 16:53:00 GMT 1 #
Korredakziorik ezaren adibide ezin "hobea" zabaldu du oraintsu Ogasun Sailak beste sail guztietara: Lanpostuen Analisirako inkesta hain zuzen.
Euskarazko bertsioa ulertezina da.
Bada sail batzuek euskaldunak aintzat hartzen hasteko garaia ezta?
Ixa | 2009-02-05 - 17:15:35 GMT 1 #
Bideoa hemen ikus daiteke.
Zelai | 2009-02-09 - 12:59:19 GMT 1 #