Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

04/02/2009 GMT 1

Euskararen metafisika (Roberto Manjon, euskara teknikaria, Berrian)

tiraka @ 15:27

"Edertasuna, Ontasuna, Maitasuna..., Platonentzat errealitatea ideiak, hitz handiak ziren, ez aurrean ikusten zuena. Platonek ez zion munduari begiratu nahi, ihesa nahiago. Antzekoa da euskal erakunde publikoetako agintariei eta euskaltzale askori gertatzen zaiena: nahiago dute idealismo zaharraren bidetik ibiltzea euskararen benetako egoerari behatzea baino. Nola gelditu euskararen galbidea eta kontrako norabidera ekarri? Antza denez, neoplatonismoz, gaur egungo fetitxe edo ideia handiak baliatuz: Integrazioa, Adostasuna, Guztien Eskubideak, Aniztasuna, Demokrazia, eta noski, Erakargarritasuna, merkatua, merkatu kulturalean euskarazko produktu erakargarriak ezinbestekoak direnez.

 Horrelako ideietan oinarritzen da Eusko Jaurlaritzak proposatzen digun politika linguistikoa, 21 Euskara, XX. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak delako txostenaren arabera. Gainerako erakundeetatik ere, antzeko mezuak heltzen zaizkigu: euskarazko kultur produktu erakargarriak ekoiztea omen da euskarak irauteko eta suspertzeko estrategiaren zutabe nagusietako bat, printzipala ez bada. Produktu bat erakargarri zerk egiten duen inork argitzen ez badigu ere.

Nazionalistek errealismo osoz eta ezin gogorrago jokatzen dute botere handien esanetara dihardutenean, AHT kasu, baina hizkuntza-gatazkatik ihes egiten dute. Ez gaitu ustekabean harrapatzen. Biziki kuriosoa da, ordea, hainbat euskaltzalek berdintsu jokatzea. Jakina, askoren interes pertsonalak eta agintarienak berdintsuak dira, baina balizko arrazoi hori ez da nahikoa fenomenoa azaltzeko, beste euskaltzale batzuen soslaia desberdina denez. Zer funtsezko ezaugarri partitzen dute batzuek eta besteek? Hipotesi bat: gaurko sistema sozio-ekonomiko eta, oro har, kulturalarekiko atxikimendua, kapitalismo berri eta haren bizimoduarekikoa.

Hor dago koska. Ez dugu gure bizimodua kolokan jarri nahi. Euskara hirugarren eta laugarren mailako kontu bat da gure bizitzan, penaz bada ere, alboratua, eragin eskasekoa, gehienontzat, iragan minez eta ukitu poetiko batez gure eguneroko bizitza hits eta goibela gozoago bihurtzeko aukera, eta batzuentzat bizimodua ateratzeko tresna, protagonismoa lortzeko bidea, boteretsu sentitzeko aukera.

Horrela ulertzen da nola Jaurlaritzaren XXI. menderako adituek egindako ekarpen gehien-gehienek saihestu duten Gobernuak berak saihestu duena: gatazka. Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren txostenari egindako hamar kritika edo ekarpenetatik bederatzik alderdi teknikoak lantzea dute xede eta muga, hizkuntza politikaren benetako zutabeak aztertu gabe.  

Joseba Arregiren ekarpenak aipamen berezia merezi du, errealitate gordinera eramaten baikaitu: gogorarazten digu gizartea berez gatazkatsua dela, eta hortxe dagoela euskal hiztun-herriaren arazoa. Hizkuntza-arazoek dimentsio politikoa nabarmena dute. Hizkuntza-gatazkan talka egiten dute batzuen eta besteen interesek, herritar guztiek ezin dituzte eskubide berak izan, edo maila berekoak; batzuen interesak eta eskubideak besteenen kontra daude, eta batzuk besteen mendekoak dira. Euskal hiztun-herriaren arazoaren alderdi nagusia, erabakigarriena, botere-arazoa da.

Denok dakigun bezala, euskal hiztun-herriak bere tokia, alegia, botera galtzen joan da. Halako moduan ahuldu da non gaur egun euskal herriaren azken txatalak baino ez diren geratzen. Euskal Herria ezerezetik hurbil dago, ez baitago inolako boterik gabe bizi daitekeen entitate sozialik, boterea, forma eta kontzentrazio-maila desberdinetan, bizi den izaki sozial ororen nerbio-sistema delako. Eta horra hor non agertzen diren demokratikoki eskubide gehiago eta interes babestuagoak dituzten erdal komunitateak, egituratuagoak, antolatuagoak, indartsuagoak, handiagoak. Haien parametroen arabera, dena da integrazioa eta aniztasuna. Kontra jarriz gero, horra hor gatazka linguistikoa (eta bestelakoak).

Lehengo bide beretik datoz gaurko botere sozio-ekonomiko eta politikoaren sare globalizatzaileak, euskararen galbide historikoa sakontzen, euren kulturak eta hizkuntzak baitakartzate, orain herri, auzo eta etxe guztietaraino. Eta horra hor metafisika berriro ere: lasai egon, globalizazioak, botere-kontzentrazioa badakar ere, norberak bere tokikoa balioestea ere bai, eta horrexek lagunduko dio euskal herriari. Jakina! Lagunduko ez du ba! Euskara lebitazioan ibiliko da, euskarri ekonomiko, politiko eta sozialik gabe, baina botere espiritual baten sostenguaz! Bizitzaz haraindi, badago beste mundu bat hizkuntzentzat, museo eta artxiboez gainera: tribalizazaioa, mundu postmoderno globalaren ohiko kultur eskaintza. Leinutxo batzuek gizartean funtziorik ez duen hizkuntza bat, erdi erritualizatua, identitate-ikur bezala erabiliko dute. Bazterreko identitate eta oso partzial bat kontsumituko dute, espazio fisiko eta denborazkorik gabeko on-line sareetan eta, bizitza arruntetik kanpo, egutegian markatutako euskaldunen topaketetan, Idahoko euskal jaietan bezala.

Metropolizazioaren garaian gaude. Mundu globalaren eredu urbanistiko eta soziala hiri hedatua, sakabanatua, espazioetan espezializatua da, mundu zabaleko hainbat fluxu eta sareren geltokia, urruneko botere-gune batzuen biltegi eta lantoki deslokalizatuak. Eta hona helduta, hara non gure agintariek arin-arinka neoplatonikoak izateari utzi eta enpirista-errealistak bihurtzen diren. Hitz potoloak amaitu dira, ergelak engainatzeko izan ezik: sostenible. Ez dira makalak globalizazioa bultzatzen: toki on bat eduki nahi dute mundu globaleko botere handien zerbitzura. Euskal herriak irautearren, ordea, hobe litzateke bigarren edo hirugarren mailan geratzea baina... Askoz hobeto haranak azpiegitura globalez bete eta metropolizatu ordez, eskualdeak eta herriak indartuko balituzte, beren antolamendu urbanistiko, ekonomiko eta kulturala autoerregulatzeko gaitasuna izan dezaten, horixe baita, Jaurlaritzako hizkuntza-politikako arduradunek ondo dakitenez, euskal herriak irauteko oinarrizko baldintza.
 

Baina metropolia da gure etorkizuna. Atzera pausorik ez, beti gero eta gehiago, mugarik gabe: errepide-sarea handitzeko planak, obra publiko handiak, azpiegitura erraldoiak, portu erraldoiak, AHT... Herririk, lurrik, haranik, naturarik gabe geratzen ari garela? No problem, think gaur, ezin baita historiaren norabidea aldatu, gehienez ere kudeatu ahal da; patuak agintzen du. Baliteke, baina euskararen iraupenak patua aldatzea eskatzen du, ez kudeatzea. Historian izan diren aldaketa sozio-ekonomikoek, politikoek, kulturalek euskal herria boterik gabe utzi eta ia suntsitu dute. Horregatik, euskal herriaren eragileei dagokie esatea zer gizarte mota eratu behar den, zer irauli, aldaketa sakonaren subjektuak nor izan daitezkeen, zein estrategiari jarraitu beharko zaion. Gure bizimoduan astindurik nahi ez badugu, aurrerapenaz gozatu eta Jaurlaritzak bezala joka dezagun: zainketa paliatiboak -hizkuntza-politika deritzo- gaixoa sufrimendurik gabe hil dadin; poesia asko -kultur politika deritzo- heriotza lirikoa eta polita izan dadin."

 

Roberto Manjon, euskara teknikaria

Erantzunak

Erantzunak(6) »

  1. Atzo irakurri nuen artikulua eta oso-oso interesgarria iduritu zitzaidan. Google-n bilaketa egin nuen eta are interesgarriagoa iruditu zitzaidan beste artikulu bat topatu nuen Erabilin (http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1165230902). Nik antzeko argudioak erabili izan ditut zenbait udal ordezkariren aurrean (Aralar, EAE...) 3.000 biztanleko herri euskaldun batean 350 etxebizitza berri eraikitzeak eragingo zituen ondorio linguistikoez ohartarazi nahian... Hainbat azpiegitura eraiki aurretik ezinbestekoa izaten da Ingurumen Eraginari buruzko Azterketa ("Estudio de Impacto Ambiental")egitea. Bada pareko zerbait sortu beharko litzateke euskararen normalizazioaren ikuspegitik. Erabat ados nago Manjonek hizkuntza-politikei buruz duen ikuspegi zabalarekin, izan ere, politika guztiek dute euren baitan hizkuntza-politika bat. Industria, etxebizitza... politikak ere hizkuntza-politika dira, hizkuntza mailako ondorioak dituzten heinean, eta ziurrenik "hizkuntza-politika" deitzen dugun horrek baino gehiago. Esaterako, herri euskaldunetan Babes Ofizialeko Etxebizitza bat eskuratzeko baldintzen artean euskalduna izatea ere sartu beharko litzateke. Jaurlaritza eta zenbait euskaltzale ilustreri horrelako proposamenak utopikoak irudituko zaizkie baina Irlandan edota Flandrian egiten dute jada. Zergatik gurean ez?

    Errotapea | 2009-02-05 - 13:45:10 GMT 1 #

  2. Roberto Manjon Osakidetzako euskara teknikaria dela esan didate oraintxe bertan eta Osakidetzako euskara plana sutsuki defendatzen duen horietakoa omen da gainera... Ez dut ulertzen aurreko artikuluetako argudioak eta Osakidetzako euskara plana nola defenda daitezkeen kontraesanean erori gabe baina tira, aurrez aipatutako bi artikulu horietan aurkezten diren ideiekin gelditzen naiz (Osakidetzako euskara plana lotsagarria iruditzen zait ordea).

    Errotapea | 2009-02-05 - 13:53:03 GMT 1 #

  3. Roberto Manjonek oso artikulu interesgarria idatzi zuen EIZIEren aldizkarian, batik bat itzulpen-politikari buruz, baina euskara planak ere sakonki aztertuz.

    Martin | 2009-02-05 - 22:27:36 GMT 1 #

  4. Kaixo, Roberto:
    Zorionak berrian argitaratutako artikuluagatik, gustatu zait. Iritzi guztiak, ekarpen guztiak dira kontuan hartzekoak, eta zurea oso interesgarria iruditu zait, benetan.
    Nik berrian beste artikulu hau irakurri dot, eta interesgarria iruditu zait, jartzeko modukoa. Baina, antza, tirakan ez dute egunero egunkaria irakurtzen.

    Euskarari lehentasuna

    Unai Larreategi

    EHEko kidea

    Gutxiengoen hizkuntzen Euroitunaren bigarren ebaluazioa dela eta, hamaika iritzi jaso dugu azken aste hauetan Euskal Herriko administrazio guztien partetik, begi bistakoa den errealitatea desitxuratu eta bakoitza bere burua zuritzeko ezinezko ariketa batean murgilduta. Azken finean, beltzuneak beltzune dira eta hori argi ikusten dugu Adituen Batzordeak idatzi duen balorazio txostena irakurriz gero. Aitortu beharra badago ere, Hizkuntza eskubideen Behatokiak eta euskalgintzako beste hamasei erakundek eginiko ekarpenei esker ikusarazi dira txostenean azaltzen diren eskubide urraketa gehienak. Administrazioek esan dituztenak aztertu aurretik, ongi legoke Euroitunaren filosofiaz bi hitz egitea.

    Gutxiengoen hizkuntzen Euroituna Europako Kontseilua osatzen duten estatuek beren baitan dituzten hizkuntzak zaintzeko egindako gomendio zerrenda bat da, nahi duenak sinatu edo ez erabaki dezakeena. Eta, noski, ez sinatzea edota sinatutakoa ez betetzea merke dute estatuek. Eta hori ez da aldatuko Europako Kontseiluan parte hartzen duten estatuek euren izaera mantentzen duten bitartean. Kasuak kasu, gehienek hizkuntza nagusiak besterik ez dituzte kontuan hartzen eta hizkuntza komunitate gutxituak desagertzeko bidera daramatzate. Herritarren oinarrizko eskubide diren hizkuntza-eskubideak ez dituzte bere egiten, hizkuntza komunitateetako lurralde naturalak zatitu egiten dituzte...

    Euskaldunoi, zoritxarrez, Europan estatu edota inperio gehienek herri eta hizkuntza komunitateak estatu egituretara makurtuta daudela esatea ez zaigu arrotza egiten, Frantzia eta Espainia horren adibide garbiak baititugu. Bi kasuak ezberdinak badira ere, bietan hizkuntza nagusia estatuaren hizkuntza da. Frantzian inolako aipamenik ez zaie egiten gainontzeko hizkuntzei (udaberrian egingo dute beste eztabaida bat honen inguruan Frantziako Legebiltzarrean), eta Espainian, berriz, gainontzeko hizkuntzei aitormen bat ematen zaie, baina betiere hizkuntza nagusia zein den argi utzita.

    Politika horren ondorio logikoa da Frantziak Euroituna bere garaian sinatu arren berretsi gabe edukitzea, eta Espainiak sinatuta eta Euroituna berrestean konpromiso irmoenak status ofiziala duten hizkuntzei aplikatu behar zitzaiela esan arren (horrela Nafarroa Garaiko eremu mistoan eta ez-euskaldunean ez da aplikagarri) hartu dituen konpromisoak bete gabe izatea orokorrean. Logikoa beharko ez lukeena Euskal Herriko administrazioetatik entzuten ditugunak entzutea litzateke. Alde batetik, Nafarroa Garaiko Euskarabidearen arduradunak eta, bestetik, HPSrenak (Jaurlaritzaren hizkuntza politikarako sailburuordetza) izan dira balorazioak egin dituztenak.

    Xabier Azanzak esan dituenak entzunda, bi gauza azpimarra genitzake. Batetik, euskaldunok Espainiari eskerrak eman beharrean gaudela ituna sinatu eta berrestearren, eta, bestetik, Nafarroan aplikatzen diharduten hizkuntza politika egokia dela (bide horretatik jarraitu behar dugu idatzi zuen irakurketaren bukaeran). Bide horretatik? Bide horrek ikusi dugu zer ekarri dion euskarari Nafarroan. Azken adibidea Ttipi-Ttapa telebistaren itxiera izan da, baina, zoritxarrez, horrelako kontu askorekin aurkitzen gara nafar gobernuaren politikaren ondorioz.

    HPSk egindako irakurketan ere badago zer azpimarratu. Etengabeko erreferentzia egiten zaio zentralitateari, euskalduntze prozesua azkartu nahi duten eta geldotu nahi dutenen arteko zentralitateari. Beraien jarrera eta ekinbide guztiak justifikatzeko erabiltzen duten argudio bihurtzeraino. 30 urte igaro eta gero Ertzaintzaren %70 erdal elebakarra izatea ze zentralitateren ondorio da? Edota osasungintzan egingo diren martxoko oposizioetan euskara profila soilik %20ri eskatzea? Eta eskolak euskalduntzeari begira aurrerapausorik ez ematea? Zentralitatearen ondorioak horiek al dira? Ederto gaude.

    Gure ustez, bi bide daude hizkuntza politikaren helburuak zehazteko orduan. Bide batek euskaraz biziko den herria luke helmuga. Besteak, berriz, gaur egunekoan sakontzea dakar, euskararen mendekotasuna eta erdaren nagusigoa bermatuz. Beraz, helburuetan ez da erdibiderik. Erdibideak edota adostasunak helburu horiek lortzeko bitarteko eta denborak zehazterakoan jarri beharko genituzke. Baina ados al gaude helburuetan?

    Euskaraz biziko den herria eraiki nahi ez dutenei alferrik eskatuko diegu ezer, baina euskaraz bizitzea nahi dugunoi garaia heldu zaigu euskarari lehentasuna emateko. Administrazio, alderdi, eragile, norbanako guztioi dagokigu euskarak behar duen aldaketa hori gure egin eta hori garatzeko konpromisoa hartzea. Guztiok batera herri gisa jokatzen asmatzea da kontua. Hori egiten asmatuko bagenu, erakarpen indar nahikoa edukiko genuke bide arrakastatsu bat eraikitzeko.

    Bide hori, ordea, ezingo dugu eraiki Euroituna bezalako tresnek daukaten izaerarekin. Gaur eguneko ereduak apurtu, eta euskararen geroa Euskal Herrian erabakitzeari ateak zabaldu behar dizkiogu. Badakigu hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidea lortzeak ez lukeela automatikoki Euskal Herria euskaldunduko, baina hori gabe nora goaz? Zer dago bestela bidearen bukaeran? Irlandan gertatu zena hamaika aldiz entzun dugu, baina ba al da hizkuntza gutxiagotu izatetik hizkuntza normalizatzeko pausoa burujabetzarik gabe lortu duen herririk?

    Irakurlea | 2009-02-09 - 09:39:47 GMT 1 #

  5. Kaixo "irakurle":
    Tirakan denetik dago, egunkaria egunero irakurtzen dutenak, gainetik irakurtzen dutenak, eta esku artean hartuta, jarrita ilustratzen direnak. Hori bai, ez digute egunkaria "letzeagatik" sosik ere ordaintzen. Aniztasuna da tirakaren ezaugarririk aberatsenetakoa, eta horrela jarraitu nahi genuke denbora luzean.
    Bidenabar, interesgarria iruditu zait Larreategiren artikulua.

    Burunda | 2009-02-09 - 14:30:07 GMT 1 #

  6. Errotapearen kritika dela-eta, hitz batzuk. Osakidetzaren plana "sutsuki" defendatzen dudala ez dakit zer dela-eta ondorioztatzen duen, inoren intentzioaren gaineko ustea ez baita oso erraz oinarrizten, ez eta arrazoiak frogatzen ere. Dena dela, argitu nahi dut orain arte euskera-zerbitzuaren burua izan naizenez, plan hori bultzatzea izan dela nire lanaren atal nagusia, zerbitzuko gainerako lankide guztien antzera. Planaren gainean eta planaren betetze-mailaz zer uste dudan nire lankideek ondo dakite, Errotapeak baino hobeto.

    Guztiarekin ere, ikuspegi pertsonalago batetik abiatuta, uste dut planak sortze beretik gabezia handiak izan baiditu ere, abiapuntu bat izan zitekeela, arau bat, erreferentzia jakina, xede aitortu batzuk mahai gainean jartzen zituena. LAB ere iritzi berekoa izan zen, eta plana onartu zenean bere jarrera argi utzi zuen: pauso bat zela, oso atzeratuta heldu dena, baina haisera bat, eta hortaz, ez zutela kontra egingo; aitzitik, prozesuari begiratuko ziotela eta laguntzeko prest zeudela; gerora, zapuzten bazen, orduan erabaki egokiak hartu zituela (eta hala egin zuen).

    Nire ustez, planen inguruan badago oinarrizko oker bat, agintariek nahiz mugimendu euskaltzaleetako batzuek izaten dutena: planen muina edo ardatza derrigortasun-datetan ikustea. Hori bainoz askoz konplexuagoa da kontua, eta kanpotik ez da erraz antzematen. Euskera planen benetako arazoa enpresa-planak ez izatean datza. Planen arrakasta aitzindaritza-neurrien araberakoa da, transbertsalitatean, langileen partaidetza, euskarazko jarduera saritzea... Batez ere alor horretan izan behar da ausarta, alegia, plan baten paperezko testuan agertzen ez diren gauzetan, boterearen inplikazioa hortxe jokatzen baita. Paperean munduko planik politena idatz daiteke, derrigortasuna nonahi, baina hutsaren hurrengoa izango da alderdi horiek huts egiten badute (eta huts egiten dute, boterea euskal hiztun-herritik urrun samar dagoelako). Adibide bat: Osakidetzako Gipuzkoa Mendebaldeko Eskualdean derrigortasun-data ezarri diete zuzendaritzako zerbitzu administratiboetako lanpostu guztiei: plana garatzeko gutxien egiten duten erakundeen artean dago Eskualde hori.

    Itxaron zitekeenez, plana gauzatzen hasi orduko nabaria izan da Osakidetza eta Osasun Saileko agintarien interes eza. Gurutzetako Ospitaleak antolatutako jardunaldi batean arestian aipatutako gabezia estruktural horiek agerian utzi nahi izan nituen, jakina, estilo administratiboan egindako diskurtso tekniko batez bidez. Badirudi bertan egon zen kazetariak ez zuela ulertu zerbitzuburu edo teknikari batek bere funtzioen arabera jende aurrean hitz egiten duenean ezin duela mitin bat bota -eta ez duela egin behar, azterketa tekniko bat egin behar baitu. Testuninguruak ezinbestekoak dira mezuak ulertzeko, tokiak, rolak, funtzioak...

    Berriki planaren ebaluazio oroko bat egin dugu zerbitzuan (nire testamentu administrabo baten modukoa), gauza interesgarri asko esaten dituena. Teorian, jende aurrean jarri behar du Osakidetzak, baina badirudi ez dakiela harri goror hori nola irentsi.

    Goian esandako arrazoiengatik, nire ardurari uko egin nahi izan nion aurreko legegintzaldian, baina, batetik, leialtasun pertsonal bategatik, eta bestetik, euskara zerbitzuaren egoeragatik, nire ardura-aldia luzatzea erabaki nuen. Jada ez dut egoera hori gehiago luzatu nahi, eta nire dimisioa aurkeztu berri dut. Urtarrilaren 1etik aurrera ez naiz zerbitzuburu izango, ez eta euskera-zebitzuko teknikari ere. Prentsan ikusi duzuenez,askatasun handi samarraz jardun dut euskeraren normalizazioari eta AHTri buruz, oro har, eta laster Osakidetzari buruz ere modu berean hitz egiteko aukera izango dut.

    Azken oharra: Berrian argitaratutako nire artikulu biren gai bertsuen inguruan, artikulu bat argitaratu didate TAV, las razones del no liburuan (Txalaparta 2009), eta euskeraz bertsio garatuago bat argitaratuko omen dute BAT aldizkarian. Inork Txalapartakoa eskuratu nahi badu, emailez bidaliko diot (ROBERTO.MANJONLOZOYA@osakidetza.net)

    ROBERTO MANJÓN | 2009-12-02 - 11:55:18 GMT 1 #

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!