Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak euskara sustatzeko elkarlan hitzarmena sinatu dute
berrotza 2009-01-27 @ 08:14
Pozik bai, baina...
Aspaldiko partez berri pozgarri batekin natorkizue. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eremu batzuetan aspalditik kultura esparrurako proposatzen genuen elkarlana aurrera eraman dute eremu mugatu batzuetan. Arestian Justizia esparruan emandako aurrerapausoak ekarri nituen hona, orain hizkuntza alorrean elkarlanean aritzea erabaki duten berriak pozten gaitu. Ea noiz helduko zaion kulturaren gaineko gaiei. Euskararen ikerketa, aholkularitza, itzulpengintza, helduen euskalduntzea, belaunaldien arteko hizkuntzaren igorpena eta toponimia dira, besteak beste, etorkizunean bi aldeek elkarren artean jorratuko dituzten gaiak.
Kulturan (Liburutegi, liburu esparruan) ere hamaika gai daude zain elkarren artean aritzeko, bidea leuntzen ari dela dirudienez, hurrengoa izango ahal da!
Baina berriak, tamalez badauka bere alde goibel, aurrerapauso galanta izan bada ere, aurrekoetan behin baino gehiagotan adierazi dudana laburbilduko dut, kezka handiak ematen dit “eusko” hitza alde batean soilik ikustean. Bereziki, honetako hitzarmenetan agertzen denean, eusko terminoa ez da soilik Euskadiko (Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako) Jaurlaritzarena, Nafarroako Gobernuarena Eusko Jaurlaritzarena bezain propio baita. Nabarraldeko azken Haria aldizkarian, 23. zenbakian, eusko terminoaren erabilera egokiari buruz artikulua daukazue. Dena den, hain da pozgarria ikustea bi euskal gobernuak elkarlanean aritzen, non oraingoz ospa dezagun, eta ea ahalik eta azkarren lortzen dugun esparru bat egitea, eta hori ezean, behintzat emeki-emeki euskaldun guztiak elkarlanean bukatzen dugun aritzen esparru guztietan.
Beraz, pozik bai, baina...
G. L.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

