Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

26/01/2009 GMT 1

UEMA

martinrezola @ 13:45

Norbaitek azal dezake, ganoraz, zergatik utzi duen EAJk UEMA? Nik ez dut ezer ulertzen… 

 E.lkarrizketa: Jon Bollar UEMA-ko lehendakaria (2009ko urtarrilaren 23a, Gaur8)  

«Erakundeak urrunago joan ahal dira baina, euskaldunon kaltean, ez dute egiten"UEMAk zer izan nahi zuen, zer izan den eta zer izan nahi duen. Hiru ardatz horiek izango ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak aurtengorako prestatu duen hausnarketak. Ateratako ondorioek erakutsiko diete etorkizuneko bidea. 

UEMAko 56 udalerriek, euskararen abangoardia osatzen dute. Horietan, herritarren %70 baino gehiago euskalduna da eta euskaraz bizi daiteke, berdin kalean, komertzioetan edota udaletxean. Euskal hiztunen hizkuntza eskubideak hoberen zainduta dauden udalerriak dira. Jon Bollar, Aulestiko alkatea izateaz gain, UEMAko lehendakaria ere bada 2007ko urriaz geroztik. Ordutik, mugimendu dezente izan da mankomunitatean. EAJk zuzendaritzan dituen hiru tokiak hutsik daude eta dagoeneko lau dira UEMAtik ateratzea erabaki duten udalerriak. Trabak traba, UEMAk aurrera begira jarraitzen du eta urte hasi berri hau garrantzitsua izango da.  

Getariako Udalak UEMAtik aterako dela esan du. Dagoeneko badira lau joan direnak eta lauetan EAJk dauka alkatetza. 

Bai, joan direnak Mendexa, Munitibar, Etxebarria eta Getaria izan dira, guztiak EAJren alkatetzak dituztenak. Susmoak hor daude. Gainera, aurreko legegintzaldian mankomunitateko lehendakaritza EAJren esku egon zen eta noraezean ibili zen UEMA. Ez zen udalerririk irten bertatik baina sartu ere bakarra egin zen lau urtean; Alegia. Ikusten genuen UEMA hiltzen utzi nahi zutela. Amaitu zen legegintzaldia, ezker abertzaleak gehiengoa lortu zuen UEMAko udalerrietan eta ni aukeratu ninduten lehendakari. Lehenengo susmo txarra hartu genuen EAJk Zuzendaritza Batzordean zegozkion hiru tokiak hutsik uztea erabaki zuenean. Batzar hartara EAJko ordezkari dezente joan zen, herrietako hautetsiak. Eta nahikoa eztabaida izan zuten beren artean. Jakin genuenez, herrietako hautetsiak UEMAren alde egon arren, goitik mankomunitatean ez parte hartzeko agindua jaso zuten. Beraz, garbi ikusi genuen EAJko zuzendaritza UEMAren kontra dagoela. Hori ematen du, behintzat. Izan ere, gurekin ez dira inoiz harremanetan jarri, ez dizkigute argibideak eman. Eta askotan eskatu diegu bilera bat. EAJk utzitako tokiek hutsik jarraitzen dute, beste alderdietako ordezkariek ez dituzte bete. Guk beti uzten dugu atea irekita, hori da gure jarrera. Eta bilera horren zain gauden arren, EAJrekin edo gabe, lanean jarraitzen dugu. 

Mankomunitatetik ateratzea erabaki duten udalerriek azalpenik eman al dute? 

Edonor libre da, nahi duenean, mankomunitate batetik alde egiteko. Herri horietako batzuk diru kontuak aipatu dituzte joateko arrazoi bezala. UEMA garestia dela esan dute. Eta badakigu askozaz garestiagoak diren mankomunitateetan daudela, baina, tira. Horietako batzuk Eusko Jaurlaritzak sortu duen Udale zerbitzura joan dira. Oraindik inork ez daki oso garbi zer egiten duen Udalek, zertarako balio duen. Beste batzuen esanetan, eurek dagoeneko badaukate euskara teknikaria eta euren kabuz ibili behar dute aurrerantzean, nahiz eta UEMAk asko lagundu diela onartu duten. Hori esan du, esaterako, Getariak. Hala ere, Getaria oraindik UEMAko kide da, guregana ez baita iritsi jakinarazpenik. Dakiguna, komunikabideetan irakurri duguna da. 

Lakuako Gobernuak, UEMAren parean Udale zerbitzua sortu du. Ez dirudi indarrak batzeko modurik egokiena. 

Eurek beti esaten dute elkarlana beharrezkoa dela, guztiok batera egin behar dugula lan. Baina, gero, ez digute ezertarako deitzen, ez dute gurekin kontatzen eta, gainera, gauza paraleloak sortzen dituzte. UEMAn dauden udalerriak euskara arloan Euskal Herrian ondoen dauden herriak dira, abangoardia bat osatzen dute. Eta, hori, Eusko Jaurlaritzak berak onartzen duen zerbait da. Baina, gero, lagundu beharrean, bidean harriak ipintzen ahalegintzen dira. 

Jarrera horrek esan nahi du zerbait EAJren benetako asmoen inguruan. 

Asmo garbirik ez daukatela esan ahal da. Gaur egun martxan dagoen hizkuntza politika bera ere zalantzan jartzen dugu guk. Legeak ez du babesten eta, legeak babesten duenean ere, kasu askotan euren legea ez dute betetzen. Azken kasu garbia Osakidetzarena izan da. Urrunago joan ahal dira, baina ez dute egiten. Eta beti euskaldunon hizkuntz eskubideen kaltetan izaten da hori. 

Trabak traba, UEMAk aurrera egin du. Iaz 20. urtemuga ospatu zuen eta aurtengoa «hausnarketa urtea» izendatu duzue. 

Udalerri euskaldunen lehenengo mugimendua sortu zenetik 20 urte bete ziren iaz. Egia esan, UEMAko udalerriek hogei urteotan asko aurreratu dute eta helburuak ere oso egokiak direla ikusten dugu. Baina, azkenaldi honetan gure ingurua eta mundua asko aldatzen ari dira. Esaterako, lehen gure udalerrietan guztiak bertokoak edo ingurukoak ziren eta, gaur egun, kanpotik gero eta jende gehiago etortzen ari da. Lehen ere etortzen ziren, baina Estatu espainoletik batez ere. Eta, orain, mundu guztitik etortzen dira. Beraz, erronka berriak daude eta horiei erantzuteko modu berriak behar dira. Horrekin kezkatuta, beharrezkoa ikusi dugu hausnarketa bat hastea. 

Zer nolako hausnarketa izango da? 

Adituekin berba egin genuen hausnarketa hori zelan egin daitekeen ikusteko. Gutxi gora behera urtebete iraungo duen hausnarketa izango da eta hiru ardatz izango ditu. Batetik, UEMAk izan nahi zuena birgogoratu nahi da. Horretarako, mankomunitatearen sorrera hartako hautetsiekin, gizarte eragileekin, agintari politikoekin eta herri mugimenduekin batuko gara -posible den kasuetan, batzuk hilda daudelako- eta UEMAk izan nahi zuena jasoko dugu dokumentu batean. Bigarrenik, UEMA izan dena jasoko dugu. Horretarako, aurreko legegintzaldietako hautetsiekin, alkateekin, arduradun politikoekin, eragile desberdinekin batuko gara eta hortik beste dokumentu bat aterako da. Eta, azkenik, hirugarren pausua UEMAk hemendik aurrera izan nahi duena definitzea izango da. Eta horretarako gaur egungo hautetsiak, alkateak, arduradun politikoak eta eragileak elkartu eta horren inguruko eztabaida sustatzea da asmoa. Modu berean, kanpoko esperientziak ere kontuan hartu nahi ditugu eta horretarako topaketa edo jardunaldiak antolatzeko asmoa daukagu. 

Erronka berriei erantzuteko moduen bila abiatu da UEMA. Izan ere, hizkuntza errealitatea asko aldatu da, eta aldaketa gehienak ez dira euskararen mesedetan izan, ezta? 

Hori horrela da. Horregatik ezin dugu geure buruari begira gelditu, duela hogei urte jarritako helburuak onak direla eta egindako lana ere baliagarria izan dela pentsatuz. Errealitatera moldatu beharra daukagu. 

Etorkinen gorakada da aldaketa horietako bat. 

Batzuk badakite nora datozen, baina beste askoren ustez, Espainiara edo Frantziara datoz, eta kito. Horregatik, ezusteko handiak izaten dituzte UEMAko udalerri askotan. Beste esperientzia batzuk ikusi -Katalunia, esaterako, askoz aurreratuago dago honetan- eta dagoeneko urrats batzuk ematen ari gara. Gure udalerrietan diptiko batzuk banatzen ari gara etorkinei. Diptikoak euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan daude idatziak: ingelesa, gaztelania, frantsesa, arabiera, errumaniera... Gure udalerrietan nongo etorkinak dauden ikusi eta horren arabera prestatzen ditugu diptikoak; euskaraz gain, zein hizkuntzatan prestatu erabakitzen dugu. Hartara, etorkin horiek erroldatzera udaletxera etortzen direnean, idazkariak diptikoa ematen eta agertzen die. Bertan, Euskal Herrian daudela eta herriak euskaraz funtzionatzen duela agertzen zaie, eta zerbitzu orokorren eta udalerriko zerbitzuen berri ematen zaie. Ekimen hau martxan dago 2008ko bukaeraz geroztik. Ez du arazoa konponduko, baina, gutxienez, lagundu egingo du. 

Erdaraz bizitzeko zailtasunak dituela salatu izan du herritar talde batek. Seme-alabak eredu erdaldunetan ezin dituztela matrikulatu eta halakoak salatu ditu. 

Nik ez dakit beste herri batean bizi ote naizen. Nik erdaldunei ez diet ezelako diskriminaziorik ikusten. Erdaraz bizi ahal dira udalerri guztietan, baita UEMAkoetan ere. Guri, euskaldunoi, ez zaigu halakorik gertatzen. Elebitasuna gora eta behera ari dira eta garbi dago elebitasuna udalerri euskaldunetan bakarrik betetzen dela, ez beste inon. Erdaldunek erdaraz bakarrik eta euskaldunek euskaraz bakarrik dakitela esaten duen diskurtso faltsua zabaltzen ari dira. Hori ez da egia, elebidun bakarrak euskaldunak gara. Oraindik ere biktimak euskaldunak gara. Izan ere, erdaldunek beti beren hizkuntza eskubideak errespetatuak izaten dituzte. 

UEMAk egiten duen lana ez al da isilegia? 

Bai. Azken urteotan ikusi dugu UEMA apurka-apurka lanean ari dela, politika oso aurrerakoiak jarri dituela martxan, baina nahiko isilik egiten duela lan. Horregatik, gure erronken artean badago prentsa zerbitzu propioa sortzearena eta alor hori gehiago eta hobeto lantzea.  

«UEMAKO UDALERRI ASKOTAN, ERDALDUNAK IZANGO DIRA ANBULATORIOKO HARRERAKO ADMINISTRARIAK» Azkeneko lan eskaintza publikoan Osakidetzak euskara baztertu duela eta «iruzurra» egin duela salatu dute UEMAK eta Behatokiak.  

Hor ikusten da Osakidetzako arduradunek zelako sentsibilizazio maila daukaten euskararen alde. Tira, esan ahal da  sentsibilizazioa euskararen kontra daukatela. Osakidetzaren lan eskaintza berrian 2.539 lanpostu aterako dira lehiara eta lanpostuen laurdenerako bakarrik (%23,10erako) egiaztatu behar da euskararen ezagutza. Baina %23 horretako erdiak baino gutxiagok bete beharko du benetan euskararen perfila. Izan ere, beste erdiak data barik edo 2010eko abendua baino lehen egiaztatu beharko du euskararen ezagutza. Ordurako, beren lanpostua lortua izango dute eta inork ezingo ditu mugitu postu horietatik. Lotsagarria da udalerri euskaldun askotan emango den egoera. Osakidetzatik-eta askotan esan izan da ez dagoela mediku euskaldun nahikorik. Baina, orain, deialdi berri horren arabera, UEMAko udalerri askotan harrerako administrariak ere erdaldunak izango dira. Zer esan behar dute, ez dagoela administrari euskaldunik? Guztiz lotsagarria da.  

«Mediku ona izatea da garrantzitsua, ez euskalduna izatea». Asko entzuten den argudioa da. 

Mediku ona izatea ez da nahikoa. Medikuarekin harreman bat izan behar duzu eta udalerri euskaldunetan, nahiz eta jendeak ez sinistu, askotan gertatzen da pazienteak eta medikuak ezin dutela harreman ona izan ez dutelako elkar ulertzen. Nagusien kasuan eta umeen kasuan ematen dira batez ere hizkuntza arazo horiek, baina baita pertsona helduen kasuan ere. Hori esaten duenari nik galdera batekin erantzungo nioke: pozik egongo al litzateke mediku aleman batekin? 

Lanpostu publiko bat lortu ahal izateko euskaraz jakin behar izatea hizkuntzari bultzada emateko modua ere bada.  

Dudarik gabe. Kasua larria da, Osakidetzaren baitako sindikatu batzuk harro agertu dira negoziaketetan euskararen derrigortasuna lanpostu batzuetatik kentzea lortu dutelako. Garbi dago Osakidetzako arduradunek garrantzia gehiago ematen dietela sindikatuetako eskariei herritarren hizkuntza eskubideei baino. Benetan lotsagarria da. Egia da, hala ere, Osakidetzaren baitan badirela euskararen aldeko sektoreak eta horiek benetan haserre daude eta beren kexak aurkeztu dituzte Osakidetza barruan. 

Aurretik izandako lan eskaintzak begiratuz gero, Osakidetzak ez du aurrerapauso handirik eman euskararen normalkuntzaren bidean.  

Ez dute batere aurrerapausorik eman. Indarrean dagoen legea ez da ona, baina lege horrek askoz gehiago egiteko aukera ematen du, eta beti minimoetan ibiltzen dira. Legea betetzen dute, baina lege hori goitik edo behetik bete daiteke, eta Osakidetzak behetik betetzen du. Horregatik garbi ikusten da ez daukatela euskararenganako inongo interesik.

Erantzunak

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!