Usteak erdia ustel... eta bejondaiola!
Gure Saileko euskara teknikariak sailean lanean ari garenon helbidetegia bidali berri du gu guztion helbide elektronikoetara.
Bada, orotara, 206 langile ari gara hemen lanean. Horietatik, 151k euskalduntzat aurkeztu dugu gure burua, eta beste 25ek ikasten ari direla adierazi dute. Gainerako 30ek ez dute ezer esan. Eguneroko jarduna ikusita, ordea, litekeena da erdaldun elebakarrak izatea; alegia, eguneroko lanean gaztelania hutsean aritzen diren erdaldunak.
Langile euskaldunak identifikatzea izan da gure teknikariaren asmoa, euskarazko harremanik norekin izan dezakegun jakin dezagun.
Jaurlaritza barruko eguneroko errealitatea ikusita, sinisten hasia nengoen euskaldunak gutxiengoa ginela. Datu horiek ikusita, ordea, badirudi itxaropentsu agertzeko motiborik badagoela, datuok aski esanguratsuak baitira: gure Sailaren %87 euskalduna da, eta gutxi gorabehera %75ek euskaraz lan egiteko gaitasuna egiaztatua du.
Beraz, ez omen dago aitzakiarik egungo egoerari buelta ez emateko, ezta? Ala bai?
Egin al duzue horrelako “ikerketarik” zuen Sailetan?

Zabaldu
del.icio.us
Oso interesgarria, Karramarro. Nik dakidala, nire sailean ez da holakorik. Eta horrek galdera bat egitera narama. Zure saileko euskara-teknikariaren “asmoa” aipatu duzu. Haren ideia partikularra izan da, ala Euskara Planak jasotzen duen zereginetako bat?
Zera, Jaurlaritzako sail bakoitzak bere helburu, estrategia eta epeak finkatu behar dituela esan digute HPStik, arrakasta ziurtatzeko nork bere ezaugarrietara egokitutako plana dela bidezkoena eta “lorgarriena”. Horrek, ordea, ez Plan bat, hamaika plan ekarriko luke, eta jakin beharko genuke zertan lotzen diren bata bestearekin, edo sailean saileko plan horiek guztiek nahikoa zimendurik duten batera egitasmo sendo batez hitz egin ahal izateko. Esan nahi dudana da arriskugarria izan litekeela hemen bide bat, han beste bat… halako sakabanaketa bat, ideietan eta bestetan hain urri gabiltzan garaiotan indarrak alferrik gastatzeko.
Zure adibidera etorriz, ekimen hori beste sailetarako balekoa eta esportagarria delakoan nago. Areago, proposa dakioke HPSri sail guztietan egin dezan halako inkesta soziolingistiko bat? Izan ere, ez dut ongi ulertzen zergatik dakigun, esaterako, “EAEn, euskararen erabilera etxean, 35-49 adin-taldean, Euskara beti edo gaztelania baino gehiago erabiltzen dutenak, %12,9” direla (IV. Inkesta Soziolinguistikoa 2006), eta, ordea, ez dakigun Jaurlaritzako Nekazaritza Sailean zenbat euskaldun, zenbat elebidun pasibo eta zenbat erdaldun huts dauden; zenbat euskara erabiltzen den, noiz, norekin, zertarako; ze jarrera dauden… Ez zait hain ideia eroa iruditzen. Inkesta txukun bat, alegia, ez orain arte egin izan diren galdetegi zozoak (euskararen aldeko jarrera zenbatek duen eta abar); pasilloko erabilera eta guzti.
Martin | 2009-01-23 - 09:44:01 GMT 1 #
Nik uste, gehiago doala Euskara Planak jasotzen dituen zereginen ildotik.
karramarro | 2009-01-26 - 09:23:42 GMT 1 #
Rezolaren gonbitera oso interesgarria da. Jasoko al dute HPSko arduradunek?
Zuen teknikariarekin hitz egin duzu? Zer dio?
Bestalde, helbidetegiarena oso interesgarria da. Zergatik ez da zabaltzen sail guztietara?
Juan Goikoa Lagizarra | 2009-01-29 - 10:52:48 GMT 1 #