Interpretearen eskuliburua
INTERPRETEAREN ESKULIBURUA
Egileak: Juanjo Pagola eta Joseba Urkia
Argitaratzailea: IVAP
165 orrialde
2008. urtea
Juanjo eta Joseba IZOko itzultzaile interpreteak dira, eta eskuliburu honetan azken 20-30 urteetan bere profesioan bizi izandakoak bildu dituzte. Irakurtzen erraza da, eta interesgarria deritzot bere eguneroko lanean izandako esperientziak kontatzen dituztelako eta euskeraren inguruan eguneroko jardunean konstatatu ahal izan dituzten jarrerak islatu dituztelako liburuan. Euskerak administrazioan daukan presentziaz aritzen dira (Jaurlaritzan, Legebiltzarrean, Foru Aldundietan, Batzar Nagusietan, Udaletan, Epaitegietan…), baita dituen oztopoez eta oztopo horiei aurre egiteko moduez ere.
Liburua 13 ataletan banaturik dago. Aurreneko zatian, profesioaren nondik-norakoei buruz aritzen dira, eta hainbat bitxikeriaren berri ematen dute (beraiei gertaturiko pasadizoak barne). Bereziki interesgarri deritzet 8., 10., 11., 12., eta 13. atalei, bertan epaitegietan eta Jaurlaritzan izandako esperientzien berri ematen baitute, eta azken atalean, beren burua busti egiten dutelako eta egoerari buruzko diagnosi zehatz bat (nire ustez, noski) egiten dutelako.
Administrazioa euskalduntzeko nahi honetan bidelagun ditugun beste profesionalen ikuspegiak partekatzeko aukera ezin hobea, ezbairik gabe; eta, bide batez, horien ogibidea gertuagotik ezagutzeko parada ederra.
Benetan ogibide polita… hain zaila ez balitz!

Zabaldu
del.icio.us