Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Etsipenaren eskola

garruze 2009-01-07 @ 10:25

odriozola.jpg

Aurreko post batean, euskalgintzan -eta are gehiago, abertzaletasun osora zabalduko nuke gogoeta-, gure xedeak lortzeko erabiltzen ohi ditugun borroka-moldeei buruzko gogoeta eskatzen nuen.

Bada, Joxe Manuel Odriozolak artikulu interesgarria plazaratu berri du Nabarradeko web-orrian, bizi dugun etsipen giroa aitzikitzat hartuta. Etsipen-giroaz ere ikas daitekeela dio, batik bat asmo handietatik errealitatera jaisteko laguntzen baitigu eta errealitate horren arabera gure lan egiteko moldeak egokitzera. Hona hemen pasarte batzuk:

« Izan gaitezen errealistak … Esan nahi nuen zerbait aldatu nahi baldin bada, zerbait horren egoera ezagutu egin behar dela, ez dela dena kontu ideologikoa eta etikoa. Nazio zapalkuntzaren etikak arrazoi osoa emango digu nazionalismo totalitarioen aurka ekiteko».

« Errealistak bai, baina ez amore emateko, burua makurtzeko. Intsumisio linguistikoa eta kulturala izatea da daukagun aterabide bakarra, nazio politikoaren aldeko ur handietan sartu baino lehen.» 

«Laburbilduz, etsipenaren baldintzetan  bizitzea tokatu zaigu herri hau munduko nazio beregainen pare ikusi nahi genuenoi, eta etsipen-egoera  horretara egokitu behar dugu geure egitekoa. Baita egiteko moduak ere. »

«Ausardia bai, baina errealitateak irensteko eta birrintzeko adinako grina itsugarririk ez. Aski dugu sufrimenduaz. Euskal etxeetan negar eta nahigabe gehiegi dago, sufrimendua gainezka egiten ari da,  hutsaren truke piztiari jaten emateko. »  

Har ezazu, adiskide, tartetxo bat eta irakurri bere gogoeta, merezi duela uste dut-eta. 


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(8) »

  1. E.Gorospe — 2009-01-08 - 12:59:04 GMT 1

    Ezin egon konformeago berarekin: "Aski dugu surfrimenduaz, ..., sufrimendua gainezka egiten ari da, hutsaren truke piztiari jaten emateko."

    Ez du merezi beti harresiaren kontra topeka aritzea. Geure buruak askatu behar ditugu eta bide berriak inbentatu, bai euslkalgintzan, bai naziogintzan. Topiko askotatik liberatu beharra daukagu.

    Hala ere ez dugu oraindik bidean asmatu. Odriozolak dio intsumisio linguistikoari eta kulturalari ekin behar diogula. Zer da hori? Nola uztartzen dugu eguneroko errealitatearekin?

    Esaten du Odriozolak euskaldunen lautik batek baino ez duela nazio-kontzientzia. Euskal kontzientzia horrenbestek balute, lana askoz errazagoa litzateke.

    Estetika, jomuga eta jardun-bide berriak sortu beharrean gaude. Asmatzean dago gakoa!!

  2. Martin — 2009-01-09 - 11:10:55 GMT 1

    Intsumisio linguistiko eta kulturalena ulertzeko, onena paragrafoa osoa kontuan hartzea da:

    Intsumisio linguistikoa eta kulturala izatea da daukagun aterabide bakarra, nazio politikoaren aldeko ur handietan sartu baino lehen. Ur handietan sartuta ibili gara aspalditik, ustezko euskal nazio-oinarri ahul batekin amets handiegiak egin ditugu, eta orain ohartu gara alienazioaren eta asimilazioaren satorrak zein lan birrintzailea eta hilgarria egina zeukan euskal herriaren sistema etnonazionalean.

    Ideia hori askotan errepikatu izan du Odriozolak, han eta hemen; alegia, lehenik eta behin naziogintza politikoki sendotzea dela inportantea aldeztu izan duela hemengo abertzaletasunak, eta gero etorriko direla euskara eta euskal kultura indartzeko lanak. Eta horrek zer eman duen ere argi geratu dela:

    Hala, euskara erritu-hizkuntza da abertzaleentzat, oro har, ez zinezko eta benetako hizkuntza. Ez da beren pentsamendu politikoaren iturri eta gordailu; iturri hori nazio menderatzailearen hizkuntzan aurkitzen dutelako, eta gordailuari dagokionez, beste horrenbeste. (…) Alegia, militante, jarraitzaile eta boto-emaile abertzaleak ere herri arroztu eta besterendu baten kume direla, eta horrenbestez, euskal mundutik landa bizi direla gehienak. (Abertzaleak eta euskaldunak liburutik)

    Hitzok irakurrita, euskara ikasteko birusa berandutxo hartu duten hainbat pertsona konprometitu –nolabait esateko– etortzen zaizkit gogora. Arabako Foru Aldundiko Xabier Agirre eta Lorena Lopez de Lacalle, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria bera, oraintsuko ELAko buru berria, Adolfo Muñoz… Horiek denak 50 urteren inguruan dabiltza egun. Batzuk besteak baino gehiago, baina denek izan dute gazte-gaztetik halako konpromiso bat gizartearekin eta beren herriarekin, oso txalogarri eta errespetugarria noski, baina euskararekiko konpromisoaren harra ez zaie piztu noiz eta mende erdira iritsi eta, kasualitatez, halako kargu garrantzitsu batera iritsi arte. Poztekoa da, jakina, erabaki hori hartu izana, eta batzuen kasuan denontzako eredugarria ere bai. Baina ni ere haien adinkidea naiz, sekula ez naiz batere militante suharra izan, eta 20 urterekin ikusi nuen garbi euskara ikasi behar nuela.

    Dena den, Odriozolaren arrazoibideari jarraituz eta politikariak-eta alde batera utziz, jarrera hori, gainera, ezin leporatu dakioke bakar-bakarrik klase politikoari (batzuetan, nire ustez, Kontseiluak egiten duen moduan), herritarrok ere guztiz asimilatua dugu jokamolde sumiso hori, erabat gaude ergel-motelduta, Aingeru Epaltzak beste toki batean Nafarroaren egoeraz dioen moduan.

    Ez da asko, alde horretatik, klase politikoaren jarduna kritikatzea, politikarien makurkeriak salatzea. Euskal Gizarte zibilaren jokabidea ere kritikatu beharra dago, gertatzen ari zaigunari behatuta: hots, ezarria dagoen status quo nazionalarekiko morrontza hori tamalgarria iruditzen zaigu, duintasun gutxikoa, geure oroimen historikoarentzat iraingarria. Garapen sozioekonomiko ohargarri batek nazio-duintasunaren balio gorenak hilzorian jarri dizkigu, eta badirudi hemen ez dela ezer gertatzen hala ere. Eta ezer gertatzekotan, betiko leloak eta aitzakiak hizpide: frankismoa dela…(Abertzaleak eta euskaldunak liburutik)

    “Euskal Gizarte zibila”… Eusebiok zalantzak ditu Odriozolak emaniko datuaz (euskaldunen lautik batek baino ez duela nazio-kontzientzia). Niri, ordea, zenbaki fidagarri antzekoa iruditzen zait. Zenbatek irakurtzen dugu Berria edo Argia? Ba horietxek, gutxi gorabehera. Nolanahi ere, datua zehatzago agertzen du Odriozolak lehen aipatutako liburuan, hor nonbait egindako ikerketaren batean oinarrituta, oker ez banago:

    “Euskaldun gehienak (%72) ez dira inoiz baztertuak sentitu euskaraz hitz egin nahi izateagatik. %25eko diote aldiz baztertuak sentitzen direla arrazoi horrengatik.” Euskaldun elebidunon artean lautik hiruri bots axola zaio euskaraz edo erdaraz hitz egitea edo bizitzea –hitz egitea ez baita, ondo pentsatuta, bizitzeko modu bat besterik–. Besterentze ideologikoaren neurriak beldurgarriak dira herri euskaldunaren barruan. Euskaldun izatearen nortasuna eta balioa galduta dute gehienek, eta beste nazio bateko hizkuntzan eta kulturan murgiltzeko ez dute eragozpenik jartzen. Egoera ez al da, egiazki, Xenpelarren harako hura gogora ekartzeko modukoa? "Iya guriak egin du…"

    Bai, egia da, estetika, jomuga eta jardun-bide berriak sortu beharrean gaude. Baina kezkagarria da, baita ere, ikustea nola azken boladan bideberritze horretan axaleko estetika adeitsu erakargarri-ustekoa edo amablean geratzen garela, sakonago jo gabe.

  3. Haizeder — 2009-01-09 - 12:00:26 GMT 1

    Oro har bat nator Martinek egindako iruzkinekin. Gauza bakar bat: nazio-kontzientzia dutenen portzentajea %25ean jarri du Odriozolak (gutxi gorabehera)eta Martinek adierazi du Zenbatek irakurtzen dugu Berria edo Argia? Ba horietxek, gutxi gorabehera.

    Bada, nire ustez, Berria eta Argiako irakurleez landa badira nazio-kontzientzia duten beste batzuk ere (edo hori pentsatu nahi dut nik behintzat).

    Adibidez, jakin badakit EAJko oinarriko militantziaren artean asko direla, zinez, bihotz-bihotzez, abertzale direnak, eta seguruenik, adina tarteko, Berria eta Argia irakurriko ez dutenak. Jakin dakidan bezalaxe (inork aurrea hartu baino lehen) azken urteotan boterearen gerizpera hurbildu diren azken orduko beste "abertzale" asko ere badirela.

    Bakoitzari berea, hori da legea.

  4. egorospe — 2009-01-09 - 15:05:57 GMT 1

    Nik, Martin, banuen gogoa beste artikulu bat egiteko Argiako 2165/66 zenbakietan Xabier Euzkitzek, Fermin Etxegoienek egindako galderari, honakoa erantzuten dioenean: “Euskararen herria gero eta heterogeneoagoa da; ni gero eta baikorragoa”.

    Horren harira, ondorioztatuta ere banuen agian zenbaiten etsipenaren erantzuna ikuspegi kontua ere izan daitekeela, alegia, nik beltza ikusten dudan lekuan beste batek zuria ikus dezakeela, halabeharrez daltonikoa izan beharrik gabe. Pentsatu ere egin gura dut bagarela euskal gizatalde bat dena beltzean ikusten dugunak, ez euskarari dagokionez bakarrik: beltza ingurumenari lotutako oro, beltza nazio eraikuntza, beltza garapen sozio-ekonomikoa, beltza gure umeen geroa, (….). Dena beltzean. Ni naiz horietariko bat.

    Ildo horretatik miretsi egiten ditut, geroz gehiago, nik beltzez marrazten dudan irudi hori zurian ikusten dutenak. Adibide bat jarriko dut, Martinek berak ondo baino hobeto ulertuko duena: nire seme-alabek ikastolan galdu egin dute etxean ikasitako euskara, eta orain hor dihardute •”si esan dotsut-eta”, “ekarrixu atoan que te pego”, “ez dozu bat emoten” eta horrelakoetan, alegia, ez direla gai euskal sintaxia normala erabiltzeko, ez dutela euskal esapideen berririk, eta joera ikaragarria dutela gaztelaniara jotzeko ahal duten guztietan.

    Nik ernegatu egiten dut horren aurrean, eta uneoro dihardut “zelan esaten duzu hori?”, “holan ez da, holan baino”, eta abar. Eta nire andreari guztiz normala egiten zaio gure umeei gertatzen zaiena. Muturreko bi jarrera egoera berberaren aurrean. Zein da zuzena? Argi dago nik sufritu egiten dudala, eta berak ez. Merezi al du?

    Eta hortik nire galdera, lehen ere egin eta oraindik ere erantzunik gabe dagoena. Zer da intsumisio kulturala eta linguistikoa? Non eta zelan aplika daiteke’ Hori al da jarraitu beharreko bidea? Eztabaidak aukera emango digu gaia garatzeko.

  5. Martin — 2009-01-12 - 10:03:09 GMT 1

    Eusebio, ikusmenean iluntibitis dugunontzako botika oso sinplea duk: jarri zak gure parean benetan bizimodu latza duen munduko edozein herritar (zabaldu periodikua) eta berehala konturatuko haiz gure kalapita linguistikoak eta identitarioak huskeria direla giza-kondizioaren miseria gordina pasa behar dutenen egoeraren aldean. Baina ez nadin desbideratu eta hel diezaiogun gaiari.

    Etsipena sortu, askotan aurreikusitako itxaropen-maila ez lortzeagatik sortzen da, espektatiba faltsuak irudikatzearen ondorioz. Hortaz, albora ditzagun ameskeriak eta jaitsi dezagun helburuen langa, bizi garen gizartean bizi gara eta ez nahi genukeenean. Nik ez daukat barita magikorik. Gainera, ez nintzateke ausartuko aholku edo eredu esturik ematen, norberak ikusi behar duelako zein ingurunetan bizi den eta horren arabera soka zenbateraino tenkatu, presio eginez baina ito gabe. Garbi dagoena da une honetan tentsio edo presio sozial hori ezereza dela, eta hori kalterako dugu, egunero ikusten baita nola ematen diguten egurra, bai alde batetik bai bestetik (euskararen aldeko presiorik ez badago, eskaerarik ez egoteagatik, eta eskatzen badugu eskatzeagatik, kontua da euskarafoboentzako beti ari garela gaizki, epelak izan zein beroak izan). Izan ere, gizartearen alor gehienetan zabalduen dagoen ideologia linguistikoa lehengoan Eusebiok berak aipatzen zuen Ruiz Soroarena da (gogoratu: “Los derechos de unos se convierten para otros en unas cargas de tal magnitud que violan sus propios derechos básicos. En concreto, el derecho de los hablantes en euskera genera a la larga la obligación real y efectiva de los no hablantes a aprender esa lengua, so pena de queder excluidos de opciones vitales importantes. Por el contrario, los derechos de los hablantes del castellano no generan para los euskaldunes la obligación de aprenderlo, por la sencilla razón de que ya lo conocen”). Hitz-lauz esanda, euskaraz bizi nahi izatea egoskorkeria hutsa da, kapritxoa, erdara denok ulertzen dugulako.

    Bizi dugun sumisioaren adibide harrigarri bat, esaterako, ETBn euskaldunekin egiten diren elkarrizketa bikoitz horiek dira (nik dakidala, Fermin Muguruzak esan zuen zer edo zer horren gainean behin, eta Pako Sodupek ere bai beste artikulu batean). Oso gai mingarria da, eta gutxi eztabaidatua nire ustez.

    Sufritzea merezi duen? Argi dago ezetz. (Sufrimendu-mailaz ere luze hitz egin liteke, eta uste dut Odriozolak batik bat "etsipenak beste bide gogorrago batzuk hartzera bultzatzen dituen gazte abertzaleak" dituela gogoan, baina tira.) Sumisioa-insumisioa sokatira horretan “grina itsugarririk ez” eta “zuhurtasunez erantzun” esamoldeak ere aipatzen dira artikuluan, eta horrek niretzat esan nahi du ongi neurtu behar dela zer dugun galtzeko edo irabazteko une bakoitzean.

    Supernany

    Seme-alabenak atal berezi bat beharko luke, baina ezin diot tentazioari eutsi komentario labur bat egin gabe, Haizederren eta konpainiaren baimenarekin. (Nire emaztearen telefono-zenbakia emango zioat hire andreari, Eusebio, apustuak egin ditzaten bioetako zeinek duen senar matrakazaleagorik.)

    Nik hik baino errazagoa zeukat. Egina zeukat alaben familiagrama bat, non ikusten den sentitartekoen arteko harreman-sarea (aiton-amonak, osaba-izebak. lehengusuak…, guztira 32 inguru lagun) erdaraz mamitzen dela nagusi-nagusiki, esparru sinboliko-fokloriko txiki batzuetan izan ezik. Ikastolako diagrama erantsita, lagunena, eskolaz kanpoko jarduerena… enfin, etxeko bostok uharte txiki bat gara erdal itsasoan; eta uharte hori ur-tanta ozeanoan bihurtzen da umeak kozkortu ahala, haiek gero eta gutxiago baitira geure baitako, eta gero eta gehiago lagunarte, telebista eta kaleko inguruaren meneko. Panorama horren aurrean ni ez naiz asaldatzen, adibidez, lehengusuen artean erdaraz jarduten badute. Interesa eta indarra jartzen dut, hori bai, etxeko gunea euskaraz izan dadin. Eta ahalegintzen naiz, baita ere, erdaraz ondo ikas dezaten (”si esan dotsut-eta” zuzendu bai, baina “rompido” eta “estuvistes” ere bai). Hortik kanpoko lana gehienetan ez dago nire esku. Nabaritu dezaten, nola edo hala, ez zaigula berdin hizkuntza batean edo bestea egitea, baina kontzientziarik eta holako koplarik bilatu gabe, umeek imitazio hutsez jokatzen baitute. Hortik aurrera, hor konpon Mari Anton.

  6. egorospe — 2009-01-12 - 16:52:10 GMT 1

    Etxeko bostok uharte txiki bat, (…) eta hortik aurrera hor konpon Maria Anton”.

    Administrazioko eremutik dezente urruntzen ari garelako ustea dut, uste dudan arren zuk esandakotik ateratako goiko esaldi horrek nolabait balio duela Administrazioko kontuetarako. Izan ere, gure umeen munduan atera dugun ondorioa izan da etxean baino ez dezakegula bermatu euren euskaltasuna. Hortik kanpo, gure herrialde honetan behinik behin, jai dute. Erabili al dezakegu adibide berbera funtzionarioentzat?

    Hau da: baiezta al dezakegu Administrazioko txoko zenbaitetan, “vasco”enetan baino ezin dugula indarrean jarri Administrazio euskalduntzeko egitasmoa? Eta beste galdera bat: gure umeak euskalduntasunari eutsiko euren guraso biek, eta batek behintzat kontzientzia argia duelako, eta modu kontsekuentean jokatzen duelako. Ez da hori gurasoen artean sarrien gertatzen dena. Ildo horretatik, esan al dezakegun Administrazio bera ere kontzientziatuen esku dagoela?

  7. Berrotza — 2009-01-13 - 16:22:17 GMT 1

    Afera hau korapilatsua izateaz gain, iluna ere ikusten dut. Bidea, berez, motza izan arren, bukaezina egin dugulakoan nago.

    Egia esateko, egunerokoak inoiz helmugara ailegatuko ez garela eramaten nau pentsatzera. Harik eta bidean aurkitzen ditudan lagun baikor horiei errezeloz begiratzera arte bultzatzen nau.

    Horren gainean, ez gaurtik, ez atzotik, baizik eta trantsizio garaitik ideia egonkorra daukat. Hogeita hamar urte hauetan etsipen ugari eta handiak jaso arren, oraindik jarraitzen dut pentsatzen euskararen erabileraren berrezkuratzearen bidea guk geuk egiten dugula zaila; berez, bidea leuna eta erosoa da, baina guk egin dugu mingorra eta harritsua.

    Jakina da, hizkuntza berri bat ez dela jartzen abian egun batetik bestera. Belaunaldi batzuk iragan behar dira hizkuntza horren erabilera naturala lortzeko. Euskal Herriko herri erdaldun txiki batean jaio nintzen, duela 500 urte inguru euskara galdu zen herri txiki batean hain zuzen ere; nire herriko inguruetako herriek duela 200 urte eskas galdu zuten, eta tamalez guk daukagun euskarekiko jarrera daukate haiek, ez hobea, ez txarragoa. Euskara arrotza daukagu denok, alegia. Beraz, primeran ulertzen dut lehendabiziko belaunaldietan jatorrizko hizkuntza ezin duela galdu lehentasuna. Ezbairik gabe, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak jatorriko hizkuntzan izan beharko lirateke.

    Baina hori bezain garrantzitsua beste kontu hauek dira:

    a) Helburuak argi eta garbi edukitzea. Bai herritarrak, bai politikoak. Kontzienteak izan behar gara, bizi garen egoera behin-behinekoa dela, salbuespen egoeran bizi garela, eta iragaitzazko epean bizi garela, denboraren poderioz aldaketa lortzea dela gure helburua, euskara lehentasuntzat daukan gizarte batean nahi dugula bizi, edo behintzat euskararen erabilera gaztelaniazko erabilerarekin parekatuta dagoen gizarte batean.

    b) Helburu hori lortzeko zer bideak jorratu beharko genuke argi eta garbi edukitzea. Lehendabiziko urratsa da, herritarren mentalitatearen eta borondatearen aldaketa lortzea da. Hizkuntza ez da aldatzen egun batetik bestera, baina jarrera bai, beraz, gizartea aldaketaren murgiltzean da gakoa aldaketa abian jartzeko. Bigarrenik, eguneroko hizkuntza egoerari buelta emateko ezinbestekoa da hezkuntza sistema eta politika aldatzea. Euskal Herriko ume guztiak naturaltasunez euskaraz sentitzea eta erabiltzea. Etorkizuna oraingo eta hurrengoen umeengan dago, eta ez helduengan. Helduek kontzientziatuta izan behar gara, baina gizartearen motorra datorren gazteria da.

    Gauzak horrela ikusita, bidea ez zuen ematen hain zaila izango denik. Baina, dagoeneko onartu behar dugu ez dugula batere asmatu, eta samurra eta leuna zirudien bidea harritsu eta mingarri bihurtu dela. Hasieran, Trantsizio sasoian aipatutako baldintzak ematen zuen betetzearen alde geundela, baina urteak pasa ahala ibiltarien indarra eta ilusioa joan gara galtzen, administrazioari bideko seinaleak birmarkatzea ahaztu zaio, politiko batzuek aprobetxatu dute urte hauek antzinako seinaleak ezabatzeko, eta herritar asko etxean gelditu gara edo erdiko bidea hartu dugu.

    Iruditzen zait aukera ezin hobea galdu dugula Euskal Herrian euskara ibilbide naturalaz errekuperatzea. Hortaz, gure xedea lortzeko erabili beharko dugun ibilbide berriak aurkitu beharko genukeelakoan nago. Helburua Euskal Herrian euskara frantsesa Frantzian erabiltzen den moduan erabiltzea da. Kanpezun euskara gaztelania Guadalajaran, edo Sorian erabiltzen duten moduan erabiltzea, alegia.

    Kasu honetan ere, beste batzuetan bezala, zoritxarrez, eskubide hau, lortuko badugu sufrimenduaren bitartez, eta ekinaren ekinez izango da. Egungo egoerari buelta eman badiogu, markoa ezinbestekoa da aldatzea, eta ez soilik estetika. Ez dut uste azalezko kontua denik, ene ustez barruko zentzazioetan dago gakoa, zein hizkuntzarekin sentitzen garen erosoago mintzatzeko, adibidez. Eta hori ez da lortzen egoera artifizial batean, non euskara bigarren mailan dago leku guztietan, nahiz eta 30 urte pasa Trantsizio garaitik.

  8. Garruze — 2009-01-14 - 14:19:39 GMT 1

    Emango dizuet, bada, hiru haur dituen ama baten ikuspegia.

    Guk etxean euskaraz egiten dugu beti, baina gure ondoan nire ama bizi da eta berak ez daki euskaraz, beraz, haurrak berarekin gaztelaniaz egiten dute.

    Nire gizona ere, zuek bezala, suminidu egiten da bere etxean haurrak gaztelaniara jotzen dutela ikusita. Nik, ordea, normaltasunez bizi nahi dut egoera eta aukera bezala ikusten dut.

    Bion jarrera ezberdina da. Niretzat ama ondoan egotea -nire ama delako agian- aukerak ematen die haurrei gaztelaniaz praktikatzeko, izan ere, orain arte beren gainontzeko esparruetan euskara nagusi izanik, nahiko gaizki egiten zuten eta egiten dute. Pentsa, 10 urteko sema gelan "euskaldun peto" deitzen dute, oraindik dela gutxi arte, gaztelaniaz jarduten zuenean edo ahoz goran irakurtzerakoan nabaritzen zitzaiolako bere ama-hizkuntza euskara zela, gainontzeko gela-kideen kasuan ez bezala.

    Niretzat, ohore txiki bat izan da hori, bai nik eta bai nire senarrak ikastolan ikasi baitugu batik bat euskara eta ikustea gure haurrek zein ondo menperatzen duten euskara pozgarria da benetan.

    Egia da ahalegin handia, guraso normalak baino askoz handiagoa, egin behar izan dugula, liburuak erosterakoa, Telebista jartzerakoan, DVDak erosterakoan, ume-zaintzalea aukeratzerakoan, ...beti euskarari erabateko lehentasuna ematen. Batzutan "tara" apur bat genuela sinitsi arte gainera. Baina, Getxo eta Uribe-kostako gune ez erabat euskaldun batean eta ama-hizkuntza gaztelania izan duten guraso batzuen seme-alabei ikastolan "euskaldun peto" deitzea guretzat ohore txiki bat izan da.

    Nire senarrak, hala ere, ez pentsa ni bezain baikorra denik. Baina niri esperientzia honek erakutsi dit lan handia eginez alda daitezkeela gauzak eta ezinezkoa dirudiena posible bihurtu daitekeela, baldin eta gure indarretan sinisten badugu, eta behar diren baliabideak -ekonomiko besteak beste- eskura baditugu.

    Garrantzitsua da, nire ustez, egoerak eskaintzen dizkigun aukerez baliatzea eta ondo egin dugunetik ikastea. Horregatik, besteak beste, horrenbeste gustatu zait Odriozolaren iritzi-artikulua, izan ere, onartuta berak ikuspegi pesimistagoa duela nik baino, errealitatea kontuan hartzeko eskatzen du, baina ez etsipenean eta suminduran jausteko, borroka eta lan tresna egokiak aukeratzeko eta helburuak argi izateko.

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>