Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

HP 21 txostenari beste ekarpen bat

garruze 2009-01-05 @ 16:40

                                                                                                              cab_euskara21_01.jpg

Eusebiok eta Martinek aurreko post betean XXI. Mende Hasierako Hizkuntza Politikaren Oinarrien txostenari buruzko inguruko eztabaidaren berri eman zuten Tirakan. Orduan Ludgeer Mess-ek egindako ekarpenaz aritu ziren ezbaian, luze aritu ere. Nik, oraingoan ordea, beste ekarpen bat dakarkizuet: Tomas Uribetxebarriarena, hain zuzen ere. Oso ekarpen zorrotza da oro har, baina nik ekarpen horretatik bi dira nabarmenduko nituzkeen ideiak:  

 «…edozein kritika nahiz autokritika bermez eta zuzentasunez egin nahi bada eta ondorioak ongi atera nahi badira, ezinbesteko baldintza da ongi egina zertan datzan jakitea eta horren emaitzak ikustea, ona izan denari eta oraino ona izaten jarraitzen duenari eusteko, eta eutsiz, denboraren iraganak eska ditzakeen eguneratzeak egiteko

Tomas Uribetxebarriak aipamen horrekin, batik bat, Euskararen 10/1982 Legeari erreparatu nahi diola uste dut, baina gustatuko litzaidake ideia hori zabalago ulertuko balitz.

Euskara normalizatzeko ahaleginetan ahalegin handiak egin dira hainbat gizarte esparrutan eta horietako batzuek oso emaitza positiboak eman dituzte, hala nola, ikastolen mugimenduak eta bere inguruan sortu diren  ekimen garrantzitsuak (testugintzan eta ikasteko punta-puntako materiala, erabilerekin zer ikusia duten hainbat ekimen hasialdian eta kirolean euskara erabiltzeko…); euskal eskola publikoan euskara biziberritzeko sortu diren konpromiso-guneak…; euskal prentsa eta komunikabideak; esparru sozio-ekonomikoan euskara normalizatzeko ekimenak eta enpresa-jarduna; euskaraz aritzeko baliabide modernoak sortzeko lan-talde indartsuak; euskal literatura eta musika esparrua, bertsolaritzan, udal eremuko erabileraren aldeko ekimenak ….

 Kanpotik ikusita,  azken urteetako ibilbidea eredu gisa har dezakete beste herri batzuek, oraindik ere asko egiteko dugun arren eta guk nora begiratzerik badugun arren (Finlandia, kasu).

Egiteke dugun horretan eremu publiko eta pribatuaren artean lankidetza estua bilatzen eta sustatzen duen  Hizkuntza Politika egoki bat behar da, norberaren lan egiteko  moduak errespetatuta, euskara biziberritzeko ahaleginetan jardun nahi duenari lan egiten jarraitzeko hauspoa emango diena eta lortu den guztia sendotu eta aurrerantzean emaitza hobeak ematen lagunduko duena.

Bestetik, nabarmentzea gustatuko litzaidakeen beste ideia bat hauxe da: «Benetan gogorra da, eta ulertezina ere, beti euskaldun elebidunak bere burua azalpenak eman beharrean ikustea. Edozein ekintza hartzen dutela ere, beti baina-ka ibili beharrean agertzen. Horrek esan nahi du gazteleradun elebakarraren ikuspegia errazegi onartu eta jasotzen dela testu honetan…Hizkuntza politikarako ez dira euskaldun elebidunak arazo. Kontu larregi ere hartzen dute euren esanetan, zer esanik ez hizkuntza eskubideen eskaeretan. Hemen erabiltzen diren erreparoak irrigarri gelditzen dira besteen hizkuntza politikaren parean. »

Bat egiten dut nik ere ideia horrekin. Maiz iruditzen zait HPS eta Kontseiluaren arteko eztabaida horretan dagoela hein batean, izan ere, HPSek, lehenbizi, euskara biziberritzeko konpromisoa hartu duten sektore guztiak indartu, sendotu eta defendatzeko apustu garbia azaldu beharko luke, ezbairik gabe, eta horrez gain lan pedagogiko bat egin euskarara eta euskararen inguruko mundura herritar ez elebidunak eta elebidun ez aktiboak hurbiltzeko. Kontseiluak eta beste eragile batzuek biltzen dituzten euskara biziberritzaileak, bestalde, euskara normalizatzeko ahaleginetan lekukoa eramateko zama eta ardura eduki beharko dute eta horretarako behar dituzten baliabideez hornitu behar zaizkie. 

Bi lan dira, ezberdinak, baina biak oso garrantzitsuak.

Categorías : Euskara |
Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>