Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

22/12/2008 GMT 1

Fula, bambara, malinke, wolof…

martinrezola @ 10:42

dscn5014_20.JPG(Post hau Lontxori dedikatu nahi nioke. Hamar urtetik gora daramatza munduko bost kontinenteetan barrena pedalkadak ematen, bizikletan «Munduan barrena bizikletaz» kartela itsatsita duela, eta badakit berak ere, joaten den tokira joaten dela, beti agertzen duela bertako kultura eta hizkuntzekiko errespetua eta jakin-mina.)

(Argazkiko mutikoentzat ere bai, primeran portatu direlako nirekin.)

Bizipen exotikoak izan nahi dituenak ez du zertan bidaia-agentzietara jo behar gaur egun. Nahikoa du, adibidez, Gasteizko Siervas de Jesus kalean paseoa ematea munduko bazter askotako hizkuntzak entzuteko. Edo 13 Catedral Txagorritxu autobusera igotzea (bueno, jada ez, linea horrek gaur duelako azken eguna).

Izenburuko hizkuntza horiek guztiak entzun daitezke 13 Catedral Txagorritxu autobusean, goizeko 07:30ak aldean. Sei-zazpi mutiko belzkote esertzen dira atzealdean, eta kalakan jarduten dute haien artean. Gustura jartzen naiz haien ondoan, disimuluan egunkaria zabaldu eta belarria erne. 


Tentazioari ezin eutsi eta batzuetan haien hizkuntzaz galdetzen diet, ongi baitakit jende jatorra direla, baketsuak (eta endemas planta onekoak). Lehendabizikoan, halaxe erantzun zidan batek: «Nik bambara egiten dut, baina ondoko hauek ez dakite, eta horregatik gure artean fula egiten dugu». (Berehala jo nuen Wikipediara.) 

Handik egun batzuetara, morroskoak beste batzuk zirela konturatuta, berriro eraso nien. «Malinkez hitz egiten dugu, eta batzuetan frantsesez», erantzun zidaten.  

Gaur goizean ere, ohi bezala, kapar bat bezala jarri naiz, une egokiaren zain. Baina berriketan ari zirela, izkinako bat isil-isilik zegoela konturatu naiz, eta huraxe aukeratu dut biktimatzat. Bere lagunak malinkez ari zirela esan dit, eta berak, wolof hiztuna izaki, ezin ulertu. «Haiekin frantsesez edo gaztelaniaz egiten dut, nahiz eta elkarri geure hizkuntzetako hitz bakan batzuk ere erakusten dizkiogun».  

Mali, Senegal ingurukoak direla uste dut. Mundu bat autobus baten barruan (ahaztu zait esatea Magred aldeko beste talde bat egoten dela erdialdean, eta bai Hegoamerikar itxurako beste mordoxka bat ere, han-hemen sakabanatuta: horiek beste baterako). Gasteizko tranbia berriarekin linea hori kenduko dutenez, ez dakit ba betiko ez ote ditudan bistatik galduko nire lagunak.  

Normalean ez libururik ez paperik ez daramate ezer aldean. Haiek esanda dakit Lakuako eskolaren batera omen doazela, lanbideren bat ikastera edo. Goiz batean, ordea, paper zimurtu bat ikusi nion bati, erdi izkutuan irakurtzen ari zela, eta bertan «Egun on », «Eskerrik asko»… horrelako zerrenda txiki bat euskaraz. 







 

  

Erantzunak

Erantzunak(3) »

  1. Pasadizo polita Martin! Inguruko errealitatean hain hurbil dugun eta, hala ere, hain urrun geratzen zaigun istorioa... beste bat. Eta zenbat horrelako?

    Horrek, beste behin, argi eta garbi erakusten du hizkuntza bat ikasteko ez dagoela beharra baino pizgarri hoberik (eta gogoak, noski).

    Aitzitik, egungo "statu quoan" mantentzea ahalbidetzen badizute, eroso-eroso bizitzen jarrai dezazula ahalbidetzen badizute, zure egungo jarreran aldaketarik txikiena ere egin dezazula eskatzen ez badizute eta hala ere zeure "statu quoa"ri lasai asko eusten badiozu... Hori guztia eta gehiago onartzen badizute, zertarako aldatu?

    Nik ere badaukat antzeko pasadizo bat TIRAKAn argitaratzeko. Ea datorren astean argitaratzerik dudan.

    Haizeder | 2008-12-23 - 09:07:50 GMT 1 #

  2. Siervas de Jesus kalea, bai jauna. Ondo ezagutzen diat, gau-ta-egunetik. Bertan bizi nauk. Etxe aurrean kebab pakistandarra, alboan telefono-bulego kolonbiarra; horri jotzen, bitxi-denda tailandesa. Inguru zorragarria dek alde horretatik. Oso baketsua egunez. Oso builatsua gauez; baina kasu honetan bertako txuriak dituk matrakeroak.

    Etzekiat zenbat hizkuntza, zenbat arraza eta zein erlijiotako jendea mugitzen den. Hik esandako guztiak, eta gehiago.

    Gure seme Tomasen klasean Omar sahararra, Amila marrokiarra eta Alex errumaniarra zeudek. Martinen futbol taldean ekuatoriarrak, peruarrak, kamerundarrak eta kolonbiarrak.

    Nik etzekiat nolako jarrera duten euskararekiko. Askok existitzen denik ere etzekitek. Nola hori eskatu, bertako askorentzat zeharo arrotzak bagaituk? Magrebiar, Sahara-azpiko, hegoamerikar, pakistandar eta gainerakoek baditek ezaugarri oso berezi bat gugandik bereizten dituztenak: ez ditu ziudadanoak. Etzeuzkaek guk ditugun eskubideak, adibidez funtzionario izateko. Zelan eta euskara ikastea funtzionario izatarekin lotzen duen jendeak, ba hori, gure hizkuntzara hurbiltzekotan euren gogoz egiten dutela, eta ez beste ezeren indarrez.

    Egon al haiz sekula Cercas Bajas kalean, Alamedako markesaren plaza ondoan, afrikar horiek duten lokalean? Eliza kristauren batean eran ditek egokituta, ezer gutxirekin. Kanpoaldean izena nolabait errotulatuta, eta kito. Ikustekoa dek zelan janzten dituan domekaro euren jarduer erlijioso horretarako. Nolako txanoak, zelango orrazkerak, gonak,…!!! Han ematen dizkitek orduak eta orduak kontu kantari; batik bat kantari.

    Horien eskuetan, neurri gero handiago batean, gure geroa. Ez dezagun ahaztu.

    egorospe | 2008-12-23 - 13:59:07 GMT 1 #

  3. Atzerritar horiek guztiak euskararekiko ezaxola direla garbi dago, ezin bestela izan. Eta salbuespen diren kasu bakanetan galdera bera egin ohi digute, sinple bezain ezeroso, Camelia Melok bezala: “Bertakoek ikasten ez badute, zertan ikasiko du kanpotik datorrenak?”

    (Hego Euskal Herrian bizi diren etorkinei buruzko datu gehiago, hemen.

    Martin | 2008-12-30 - 09:03:40 GMT 1 #

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!