Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Tiraka
Administrazioan euskara erabiltzeko

19/12/2008 GMT 1

Zer gera gu, nor gera gu? Negardentalak gera gu.

martinrezola @ 12:00

masaihezurra.jpg(Post hau abenduaren 28an jartzeko neukan, baina egun horretan Utikan sarien ekitaldian egongo naizenez, ez dut modurik izango orduan sartzeko eta, beraz, aurreratu egingo dut.)

 

Kontua da gure artean askotan eztabaidatzen dugula zein galgarria den euskara dela-eta beti ernegatuta ibiltzea, beti kexaka, negarrez. Zergatik gara hain negar-jarioak, hain purrustadara emanak? Nondik datorkigu mitokondrietan edo auskalo zein aminoazidotan itsatsita daramagun isuri genetiko ilun hori, gure arbasoen oihu min hori? Zer gera gu? Nor gara gu? Eboluzioak lagundu diezaguke azalpena aurkitzen. Egin dezagun atzera, 5 milioi urte adibidez. Afrikan gaude, gaur egungo Etiopian gutxi gorabehera...

afariensis.jpgAuskalopithecus afariensis: Lehendabizikoz zutitu zen tximinoidea. Bere jatorria lauso xamarra da. Zutitu eta berehala, ordea, exeritzea erabaki zuen, nekatu egiten baitzen. Mahai baten jiran, lagunekin afari eta afari, askoz hobeto sentitzen zen. Horrek galdu zuen noski, ganorabako hutsa bilakatu baitzen, ez umeak zaindu, ez ehizean ibili, ez taldea zaindu... Azkenean akabo. Akats bat eboluzioan.








 

boisei.jpgParanthropus boisei: Espezializazioak galdu zuen. Hagin izugarriak garatu zituen, sustraiak eta hazi gogorrak txikitu eta jateko. Zoriontsua izan zen… bizi izan zen artean. Klima -eta ondorioz ingurunea- aldatzearekin batera, goseak hil zen.

 

 

Hemendik aurrera gure “benetako” arbasoak agertu ziren, Homo generokoak. 

habilis.jpg

 

 

 

 

 

Homo habilis

 

 

 

ergaster.jpg

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Homo ergaster

   erectus.jpg    

 

 

 

 

 

 

Homo erectus

 

 

heidelbergensis.jpg

 

  

 

 

 

 

 

Homo heilbergensis

 

Eta abar eta abar... Horien aurpegiak ikusita, zuen lankide eta familiarteko asko etorriko zaizkizue gogora, noski. Bakoitza eboluzioaren apustu bat izan zen, saiakera bat. Batzuk benetako atletak ziren, fenomeno batzuk, baina buru gutxi; beste batzuk azkarragoak buruz, baina ahulxeagoak indarrez: batzuen arrastoa bizirik dakusagu gure artean (Iparragirre habilis zela Xenpelarrek jada bazekien; Erectus ze grinak galdu zuen ez da zaila asmatzen eta abar). Baina ez naiz horietan geldituko. Eman dezagun jauzi bat duela 230.000 urtera arte…
  









negardental.jpg

 Homo negardenthaliensis (Negardental) 

 

Benetako europar petoa. Sufridore bat, gogorra. Izotzaldiekin batera, gorriak pasa zituen bizirik irauteko. Elikadura errotik aldatu behar izan zuen, akabo barazkitxoak eta horrelako kutixiak; egunero-egunero mamut-txuleta, bazkaltzeko eta afaltzeko. Aldaketa horren ondorioz, egokitu ezinda, haginetako minez, oinazetan, txuleta txuletari horrelaxe iraungi zen, aienetan. 

Eman dezagun azken jauzia. Duela 30.000 urte. Afrikatik etorritako beste gizaki bat agertu da Europa osoan barrena, Homo sapiens, eta aurrez aurre egiten du topo Negardentalarekin. Gu omen gara.   

Zuzenean edo zeharka, badirudi Sapiensen etorrerak Negardentalen desagerpena ekarri zuela. Bizikidetza ezinezko baten kronika tristea. Nahastu ote ziren bi espezieak elkarrekin bizi izandako urteetan? Interpretazio ebolutibo homologatuak ezetz dio, edota, nahastekotan ere balizko istorio erromantiko horien frutua antzua izan zela. Beste batzuk ez gaude hain seguru.

Eta horretara nator ni euskaldunon beti ernegatuta egotearen kontuari puntua ematera, irakurlea honaino iristeko pazientzia izan badu, behinik behin. Zergatik gara euskaldunok hain negar-jarioak, hain kexatiak? Zergatik ez dugu irudi suspergarriagorik ematen geure komunitateaz, gure hizkuntzaren egoeraz? Ba, sinpleki esanda, eboluzioaren emaitza garelako, eta segurki gure aurreko senide horien guztien aztarna gordetzen dugulako gure kode genetikoan. Batez ere Negardentalena. Nahiz eta beti mespretxuz begiratua izan den, astopotro burugutxi ergel bat bailitzan, Negardentalen ispilua ere bagara. Seguru nago Kantauriko txoko honetan (Santimamiñen, Ekainen, Altxerrin...), Sapiensi aurre egin beharrean harekin baketsuki nahastu zela Negardental, eta nahasketa horren ondorengoa garela gu. Gainditu ditugu haren haginetako oinaze latzak, eta, hala ere, negarrez jarraitzen dugu, zentzugabea badirudi ere. 

Eguberri on, negardentalok! 

Martin     

Erantzunak

Erantzun bat »

  1. Nik "zenbat gara?, lau, bat, hiru, bost zazpi" kanta horrekin erantzungo niakek Martin. Oso gutxi gaituk negartiak gai honetan. Jazotzen dek ze, nahiko endogamikoak ere bagarenez, geure artean ari garela egun osoan negar zantzoka.

    Nik ez diat nire inguruan, inguru dexente euskaldunean, gure antzera negar batean dagoen asko ezagutzen. Horregatik irizten zioat -neurri batean behintzat- oker ere bagabiltzala; eta uste diat, gainera, negarrerako joera endemiko hau kaltegarria ere izan daitekeela, inork ez baitik lagun izan gura une oro negar ampulu artean dagoen batena.

    Etzekiat nik Negar-dental, zakilixutensis, sasi-sapiens edo zein hartu beharko dugun eredu modura, baina hobe diaguk bihar-etziko agin eta hortzek beste modu batekoak izan behar baditek barre egitearen eraginez izan daitezela, ezpainak belarrietaraino luzatuz, goitik beherako konkabitatez.

    egorospe | 2008-12-22 - 10:29:27 GMT 1 #

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>

Egilearekin harremanetan jarri | Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!