Mutur herria
XXI. Mende Hasierako Hizkuntza Politikaren Oinarriak landu eta jaso zituzten, han-hemen, arlo askotatik eta pentsaera anitzetatik aukeratutako zenbaitek. Horren gainean egin zituzten beste batzuk euren ekarpenak. Ludgeer Mess-ek ere bai. Gainerakoen txostenetan murgiltzeko ere izango dugu astirik. Ni hemen Mess-enetik ateratako esaldi bati ekin nahi diot, aitortu behar baitut zirrara eragin didala. Hona hemen: “Ez genuke ilusiorik izan eta denbora gehiegirik galdu beharko goian aipaturiko bi muturretako sektoreak (euskarazko elebakartasuna ezarri nahi duten mega-abertzaleak; euskara oztopotzat jotzen duten eta elebitasunean sinisten ez duten agitpropopalariak) hizkuntza politikaren kontsensuan sartzeko. Ezinezkoa da eta. Gizartearen eta politikaren gutxiengoak ordezkatzen dituzten taldeak izanik, bazterrean utzi beharko genituzke eta kontzentzua gainontzeko guztien artean landu”.
Ez du barkatzen Ludgeer-ek. Ba al du arrazoirik? Ikus dezagun zer dioten berak muturrekotzat jotzen dituen horiek. LABek asteon informazio-orri bat zabaldu du, non, HPSren IV. Plangintzaldiaz, honako hau dioen: “Administrazioan euskararen benetako normalizazioa lortzearren, itxurakeriarik gabe, zeozer egin nahi badute badakite non aurkitu ahal gaituzten, baina fartsaren beste saio bat egiteko ez dezatela LABekin kontatu, ezta LABek ordezkatzen dituen langileekin”. Arrazoia al du Mess-ek? Zentzuzkoa al da LABek dioena?X. Mendiguren Bereziarturen ekarpena ere izan dugu eskuartean, non, beste hainbat iritziren artean, honakoak bota baititu: “Triunfalistegiak dira Oinarrizko Txosteneko baieztapen horiek, ez baita egia arrakastatsua izan dela, ez baitira lortu lor zitezkeen helburu guztiak eta, dudarik gabe, badugulako etorkizunari kezkaz begiratzeko arrazoi objektibo ugari. Gure uste apalean, beraz, egokiagoa da beroaldiak aparte utzita, mende-laurdenak izan dituen elementu, jardun, proiektu, ideia eta zeregin positiboez eta negatiboez hitz egitea eta, ez arrakastaz, txostenean egiten den bezala”. Muturreko iritzi modura har genezake?Eta beste muturrak zer?. Irakurri berri dut José María Ruiz Soroa idazle eta legelari unionistaren azken liburua “Tres ensayos liberales”, zeinetatik bigarrenak hizkuntzaren gaia aztertzen baitu. Ruiz Soroa jauna espainiartasunaren gidari ideologikoa bihurtuta dugu azken garai honetan, eta bere iritzietan euskarak toki berezia du. Hara zer dioen berak: “Los derechos de unos se convierten para otros en unas cargas de tal magnitud que violan sus propios derechos básicos. En concreto, el derecho de los hablantes en euskera genera a la larga la obligación real y efectiva de los no hablantes a aprender esa lengua, so pena de queder excluidos de opciones vitales importantes. Por el contrario, los derechos de los hablantes del castellano no generan para los euskaldunes la obligación de aprenderlo, por la sencilla razón de que ya lo conocen” Eta horrelako beste hainbat, zeinetan argi nabarmentzen egilearen eta bere sokakoen jarrera. Muturreko iritzia dugu, kontrakoa izan arren, Ruiz Soroarena?Nire ustea da gizartea polikromatikoa dela, ñabardura anitzekoa, baita hizkuntza kontuetan ere. Denetik dagoenez, denak errespetatu behar direla. Errespetatu esan dut? Errespetu falta edo errespetu erakuste bera al dago bi muturretan, edo erdiko gune zabal horretan? Hara zer dioen Mendigurenek: “Beraz, kontsentsua behar dela esate hutsak ez du ekarpen handiegirik egiten, ezinbestean definitu behar da zer den negoziagai eta zer ez dagoen negoziatzerik”. Burura dakarkit gara bateko “Amnistia ez da negoziatzen” lelo hura. Baina zer esan gura du Mendigurenek?: “Begi-bistakoa da hizkuntza-eskubideak nola bermatu ez dela negoziagarri, eskubideak bermatu egin behar dira kasu guztietan, ahalik eta denborarik laburrenean eta, kasu guztietan, epe ezagun baten barruan”.Artikulutxo honetan aurrera egin ahala geroz argiago ikusten dut hizkuntzaren afera honek gizarteko arlo politiko eta sozialarekin duen harreman estua, alegia, bi mutur horiek eta erdialde zabal hori gure herriaren ezaugarri direla. Inork pentsa badezake ere manikeo azkenak garela, niri gustatu egiten zait irudi hori, nahiko nukeen arren herritar gehienak nire ildokoak izatea. Irreala, ordea. Errepara diezaiogun gure albokoari, gure seme-alabaren kirol-taldeko gurasoei, gure anai-arreba, koinatu edo koadrilako lagunei. Polikromia eta ñabardurak nonahi. Zaila eskubideez eta obligazioez jardutea hain iritzi-mota barreiatuen artean.

Zabaldu
del.icio.us
XXI. Mende Hasierako Hizkuntza Politikaren Oinarriak txostenaren gainean Ludger Messek eta beste hainbatek eginiko ekarpenak Erabili.com webgunean daude eskuragarri. Orain artekoak:
Mikel Zalbide
Kike Amonarriz
Joseba Arregi
Mikel Basabe
Ana de Castro
Miren Dobaran
Joseba Iñaki Etxezarreta
Itziar Idiazabal
Anjel Lertxundi
Jose Luis Lizundia
Lucia Martinez
Koldo Martinez
Jasone Mendizabal
Xabier Mendiguren Bereziartu
Ludger Mess
Mertxe Mugika
Edukiari buruzko ekarpenez gainera, uste dut eskertzekoa dela txosten guztietan erabiltzen den errespetuzko tonua, formak eta esateko moduak asko baldintzatzen baitituzte eztabaidaren nondik-norakoak eta emaitzak.
Hori esanda, Eusebiok bota dituen galderen inguruko ohar batzuk egin nahi nituzke, ahalik eta modurik txukunean, zaila da eta ohargilearen oharren gainerako oharrak egitea.
Muturreko sektoreak
Ez dut argi ikusten zeintzuk diren Ludgerrek aipatzen dituen bi “muturretako sektore horiek”. Eusebiok LAB eta Kontseilua direla ondorioztatzen du eta, tira, jo dezagun hala direla. Baina, orduan, noiz eta non esan dute mega-abertzale horiek “euskarazko elebakartasuna ezarri” nahi dutela? Askotan leporatzen zaie, egia da, elebakartasuna bilatu nahi izatea, baina, nik dakidala, inork ere ez du horrela, bere biluztasunean, “elebakartasuna” eskatzen. Hor ere, beste askotan bezala, ñabardurak eta zehaztapenak behar-beharrezkoak dira, hitzek traizionatuko ez bagaituzte. Xabier Mendiguren Bereziarturen ekarpenean aurki litezke, hain zuzen ere, horren inguruko matizazioak.
"Ezinezkoa da euskal gizarte elebakarra" [Euskara21 txostenetik]
«Ezinezkoa ez da. Badira gizarte elebakarrak, beraz ez dugu arrazoirik ikusten ezinezkoa izateko. Beste kontu bat da desiragarria ote den. Argi dago ezetz, guk behintzat herritar eleaniztunez osaturiko gizartea nahi dugu, non euskara den ohiko eta lehentasunezko komunikazio hizkuntza.»(X. Mendiguren)
Uste dut nahiko argi dagoela. Nik ere bat egiten dut horrekin, desideratum edo nahikunde gisa besterik ez bada ere. Beste gauza bat da, datuak eskuan eta abar, zenbateraino den bideragarria gaur egun, baina proiektu baten bideragarritasun-mailak ez luke zertan proiektu horretan sinisten dutenen printzipioak alboratzea ekarri behar, bi plano diferenteak iruditzen zaizkit, nahiz eta estrategiak unean uneko baldintzetara egokitzen jakitea oso bertute ona izan, noski (bat izan daiteke federalista, komunista edo mormoia, eta jakitun izan gizartearen %1etik behera dela bere ideiekin bat datorrena, baina horrek ez luke bere pentsamoldea alboraraztera behartu behar errealismoaren amoreagatik).
Muturreko jarrerak direla eta, Mendigurenek txostenari egindako “triunfalismo” salaketa ez nuke zaku horretan sartuko. Beste iruzkingile batzuek ere, Zalbidek besteak beste, ildo beretik jo dute, eta luze azaldu zertan ez dauden bat balorazio optimistegi horrekin:
«Ez nau betetzen, halere, bertako zenbait baieztapenek. Ahulak iruditzen zaizkit hainbatetan, eta aho bikoak besteetan, bertako kontsiderazio batzuk. Ez da ebidentzia enpiriko handirik eskaintzen, batetik, lortu diren emaitzak materialki hala direla sinetsi ahal izateko. Ematen diren azalpenak, beste zenbaitetan, egiazkoak izanik ere balio-indar ahulekoak dira neurtu nahi dena (euskararen osasunak hobera edo okerrera egin duen, zertan eta zenbat) behar bezala neurtzeko. Kezka modu horiek azaltzen saiatu naiz bilakaeraren pasarte honetan.» (Mikel Zalbide)
Kontsentsua
Hitz majikoa. Baina alferrikakoa, ez bada ondo zedarritzen zertan, norekin, non… Egia da, Ludgerrek gogor jo du, eta harritzen nau “gutxiengoa” izate hutsagatik sektore batzuk baztertzeko proposamenak.
Jose María Sanchéz Carrión Txepetx ikerlariak aspaldi erakutsi zuen hizkuntza-komunitate batean ez dutela denek garrantzi eta indar bera. Kontsentsua hurrenkera edo lehentasun batzuen arabera eratu behar da, modu kontzentriko batean, bihotzetik kanpora: lehenengo hizkuntza horretako hiztun osoen artean, gero euskara guztiz integratu gabe daukatenekin, eta azkenik, erabat indeferente direnekin. Horrela, artikulatu ezean, etxea teilaturik ari gara eraikitzen. Jaurlaritzan bertan, adibidez, inori ez litzaiguke bururatuko kontsentsuaren lehenego fase teoriko batean erdaldunengana jotzea; ez, lehenengo pausua Tiraka inguruko jende xelebrearen arteko kontsentsua bilatzea da, eta gero gerokoak.
Kontsentsuaren mamia ere –edo mami eza– ondo pentsatzeko gauza da. Horri dela-eta, Mikel Basaberen hitzekin bat nator, guztiz:
«Aldekotasun zabala lortu zuen Gernikako estatutuak, eta aldekotasun zabala Euskararen legeak ere. Baina aldekotasun hori paperean geratu da.» (Mikel Basabe).
Hau da, orduko kontsensu-giroaren minez hura berreskuratzeko deia egiten denean, ahaztu egiten da, nire ustez, erabat testimoniala izan zela, deklarazio huts bat kontsentsukide askori inolako konpromisorik edo betebeharrik ekarri ez ziena. Erosoa bai baina praktikoa ez.
Autobus-geltokiarena
Ludgerrek duela urte batzuetako pasadizo interesgarria kontatzen du bere testuan, eta denontzat baliagarria dela iruditzen zait, konparazioak konparazio.
Zarauzko autobus-geltokira eramaten omen zuen egunero semea, eta han inguruko hainbat amarekin elkartu ohi zen, “guztiak euskaldun peto-petoak”. Amok umeekin euskaraz baina haien artean erdaraz jarduten omen zuten, orduko Ludgerren eskandalagarri. Gaur egun ordea, iritzia “zertxobait” aldatu egin du eta normalago-edo iruditzen zaio, azken batean denok dugu eta hizkuntza aukeratzeko askatasuna, eta andre haiek “zerbaitengatik” egingo zuten eta.
Beste pasarte batean euskarari buruzko irudi apokaliptikoak eta negatiboak ematearen desegokitasunaz dihardu autoreak, eta niri horrelakoxea iruditzen zait berak hain naturala ikusten duen geltokiko hori. Hau da, 2009. urtean, Zarautzen, ama gazte (?) horiek euskareren erabilera diglosiko horrekin… ez dut ulertzen. Ludgerrek ez digu kontatzen, bestalde, berak “¡hola chicas!” edo “egu on, neskak!” zuzentzen zitzaien goizero, eta hau ez diot bera krikitatzeagatik, baizik eta irudikatzeagatik bester espazio eta une askotan gertatzen diren egoerak eta jarrerak. Jarri zure laneko kafe-makina horko autobus-geltokian, amen ordez ipin itzazu zure lankide batzuk, eta kontaidazu nola jokatzen duzun/dugun. Eta zure jokamoldearen ondorioz haiena ere alda liteke, edo ez. Nik neurea kontatuko dizuet, Jaurlaritzan ingelesa ikasten pasa ditudan lau urteotakoa.
Urtero-urtero, ingeleseko klaseetan %80tik gora euskaldunak izan gara (ez dut uste, gainera, kasualitatea denik). Salbuespenak salbuespen, gure arteko harremanak gaztelaniaz izan dira, baita denok euskaldunak gineean ere. Beti bezala, neu tartean sartuz gero batzuek euskarara aldatu, baina beste batzuek ez, laboratorioko lan polita baten jarrerak besteena zein neurritaraino alda dezakeen ikusteko. (Zein izan da zure esperientzia klasean, Gorka?)
Martin | 2008-12-18 - 13:02:35 GMT 1 #
Aupa Martin Hire bai ekarpena! Ezer baino lehen barka-eskea, nahiko modu baldarrean sartu dudalako goiko posta. Bost bat bider saiatu nintzen, baita estekak jarri ere -gero Martinek sartu dituenak-, eta ezin lortuta nenbilenez, ahal zen moduan eman nuen argitara testutxo hori.
Bai ematen dudala aditzera, Martin, beste muturra. Ruiz Soroaren izena agertzen da hor, eta berak idatzitako testu zati bat ere bai. Beste hamar ere lasai asko jar litezke. Baina aipatutako autore horrek esandakoa nahiko erakusgarria iruditu zait.
LAB eta Kontseilua? Muturrekotzat ez ditut nik jo, Mess-ek baino. Nik izenak jarri dizkiet (atrebentzia larrez behar bada) berak mega-abertzaletzat hartzen dituen horiei. Behar bada ez zituen buruan horiek, beste batzuk baino.
Nik ez dut gehiegizko konfiantzarik erdigune zabal horretan, mundu guztiak -nik neuk barne- hainbeste aipatzen duen horretan. Nik neure bizitza laboral guztian behin eman dut botoa hauteskunde sindikaletan, hain zuzen ere azkenengoetan. LABi eman nion. Ez berak arlo sozio-laborelean duen jarreragatik, baizik eta euskararen aurrean -salbuespenak gora behera- izan duen jarreragatik.
Nik, zeozelan esateko, Mess-en arrazoiak arbuiatu gura izan ditut, ez muturreko mega-abertzaleen ildo teorikotik, ezpabere horien jarrera praktikotik. Alegia: argi dago mutur bat euskararen normaltasunaren kontra dagoela nabarmen; baina bestea -mega abertzaleena- da euskarari bizitasun eta normalidade zantzurik gehien ematen diona. Hori ez dago ukatzerik.
egorospe | 2008-12-18 - 14:28:06 GMT 1 #