Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Sentipen gazi-gozoak

garruze 2008-12-15 @ 13:47

euskaraz_bai.gifAurreko mezuan agertu bezala, larunbatean BECera hurbildu nintzen eta ekitaldiak hainbat sentipen sorrarazi zizkidan.

 Positiboa batzuk: pozgarria izan zen ikustea zenbat jende dabilen euskararen inguruan lanean; zenbat atxikipen, ahalegin eta konpromiso biltzea lortu duen Euskarak; eta zer nolako jende andanak (ez nahikoak oraindik ere) egin dugun euskaraz bizitzeko aukera sendoa , oztopoak oztopo. Miresmena urte hauetan guztietan eragile jardun duten guztiengan.

Kritika egiteko modua ere gustatu zitzaidan: umoretsu, mezu argiak eta jai-giroan. Haurrek ere gozatzeko modua izan zuten eta makina barre egiteko aukera ere bai. Kalean eta ikastoletan euskaraz hitz egiten duten haur eta gazte askorentzat gizartean xomorro ez direla erakusteko bilgune polit bat,  aukera izan baitzuten konturatzekojende asko gabiltzala haiek bezala euskaraz bizitzeko ahaleginetan.

 Nolanahi ere, ekitaldiak sorrarazi zizkidan beste sentipen batzuk, ez hain positiboak: jende ugari elkartu arren, ez ginen gai izan BECeko aretoa osorik betetzeko.

 

Eta susmoa dut horrek baduela zerikusia euskaraz bizi nahi dugunon aldarria plazaratzen dugun moduarekin. Esaterako, nonbaitetik hasteko, gogorrak egiten zaizkit Kultura Sailaren ikurrari ohikoak bihurtu diren txistu txaparrada horiek (Telebistan Irujo/Olaizola partidan ere bai entzun ziren).

 Kultura Sailari kritika egiteari ezinbestekoa deritzot eta normala hein batean Kulturan egiten den kudeaketarekin ados ez egotea. Baina Kontseiluaren ekitaldia herritar askotarikoentzat zuzendua zen eta ziurrenik  entzuleen artean egongo ziren hainbat pertsonek txistu horiek entzutea gustuko ez dutenak.

Kritika zorrotzari nik ez diot beldur eta gainera ona iruditzen zait nondik jo behar den erabakitzen laguntzen baitu, baina kritika edukiari egin behar zaio eta ez horrenbeste ikurrei. Zerekin ez gauden ados esatearekin adoz, baina pertsona eta erakundeen kontra sistematikoki egitearekin, ordea, ez.

 Kritikaren bidez, egoki adieraz daiteke oraindik ere euskaraz bizi nahi dugunok aukera hori ezin dugula normaltasunez erabili, eta zentzu horrekin egindako parodiak ondo egon zirela uste dut.

Baina, gure artean ere autokritika puntu bat egin beharko genukeela uste dut, batez ere, gure hizkuntza-eskubideak eskatzeko orduan erabiltzen ditugun formei dagokienez. 

 Ezin albora daiteke, guk gure hizkuntza-eskubideak erabiltzean besteen hizkuntza-eskubideekin talka egingo dugula. Eta denon artean jarrera eta jokabide kultura berri bat sortu behar dugu, gatazka horiek behar bezala kudeatzeko.  Hizkuntza-eskubideen erabilerak gatazkak sortuko dituztela jakina da eta hein batean normala, baina gogoeta egin beharko genuke gatazka horietatik onik ateratzeko (eta ez zigortua, funtsean arrazoia izanda ere)  zeintzuk ote diren tresnarik egokienak. Alegia, ez beti pentsatu besteak duela errua, izan ere, batzuetan gatazka bera beste era batera kudeatuz gero, emaitza oso bestelakoa izan baitaiteke.

Gatazkak gizartean egunero gertatzen dira eta kakoa horiek behar bezala bideratzen datza. Bi gako: eskuzabaltasuna eta benetako errespetua elkarri.

Ez naiz inor jokabideen inguruko irakaspenak egiteko, badakit, eta ez da hori nire asmoa. Hala ere, uste dut, gaurko egoera gainditzeko eskubideak kudeatzeko tresnen inguruko eztabaida zabaltzea lagungarri gerta dakigukeela guztioi.

Jabetzen naiz, nolanahi ere, BEC ez betetzearen inguruko gaiak badituela beste hainbat gogoeta-adar, baina hori eztabaidarako utziko dizkizuet.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Erantzunak(10) »

  1. egorospe — 2008-12-15 - 16:18:28 GMT 1

    Txistu zaparrada hori ez da harritzekoa, batik bat kontuan hartuta -ondo edo txarto- Kontseiluak bere jomuga duela Kultura Saila eta, gehienbat, HPS.

    Manikeismo latzegian erori gara. Ni hemen eta zu hor, bata bestearengadik ahalik urrutien.

  2. Haizeder — 2008-12-15 - 16:53:39 GMT 1

    Peio Salaburuk ezin hobeto azaldu zuen Euskararen Etxea bere artikuluan: "Aski jakina da, ia beti, euskarari dagokionez, ekimen paraleloak, bikiak, sortzen ditugula: euskarazko bi egunkari, ikastolen bi sare, hizkuntza politikarako bi plangintza: EBPN eta Kontseiluarena...". Ez du komentario gehiagorik behar.

    Helburua euskara bultzatzea solik baldin bada, zergatik egin behar da sistematikoki kontra (eta ez diot ezin daitekeenik kritikatu, ez horixe, baina kritika zilegia) zeregin horretan hobeto edo txarrago diharduten erakundeen kontra? Zergatik ezin da barrutik lan egin, eta ez BETI erakunde paraleloak sortzen ibili, erakunde ofizialei zilegitasuna kendu nahian?

    Behar bada, galdera horretarako erantzuna dutenek azal liezagukete zergatik bihurtu diren sistematikoak txistuak agintarion edozein agerkunde publikotan...

    Bestalde, Garruzek dio seguruenik batzuk ez eroso sentituko zirela horrelako jarrerekin. Tamalez, ez eroso sentitu ziratekeen horiek (eta askotxo dira) aspaldi uxatu zituzten jarrera horiek agertzen dutenek.

  3. Garruze — 2008-12-16 - 08:35:00 GMT 1

    Posta idatzi nuenean kontu garrantzitsu bat aipatzea ahaztu zitzaidan. Honako hau alegia: Ba al zenekien Kontseiluari BECek 80.000 euro (antzinako 15.000.000 pta) kobratu dizkiola aretoa alokairuan hartzeko, eta Bruce Springsteeni aldiz dohainik utzi ziola areto bera? HARRITUTA GERATU GINEN denok. LOTSAGARRIA!!!

  4. Martin — 2008-12-16 - 11:15:23 GMT 1

    Ados nago esaten ari zareten gauzekin. Bakarrik erantsi nahi nuke ez geniokeela beldurrik izan behar "aretoak ez betetzeari". Aitortzen dut adrenalina goraka jartzen zaiola bati horrelakoetan, baina ez gaitezen obsesionatu kopuruarekin.

    Bestalde, Otsailaren 10ean, denok Obabara! bezalako mezuak gero eta gutxiago gustatzen zaizkit. Beharbada forma horien egokitasunean ere pentsatu beharko genuke, gehiago ematen duelako agindu zorrotz bat gustoz hartzeko gonbidapen bat baino.

  5. Igor — 2008-12-17 - 12:00:41 GMT 1

    Haizeder ez zara oso fin ari, Peio Salaburuk botatako asmakizunak hona ekartzen. Ez da euskalgintza administrazioak sortutako ekimenak bikoizten ari dena, alderantziz baizik. Jaurlaritza da Euskalgintzak sortzen dituen ekimenak bikoizten ari dena, behin eta berriz, euskalgintzarekin elkarlanean ari ordez. Adibideak ugariak eta begibistakoak dira (ikusi nahi dituenarentzat, noski): Euskalgintzak AEK sortu zuen eta 18 urte beranduago Jaurlaritzak HABE, Euskalgintzak Egunkaria sortu zuen eta parean Jaurlaritzak Egunero (azkenean argitaratu ez zutena), Kontseiluak normalizazio planak abian jarri zituen herrietan eta 2-3 urte beranduago Jaurlaritzak EBPN, Kontseiluak hizkuntz eskubideen Behatokia abian jarri zuen eta 7 urte beranduago Jaurlaritzak Elebide abiatu du, Kontseiluak BEZ ziurtagiria abian jarri zuen eta 8 urte beranduago Jaurlaritzak Bikain sortu du... Inork adibide gehiago behar du? Euskalgintzak behin eta berriz elkarlanerako eskua luzatu dio Jaurlaritzari baina honen erantzuna euskalgintza ahuldu eta baldintzatzeko egitura berriak sortzea izan da.

  6. Antxeta — 2008-12-18 - 09:48:45 GMT 1

    Igor, zuk ondo asko azaldu duzun egoera agintekeriaren erakusgarri baino ez da. Eta zeuk aipatutakoez gainera, beste adibide asko ere badira, oso larriak: besteak beste, Egunkaria itxi eta egun gutxira HPSko agintariek egunerokoaren ildo editorialari egin zizkioten kritika gogorrak, gogorragoak atxilotuek jasandako tratua eta itxiera bera salatzeko adierazi zituztenak baino.

    Agintekeria da BECen alokairuarekin gertatu dena, eta abar luze-luze bat, luzeegia. Eta euskaltzale askok ez dute hori ahantzi, eta, nire iritziz, ez da komeni norekin ari garen ahanztea.

    Zoritxarrez, oraindik ere, badira arrazoi ugari agintariak eta euren ikur negargarri ustelak txistuka hartzeko.

    Hala ere, ados nago, Garruze, helburu eta estrategien inguruko eztabaida piztu behar da, manikeismo sinpleetan erori gabe.

  7. Haizeder — 2008-12-18 - 14:02:16 GMT 1

    Tira, Igor, nik ez nuke esango Peio Salaburuk esandakoak asmakizunak direnik. Iritziak dira, zureak eta nireak bezain zilegiak, baina iritziak azken batean. Eta hain zuzen ere iritzi direlako, plaza ezin egokia deritzot blog honi bertan partekatuak eta eztabaidatuak izateko. Gainera, EHUko erretore izandako eta egun euskaltzain den batek botatakoak dira; beraz, sikieran horregatik bada ere, niri behintzat errespetu bat merezi didate (zuk esandakoak merezi didatenaren bestekoa, gutxienez).

    Dena den, zure iruzkin zorrotzei helduta, autokritika falta ikaragarria somatzen dut.

    Atentzioa eman dit ikusteak euskalgintzaren esklusibitatea aipatzen dituzun erakunde horiei bakarrik aitortzen diezula (hala iruditu zait niri behintzat). Horietatik at, ez dago ezer, ez dago zilegitasunik eta, beraz, ez dago norbere burua euskalgintzaren munduan kontsideratzerik. Badirudi, erakunde horiek guztiak sortu arte hemen ez dela euskalgintzarik egon, erakunde horiek bakarrik ari direla gaur egun euskararen alde lan egiten, eta horiek esistitzen direnez ez dela zilegi bestelako ekimenak eta erakundeak bultzatzea.

    Euskalgintza patrimonializatu egin duzula iruditu zait, bestelako aukerei eta erakundeei euskalgintzan partaide izateko aukera ukatuz.

    Faltan botatzearekin jarraituz, faltan bota dut ere bai Garruzek aipatutako txistuen gainean ezertxo ere esan gabe pasa izana. Antxetak, behintzat, esan du esan beharrekoa... zer pentsatua ematen didan arren uste izatea zilegi dela euskalgintza horren izenean txistu egitea euskal gizartearen beste zati bati, are gehiago jakinda horrek gizartearen erdia baino gehiago uxatzea suposatzen duela, alegia, gizartearengandik isolatzeko besterik balio ez duen aldebakarreko erabaki bat dela.

    Euskalgintza berberaz ari al gara?

    EGUBERRI ZORIONTSUAK ETA URTE BERRI ON, TIRAKAKIDEOK.

  8. Igor — 2008-12-23 - 17:09:12 GMT 1

    Sentitzen dut Haizeder, baina Peio Salaburuk esandakoak ez dira iritziak, nik asmakizun deitu nien zuzen zuzenean gezurrak zirela ez esateagatik eta asmakizunak zirela frogatu nizun, datu zehatzekin. Noski nahi dituzun iritzi eta aipu guztiak ekar ditzakezula blog honetara, ni ez nintzen horretaz ari. Nik esan nahi nizuna zera zen, mundu guztiak gezurra dela dakien zerbait blog honetara ekartzeak ez zuela zure alde asko esaten (nahiz eta gezur hori Euskaltzain batek botatakoa izan). Hasteko iritziak eta errealitatea bereizten jakin beharko zenuke. Gezurra da ekimenak bikoizten dabilena euskalgintza dela eta horixe frogatu dizut, datuekin frogatu ere. Horiek ez dira iritziak, datuak dira, errealitatea. Hitz egidazu datu horiei buruz eta ez asmatu nik esan ez dudanik. Nik ez dut esklusibitateaz hitz egin eta nik ez diot Jaurlaritzak antzeko ekimenak abian jarri behar ez dituenik. Nik diodana zera da, euskalgintzak eman dituela BETI lehen pausoak eta BETI Jaurlaritza atzetik mugitu dela. Eta Euskalgintzak Jaurlaritzari bere esperientzia eta elkarlanerako borondatea erakutsi dionean Jaurlaritzak eskaintzari muzin egin eta berea egin duela. Nik uste ulertu nahi duenarentzat argi dagoela esan nahi izan dudana.

    Txistuei dagokienez aurrekoan ez nuen ezer esan txikikeria iruditu zitzaidalako baina nahi baduzu horri ere ekingo diogu. Jaurlaritzak ia hiru hamarkada tauetan garatu duen hizkuntza-politika negargarria ikusita herritarrek txistu egitea munduko gauzarik normalena iruditzen zait, baina era berean ez zait batere eraginkorra iruditzen. Egokiago ikusiko nuke, esaterako, euskaldunok geure hizkuntza eskubideak bermatuak izan arte Jaurlaritzari zergarik ordainduko ez bagenio. Zibikoagoa eta, batez ere, eraginkorragoa litzateke.

    Urte berri on zuri ere.

  9. Haizeder — 2008-12-26 - 08:45:48 GMT 1

    Eskerrik asko Igor! Agerikoa da ikuspuntu zeharo ezberdinak ditugula gai honetan, besterik gabe. Eta horrela behar du gainera. Zenbat buru hainbat aburu.

  10. Igor — 2008-12-30 - 13:22:37 GMT 1

    Barka Haizeder baina ez da ikuspuntu arazoa. Zuk errealitatearen irakurketa oker eta interesatua plazaratu duzu blog honetan eta nik oker ari zinela frogatu dizut, datuekin. Kontua ez da nik esandakoarekin ados zauden ala ez. Froga iezadazu mesedez oker nabilela. Oraindik zuk botatakoa data zehatzekin noiz frogatuko zai naukazu. Ongi izan!

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>