Utikan sariak
Joan den astean Ukan sariaren berri eman genuen. Oraingoan, 2008ko Utikan sariak jakinarazi nahi ditugu. Beraz, nik neuk neure buruari ematen diodan ahalmenaren indarrez,
EBATZI DUT:
-
Lehenengo saria (Urrezko Gorotza edo Ikatza saria), euskararen erabilera asustatzeagatik: Jaurlarizako Baliabide Orokorren Zuzendaritza. Merezimenduak: 25 urte eta gero, azala behar da gero Eusko Jaurlaritzaren intranetean informazio gehiena gaztelania hutsez edukitzeko. Epaimahaiak bereziki baloratu du zuzendaritza horrek 2008ko urtarrilaren 31n jada aipamen bat jaso izana blog honetan bertan, eta harrrigarria deritzo handik hona urtea pasa eta gauzak berdin-berdin irauteari.
-
Bigarren saria (Kanpolarrosa saria): Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, lehenengo sariaren irabazleari orain arte kargu ez hartzeagatik. Merezimenduak: Epaimahaiak bereziki baloratu du zeinen ederki predikatzen duen HPSk kanpoan euskararekiko konpromisoaren beharra eta, aitzitik, zein erraz ahazten zaion etxeko debereak egitea.
-
Hirugarren saria: (Premio lanzamiento de jabalina edo el arma arrojadiza) El Correo egunkaria, Gasteizko tranbia berriari buruzko gune politean euskara ahazteagatik. Merezimenduak: Epaimahaiak bereziki baloratu du egunkariaren ildo ideologikoa, zeinaren arabera gasteiztar euskaldunak guztiz ikustezinak garen, non eta euskara ez den xextra, ika-mika eta bronkarako aitzakia erraza.
Sari-ematea: Tirakaren egoitzan izango da, 2008ko abenduaren 28an.
Epaimahaia: ni neu, Martin Rezola Clemente.
Saria: Eroski Consumer aldizkarirako urtebeteko harpidetza.
Horiek dira nire saridunak. Zeintzuk dira zureak? Baduzu beste hautagairik?

Zabaldu
del.icio.us
Gorotz pila horren banaketan irizkide nok Martin. Baña Rezola (beti jekuk bañaren bat) nik hemen beste bideska bat hartu gura joat, guk orain baño lehen aipatu eta aztertu ere egin jukena: dana emon behar juk euskaraz?
Nik uste gure buruak oraindiño be nahastute jekuzakeela gai honetan, alegia, alde batetik dana gure juk euskaraz, jakinda itzulpenak dozakeela hogeitik hemeretzi, eta bestetik, argi jekuk modus operandi hori kaltegarria ere badokela euskararentzat, izan ere hobeto dok laurdena emon, baña bera euskeraz sortua.
Nik errebindikaziñoen eta salaketen ipar-orratza dardarka jekoat, nora ezean. Iruditzen jatak jauzi baten atarian gauxekeela eta, aldi berean, nondik jo etxakigukeela.
egorospe | 2008-12-10 - 09:52:21 GMT 1 #
Ez duk erraza, konpai! Hala ere, muturreko bi joeron artean, kontu batzuk argitzen saiatuko nauk. "Beti" eta "inoiz ez" artean eremua oso zabala duk.
Utikan sarien kasuetan argi zegok. Baliabide Orokorren Zuzendaritzak euskaraz ere eduki behar dizkik bere jarraibide, inpreso eta enparauak. Ez dituk batere kontu teknikoak, guztiz arruntak baizik (erosketak, posta, autoak...). El Correo-k ere, nire ustez, euskaraz eskaini beharko likek tranbia berriari buruzko gunea (edo Jaurlaritzak edo Udalak edo Aldundiak, egitasmoaren sustatzaile eta finantzatzaile diren neurrian, horretara behartu beharko lukete, ez alferrik gaituk %20tik gora Gasteizen euskaldunak). Maila horretako kontuak, alegia, euskaraz eskatzea guztiz bidezkoa eta normala duk.
Eroski Consumer aldizkaria itzulpena izango duk, baina oso ondo egindako itzulpena. Uste diat ohitu behar dugula horrelakoetara (Artium-eko erakusketa batean, adibidez, zein aldetara jotzen dugu koadroen azpiko testuak irakurtzeko?). Bestela ere, nik baino hobeto dakik, gaztelaniazko prentsan eta beste eremu askotan gehiena ere itzulpena duk, agentzia handiek sortutako itzulpen zuzen edo zeharkakoen emaitza. Egunero irensten dugun itzulpen-kopurua itzela da, ia konturatu gabe, dela irakurriz dela telebistan edo pelikuletan eta abar.
Beraz, "dena emon behar juk euskaraz"? Ez. Halaber, dena eman behar al da gaztelaniaz? Ezta ere. Kasuan kasuan erabaki beharko duk, igorlea, hartzailea, edukia, alorra... zein den, sekulan ahaztu barik Oskar Aranak eta Zelaik beste toki batean adierazitako kontu hura, alegia, funts-funtsezkoa dela, nahitaezko baldintza, itzulpena ona eta egokia izatea, behar diren baldintzetan umotua. Baina orain eta hemen -eta itzul nadin hasierako adibideetara- maila horretan, esan dezagun herritarrentzako lehen mailako atentzioa ematen zaien horietan, nire ustez, gauza gehiago eman behar dituk euskaraz.
Martin | 2008-12-10 - 10:38:20 GMT 1 #
Oso ona sariena, Martin!
Haizeder | 2008-12-15 - 09:57:27 GMT 1 #