JAURLARITZAKO ERABILERA PLANAK
Gure Saileko (Lehendakariordetza) euskara teknikariak deituta, badira hilabete batzuk Euskararen Erabilera Planaren kudeaketarako batzordean parte hartzen ari naizela, eta esan behar dut, orain arteko iritzia oso positiboa dela.Batzorde horren lehenengo zeregina ekintza-plana onartzea izan da. Azpimarragarria da zein jarrera irekia izan duten bai gure saileko teknikariek eta bai HPSeko teknikariak, izan ere, pazientzia ederraz entzun dituzte teknikariok ditugun kezkak eta baita negarrak ere. Gure Saileko Ekintza planean, gainera, guk egindako proposamen ugari sartu dituzte.Hurrengo urratsa, azterketa komunikatzailea izan da. Gure zuzendaritza lehentasunezko atalen artean dagoenez, Saileko eta HPSeko euskara-teknikariarekin elkartu eta gure eguneroko zereginetatik zeintzuetan hasiko ginen euskara erabiltzen galdetu ziguten. Elkarrizketara joan aurretik Zuzendaritzan bertan gure konpromisoa zer nolakoa izango zen adostu genuen eta jarrera bateratua eraman genuen denok banakako elkarrizketetara.
Gure konpromisoa hauxe izango da: gure zuzendaritzak kudeatzen duen EAEko eskumeneko datu-basearen informazioa bi hizkuntza ofizialetan eskaintzea, eta lantzen dugun txosten bakoitzean bere edukiaren laburpena edo ondorioak euskaraz plazaratzea. Gure arteko harremanei dagokienez, euskara normaltasunez erabiltzea, bakoitzak ahal duen heinean.
Orain arteko guztia oso positiboa izan bada ere, badira hainbat gauza kezka sorrarazten didatenak. Batzuk baino ez ditut aipatuko hemen:
Agindu diguten prestakuntza bereziari dagokionez, zer nolako prestakuntza izango da?
Teknikaria naizen aldetik, joskera aberasteko baliabideak nahiko nituzke, alegia, gramatikaren egokitasunez haratago, idazteko ziurtasuna eskaini eta nire joskera aberasteko aukera eskainiko didatenak.
Sintesiaren inguruan ere zer edo zer eskertuko nuke, izan ere, gure asmoa da txostenak oro har hizkuntza ofizial batean egitea eta horren laburpena eta ondorioak beste hizkuntzan ematea. Kontuan hartu behar da, teknikariok askotan denboraz juxtu samar gabiltzala eta ez dugula nahikoa denbora testu bera bi hizkuntzetan egiteko. Bietan egiteko aukera lasaiago aztertu beharko litzateke eta ez dut uste langileen partetik bakarrik etorri beharko lukeenik konpromisoa, arduradun politikoek ere zer esan handia baitute horretan, bereziki,lan-baldintzei dagokienez.
Bestalde, gaur egun dauden baliabide tekniko guztiak hobeto ezagutu nahi nituzke, izan ere, badakit EHUk batzuk eskaintzen dituela, Deustuko Unibertsitateak beste batzuk, Euskaltzaindiak..., baina ez dut denbora nahikorik izan horietan "trasteatzeko" eta ibili naizenean ere ez naiz gai izan tresnek eskaintzen dituzten funtzioanalitate guztiez jabetzeko.
Izan du beste inork esperientziarik Jaurlaritzaren erabilera-planarekin?

Zabaldu
del.icio.us