Ukan saria Eroskirentzat
martinrezola 2008-12-05 @ 11:21
Consumer Eroski aldizkariak irabazi du aurten Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskara sustatzeagatik ematen duen Ukan saria. Ondo merezia, nire ustez, euskarazko produktu bikaina da-eta. Ez dakit merezi duten harrera egiten ote diegun euskaldunok horrelako ekimenei, baina tira, balio dezala honako honek publizitate pixka bat egiteko ere.
Hilaren lauan argitaratutako elkarrizketan, Eroskiko zuzendariak Kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko Dekretu famatua aipatzen du, besteak beste: «Erronka polita da denontzat. Guk ez dugu obligazio modura ikusten, baizik eta zerbitzua hobetzeko modura.» Eskertzeko hitzak, zalantzarik gabe, bizi ditugun garai zurrunbilotsu hauetan.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Zorionak Eroskiri. Aipagarria da ere Ikeakoen jarrera: bertokoak diren enpresa asko baino errespetuzkoagoa euskaldunekiko. Bertokoak edo berton urte andana daramikiten asko baino.
Adibide penagarri bat jartzeagatik, egiozue bisita Olaberriako Carrefour delakoari, Goierriren bihotzean, bezero euskaldunak nonahi, euskara barra-barra bezeroak... baina Carrefourtarrak kasurik ez. Albaceten baleude bezala, edo ia. Kartel xixtrinen bat ele bietan, eta kitto. Horientzako eta horrelakoentzako "saririk" ezin liteke proposatu?
Lasai, Blas, datorren astean Utikan sariak banatuko ditugu, alegia, euskara asustatzeagatik emango ditugun sariak. Idatz ezazu orduan zerbait Carrefourri buruz. Ordurarte, aio!
Carrefourren jarrera horretatik ere ikasi behar dugu. Hau da: presio- edo indar-talde modura jarduten ikasi behar dugu. Ez dakigun zelan oraindi, ez daukagu landuta.
Teorian erraza da. Nahikoa litzateke hiruzpalau punturen inguruan bat gatozen euskaldunak jarrera bateratua izango bagenu. Adibidez: Carrefourren jarrera lotsagarria dela, ba sistema bat euki beharko genuke gure (euskaldunen) kolektiboak joera bateratua lantzeko horren aurrean. Normalean Carrefour boikoteatzea izango litzateke bere jarrera aldatzen ez duen bitartean.
Serioan hartu behar dugu presio-taldearena. Euskaldunok ere milaka pertsonaz osatutako bezeroak eta kontsumitzaileak gara. Bada garaia antolatzeko.
Ondo dago aldizkaria euskaraz argitaratzea etab, baina inork irakurri al du eroski produktuetan datozen euskarazko itzulpen negargarri horiek? Ez dakit galizieraz edo katalanieraz holangorik sartuko ete dituzten, baina saria ematerakoan kontutan hartu beharko litzateke. Aldizkaria baino, kontsumitzaileok pakete eta kutxetan datorrena irakurtzen dugu, eta baita kartel eta iragarkiak ere.
Badakizue nork dituen oso itzulpen onak bere kartel guztietan eta kataologoetan? Ba Corte Ingles-ak.
Nik ere IKEAkoa entzun nuenean gauza bera pentsatu nuen: estimatzekoa zela IKEAkoen ahalegina, are gehiago hemen diharduten beste askoren jarrera ikusita.
Bestalde, aipatzekoa deritzot LEROY&MERLINen kasua ere (Barakaldokoa). Errotulu gehienak euskaraz eta gaztelaniaz dituzte eta, behingoagatik, euskara onean gainera (salbuespenak salbuespen). Egia da ere, kasurik gehienetan, euskararen presentzia testimonial horrek ez duela bere islarik bertako langileengan, baina tira, hasteko...