Lepo beretik ezin
Distantziak laguntzen omen du. Eguneroko zurrunbiloak, irudi errepikatuek, betiko giro, aurpegi eta diskurtsoek geroz gehiago nahasten zaituzte, hausnaketarako zirrikiturik txikiena ere zabaldu barik. Oreka behar da, gaitik urruntzea. Zertaz ari naiz? Ezer baino lehen, neure burua defendatzen. Eta horrekin batera-edo, euskararen auzia beste ikuspegi batetik ikusi guran. Urtebete gaitik at egoteak, une oroko ernegua askatzeak, on egin dit. On ikaragarria, gainera. Nire inguruan ezer gutxi aldatu da. Urtebete hizkuntza kontuetan ezer gutxi da. Pentsa, herritar ugarik uste badu 30 urteren buruan ezer gutxi egin dugula aurrera gurean; urtebetean, are gutxiago.
Urtebete eta gero berriro itzuli gara Tirakakoak, eta ezin berrabiatuta gabiltza. Ez da harritzekoa. Nik neuk behintzat ez dut kemenik lehengo lepotik ekiteko. Barrutik ez ezik kanpotik ikusi eta aztertu nahi dut aurrerantzean katramila hau. Zein da egoera? Halakoa, lehengoa; alegia: gure umeek gaztelania erabiltzen dute gelaz kanpoko ordu guztietan eta lagunekiko harremanetan; Administrazioan milakak dituzte profilak lortuta, baino inor gutxik erabiltzen du euskara; euskarazko produkzio guztia itzulpena da eta eragin praktiko gutxi du, ezer ez esatearren; euskarazko egunkari bakarrak oso irakurle gutxi ditu eta egoera ekonomiko latza bizi du. Eta zerrenda luzearekin jarrai genezake beste lauzpabost lerrotan. Zer ekarpen berri egin beharko genuke?
Ezer baino lehen, lasai hartu. Mediku batek hil edo biziko operazio baten aurrean hartzen duen jarrera berbera. Gaian barrena aritzeko koordenadak behar ditugu. Euskarak aurrera egingo badu, herritar euskaldunen borondatea da beharrezkoen. Euskara ikasi duten erdaldunak euskara hiztun pasiboak bihurtzea normala da. Guztiz normala. Bestela esanda: administrazioan, egun, euskarazko klaseetara beste joaten da funtzionarioa ingelesa ikastera. Ingeleseko hirugarren, laugarren eta bosgarren maila eskuratu dutenetatik zenbatek erabiliko luke ingelesa normaltasunez? Oso gutxik, nahiz eta inguruko pila batek jakin. Askoz erosoagoa da betiko hizkuntza erabiltzea. Horixe gertatzen zaie euskara maila batean edo bestean ikasi dutenei. Ekinaren ekinez murgilduko dira batzuk; eta aritu ere arituko dira, baina izerdi patsetan gehienetan. Ez digu ezertarako balio esateak euskara gurea dela. "Gure" hori guk uste baino askoz meharragoa da.
Euskara jakin eta erabiltzeko borondatea erakusten dutenengan jarri eta pilatu behar ditugu indarrak. Zenbat eta eremu gehiagotara iritsi gura, hainbat eta gutxiagotara helduko gara. Soberako indarrik ez dugu. Gehiago ere esango nuke: justu antzera gabiltza. Herritar gehienek euskararen aldekoak direla uste izateak kalte baino ez digu egiten. Gezurra da. Kontrakoak edo aurkariak, ordea, denak ari dira ildo beretik tiraka. Askatasunaren eta demokraziaren izenean jo eta fuego ari dira gau eta egun.

Zabaldu
del.icio.us
Ingelesaren konparazioa oso interesgarri iruditu izan zait beti, pista asko ematen ditu. Inkesta Soziolinguistikoa egiten denean, adibidez, zergatik ez dira sartzen ingelesa ezagutu/hitz egin/ingelesdun hartzaile… kontzeptuak? Kopuruak izugarriak izango lirateke, dudarik gabe.
Bai ba, euskara eta ingelesa parez pare dabiltza gure eremu askotan, batik bat etxeko ama-hizkuntza gaztelania duten umeen portaera ulertzeko orduan (euskarak, noski, latz du High School Musical eta horrelakoekin leihatzea, ingelesaren prestigio-mota jakin bat falta du). Gaur egungo gazte gehienek ingeles-maila polita eskuratzen dute eskolari esker, baina ez duzu koadrillarik entzungo kalean haien artean ingelesez. Arrotza zaielako, euskara bezalaxe. Konbentzituta nago berdin-berdin ikasten dutela bata eta bestea, espazio berdintsua betetzen dutela haien mundu sinbolikoan, sozializazio-egituran edo hizkuntza-funtzioen banaketan. Horregatik, datozen belaunaldiak euskaldunak izango direla eta haien esku egongo dela euskararen geroa entzuten dudanean, beti etortzen zait gogora ingelesarena, alegia, guri bezala, ingelesez dakigunoi, geure artean hizkuntza horretan egitea sekula okurrituko ez litzaigukeen bezala (ez bada gure ingelesa bera hobetzeko ariketa gisa), gazte askori ez zaie burutik ere pasatzen haien artean euskaraz egitea, nahiz eta hizkuntza ondo menderatu. Ez da bakarrik ezagutza kontua. Beste atxikimendu bat behar da. Eta horretarako baldintza egokiak.
Martin | 2008-12-04 - 13:58:22 GMT 1 #
Bai, Eusebio, arrazoi duk, baina hain zuzen ere egungo errealitatea horrela delako dagokigu guri, Jaurlaritzako gainerako langileoi, eta batez ere, TIRAKAkideoi, guk bizi diagun errealitatearen berri ere ematea -hik aipatzen dokena bezain erreala dena, bestalde-.
Martini esango nioke, egin duen diagnosia balekoa dela gizartea orokorrean hartuta. Bai, ados. Baina, exigentzia-maila bera galda dakieke hik aipatzen dituan gazte eta heldu horiei eta Jaurlaritzako administrazioan lanean ari gaituken funtzionarioi? Nire ustez, argi eta garbi, ez.
Gazte eta heldu horiek, momentuz, ez dira zerbitzu publiko batean lanean ari. Funtzionariook bai. Gazte eta heldu horiek, momentuz, ez dute Jaurlaritzarengandik kobratzen. Funtzionariook (Jaurlaritzakook) bai. Funtzionariook bi hizkuntza ofizial dituen erkidego baten administrazioan ari gara lanean, eta legez, maila handiagoan zein txikiagoan, bi hizkuntzok ezagutu behar ditugu eta erabili beharko genituzke lanpostua eskuratzeko. Gainerako gazte eta helduek, ez. Hizkuntza horiek ezagutu eta erabili behar ditugulako, Administrazioak (herritarrek) dirutza ordaindu du gu euskalduntzeko baliabideak jartzen (bi urterainoko liberazioak barne, soldata etxera bidalita).Gazte eta heldu horien kasuan, ez.
Hori guztia eta gehiago esanda, jarraitzen al duzue pentsatzen gizartea euskalduntzearen zereginean erantzukizun-maila bera dugunik batzuek eta besteek?
Funtzionario elebakarra profesional errena da. Hori barneratzen ez dugun artean (eta dugun diot, euskaldunok barne) jai daukagu.
Haizeder | 2008-12-05 - 08:49:17 GMT 1 #
Kontxo Eusebio, urtebete "oporretan" egon ondoren ez zatoz bada oso positibo.
Ez dakit lehenago beste aldera begira egiten nuelako-edo, baina nik azken urte honetan Jaurlaritzan belaunaldi berri bat sartzen ari dela somatu dut eta gazte horietako asko haien artean euskaraz egiten dutela ikusi dut.
Ez dizut ukatuko asko egiteko ez dagoenik, lelokeria bailitzan, baina nik beste jarrera bat nabaritzen ari naiz Hizkuntza Politikaren eremuan. Gu Tiraka taldearekin hasi ginenean HPS "outside" zegoen eta haien kezka euskaldunak ez ziren funtzionarioak euskalduntzea zen. Gaur, ordea, kezkatuta ikusten ditut funtzionario euskaldunak euskaraz lan egiten jartzeko eta horretarako baliabideak eskaintzeko prest.
Hemendik aurrera nire jarrera behintzat euskaraz behar bezala lan egiteko behar ditudan baldintzak eta baliabideak eskatzea izango da, eta horretan sindikatuan non dauden jakitea gustatuko litzaidake. Baina hori beste egun baterako.
Garruze | 2008-12-05 - 12:11:08 GMT 1 #
Nik neure burua ondo ikusten dut. Errealista. Badakit jende andana dugula Administrazioan ustez lan bi hizkuntzan egiteko prestatuta dagoena. “Ustez” horretan dago gakoa, ordea. Zenbakien kontua gainditu beharra daukagu. Hori utz dezagun emaitzak saldu behar dituztenentzat.
Gure aurreko fasean hainbat hausnarketa egin genituen, eta haietatik funtsean atera daitekeena, zera da: orain artekoa (ezagutza) gainditu eta beste fase batean sartu behar dugu (erabilera); eta gainera, badugu nahiko baliabide, bai diruaren aldetik, bai jende prestatuaren aldetik aurrera egiteko.
Administrazioak (HPS) Plana ere prestatu zuen ildo horretatik, eta guk, Tirakakook, ondo irtzi genion gehienbat. Plan hori martxan jartzea ere jasota dago, eta lehenengo urratsak ere eman dira.
Eta hortxe gaude orain, hain zuzen ere. Plan erraldoi baten aurrean, prestatuta ehundaka pertsona dituen Administrazio batean, eta aurrera zelan egin asmatu gurean.
Justu puntu horretan kokatu behar dugu. Denon iritzia izan da, izan ere, une honetan inportanteena tira egiteko prest dauden indarrak pilatu behar ditugula. Batzuk identifikatuta ditugu: tirakakideak (azken iritzi-bilketari inork ez zion erantzun), agente sozialak (zeregin pila dago egiteko arlo horretan) eta ustezko funtzionario prestatuak (batek daki hor zer dagoen).
Nik uste asmatu egin dugula orain arte egindako ibilbidean; baina ezin utzi esan gabe berriro ere asmatu gura badugu nahitaezkoa dela benetako egoerari aurre egitea, eta ez ustez denari.
egorospe | 2008-12-05 - 14:18:03 GMT 1 #
Eusebio, aitorpen zintzo bat eta galdera gaizto bat egin behar dizkiat.
Baga: inor ez gaituk ezinbesteko eta bla-bla-bla..., baina hi gabe blog honek ez zaukak atarramendu onik. Ezta gure taldeak ere (iraun iraungo likek, motelago akaso).
Biga: hain ondo bahengoen zurrunbilo honetatik urruti eta hain kemen-huts bahago, zergatik itzuli haiz?
Martin | 2008-12-09 - 12:02:30 GMT 1 #