HERRI-LANGILEOK HERRITARRAREN HIZKUNTZA-AUKERA ERRESPETATZERA BEHARTUTA GAUDE.

Apirilaren 12ko 7/2007 Legea, alegia, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzkoa, ospetsua egin da Jaurlaritzan, sei opor egun ematen omen zizkigulako herri-langileei.Gai hori dela-eta luze idatzi eta hitz egin da Eusko Jaurlaritzako langileen artean, baina Lege horretan bada beste artikulu interesgarri bat: 54.11 artikulua.54. artikulu hori Legearen III. Tituluan kokatuta dago, hain zuzen, herri-langilearen eskubideak, betekizunak eta bere jokabide egokiaren kodea ezartzen dituen horretan.Bada, 54. artikulu horretan, herri-langileek bete behar dugun jokabide bat herritarraren hizkuntza-aukera errespetatzea da.Honela dio hitzez hitz, 11. jokabide-arauak:
“11. Garantizarán la atención al ciudadano en la lengua que lo solicite siempre que sea oficial en el territorio.”
Ba al daki norbaitek zer esan nahi duen horrek?
Lehen aldia da Estatuko Lege batek horrelako adierazpenik egiten duela herritarron hizkuntza-eskubideen alde. Interesgarria da gainera, kontuan hartuta zein legek egiten duen adierazpen hori, izan ere, oinarrizko lege bat da, eta horrek esan nahi du jokabide-arau hori Estatu osoko funtzionario eta herri-langileok bete behar dugula, izan autonomia erkidegoko herri-langilea, izan Estatu administraziokoa. Baldintza bakarra: herritarrak erabiltzen duen hizkuntza administrazio-bulegoa kokatuta dagoen autonomia-erkidegoan ofiziala izatea.54.11 artikulu hori lagungarria izango da, dudarik gabe, Eusko Jaurlaritzak martxan dituen erabilera-planek aurrera egiteko. Pentsatzekoa da, Eusko Jaurlaritzaren Funtzio Publikoaren legeak ildo beretik joko duela, eta nahiko genuke are zehatzago adieraztea zertan datzan EAEko administrazioetan eskubide eta betekizun hori.

Zabaldu
del.icio.us
.. eta ulertu nahi dut, “garantizarán” horrekin, hain zuzen ere horixe esan nahi dela: BER-MA-TU. Alegia, bermatu egingo zaiola berak aukeratutako hizkuntza ofizialean jasoko duela zerbitzua, gaztelania aukeratu duenaren baldintza beretsuetan, eta horregatik zerbitzuaren kalitatean ez duela murrizketarik izango; hau da, herritarrak ESKUBIDEA duela herri-langileok berak aukeratutako hizkuntzan atenditzeko, bai idatziz bai ahoz, gaztelaniaz egin ohi dugun prestutasunez, zehaztasunez (teknikoa) eta jariotasunez (behintzat, berezkoa beharko genukeenaz). Baina ez jendaurrean atenditzeko edo azken ebazpena euskeraz jasotzeko soilik, baizik eta espedientearen izapideketa guztia euskeraz egiteko (gaian aditua den teknikari euskaldun batek izapideturik) herritarra sistematikoki itzulpenaren menpe egotera zigortu barik. Izan ere, horrelakoetan bi bider (gutxienez) zigortzen dugu administrazioarekin euskeraz komunikatzea erabaki duen herritarra: gehienetan, bere espedienteak gaztelaniaz izapidetzen dena baino luzeago joko du (itzulpena tarteko) eta gainera, bidai horretan, hurbilekotasuna galtzen da (principio de inmediatez, delakoa), beti ere administratu euskaldun horren kaltetan.
Aparte utziko dugu, oraindik ere jendaurrean diharduten zenbait herri‑langileri (ondo dago herri‑langilea deitzea, askori ahaztu egiten baitzaie horixe garela, herri‑langile, alegia herritarraren zerbitzura gaudela, eta ez herritarra gure esanetara) jartzen zaien aurpegia beraiengana euskaraz zuzenduz gero… Esandakoa, TXIP aldaketa beharrezkoa dela, baina batzuen kasuan barru barrutikoa, errotikoa…
Haizeder | 2008-12-01 - 15:21:50 GMT 1 #
Nire belarriek gozamen handiagoa hartzen dute "funtzionario" entzunda. Horixe garelako, funtzionario batzuk, eta horren arabera konportatzen garelako. Agian herriaren aldekoak bagina, dena litzateke errazaagoa.
Ez dut uste legeetan dagoenik irtenbidea- Ondo da legea alde izatea, baina funtzionarioen borondaterik gabe zaila dugu. Nire ustez beste era batea jokatu behar da. Nahiko baliabide dugu eskuartean erraldoi hau martxan jarri ahal izateko. Plana ere badugu. Orain guzti hori bideratzea gelditzen da. Ez da erraza izango. Zergatik? Funtzionarioak garelako, batik bat eskuideez arduratzen den jendea, eta ez obligazioez. Horren lekuko, lege horrean aipatzen diren ditxosozko sei egun horiek dira. Horrek axola du, eta gainerako hondarrek.
E.Gorospe | 2008-12-02 - 10:29:31 GMT 1 #
Ez zakiat ba, Gorospe, ez ari haizen sagarrak eta asteroideak nahasten. Denok ez gaituk hain gaiztoak. Eskubideak eskatzea eta obligazioak betetzea ez dituk bateraezinak. Ez al zaik iruditzen, adibidez, kanpoan elkarrizketa, adostasuna, negoziazioa… aldarrikatzen duen Administrazioak etorkorrago jokatu beharko lukeela bere mendeko langileen ordezkariekin, sikiera zentzuzko lanaldia jartzeko bada ere? Langileen artean, bestalde, denetarik zegok: batzuk eskubideez bakarrik kexatzen dituk, eta beste muturrean beste batzuk ezta eskubideez ere; zarata eta burrunbada gutxi batzuek egiten dute, apika gehienen jarrera pasotismoa delako; bat prest egon liteke lan-egoera bidezkoago baten alde zerbait egiteko, non eta zerbait hori ez den greba mugagabe bat edo burutik behera gasolina bota eta bonzo erara su ematea; batzuek gogor egiten dute lan, eta beste batzuek alu/potrojorra dute hobby eta ogibide. Iruditzen zaidak interpretazio manikeo samarra egiten duala. Baina hizkuntza-aukera errespetatzeaz ari gintuan eta lekutaraino joan nauk…
Martin | 2008-12-03 - 09:27:31 GMT 1 #
Nik funtsean esan gura nian neure burua gustorago ikusten dudala funtzionario deituta. Horren azaltzeko eman dizkiadan arrazoiak neure ingurutik ateratzen dizkiat, alegia, ez diat beste ezer entzuten inguru itzultzale-euskaltzale honetan lan-erreibindikazioez haratago. Hori adierazi nahi nian. Horretaz ere arduratu behar dugula. Bai horixe! Baina horretaz bakarrik? Behar bada hi ez haiz adibiderik argiena gai honetan. Nahikoa huke bistazo botako bahu hire inguruan. Zer ikusten duk, funtzionarioak edo herri-langileak?
Euskaraz ari gintuan bai, eta gaur gainera euskarak bere Eguna ospatzen omen dik. Egunak berak bost axola zidak, eta horren inguruan -horrek eraginda edo- sortu duan ezbaian iritzi jakin batzuk agertzen dituk besteen gainetik, transbertsalitatea eta holangoak, hemen, gurean, zeharlerrotasunez ezagutzen dugun hori.
E.Gorospe | 2008-12-03 - 10:12:25 GMT 1 #
Niri ere ikaragarri gustatuko litzaidake 6 egunen kontu hori hainbesteko oldarkortasunez - guztiz zilegia, bestalde- defendatzen duten jaurlaritza barruko langile horiek beste horrenbesteko prestutasuna agertuko balute euskararen erabileraren aldarrikapenarekin. Horrela izan balitz, bidearen hiru laurdenak eginak genituzkeen honezkero.
Tamalez, ordea, kasu askotan ez da horrela, eta horretarako jaio dira TIRAKA bezalako elkarteak, ezta? Hain zuzen ere, jaurlaritza barruko funtzionario euskaldun eta euskaltzaleen ahotsak entzunarazteko eta normalkuntzaren xede honetan gure aletxoa jartzeko.
Funtzionariontzat betebehar bat da, herritarrentzat eskubide, baina ezerren gainetik, funtzionario zein administratu izan, euskaldunoi zor zaigun eskurakizuna.
Haizeder | 2008-12-03 - 12:13:04 GMT 1 #