Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

IV. Plangintzaldia: Erabilerari ateak zabaltzen

tiraka 2008-07-15 @ 08:08

III. Plangintzaldiaren atarian sortu zen Tiraka. Jaurlaritzako langile batzuk kezkatuta genbiltzan euskara eguneko jardueretan erabiltzeko zailtasun handiak zeudelako eta, orduan, geroa ilun ikusten zen, III. Plangintzaldi horretan ez baitzen inolako neurririk hartzen euskara genekien langileek erabil genezan. Alfabetatze-euskalduntze garaia zen. Diru piloa jartzen zen langileok hizkuntza eskakizunak egiazta genitzan, baina ezer gutxi ikasitako hura praktikan jar genezan. Egoera ilun hori aurrean genuela hasi ginen biltzen Tirakakideak astero mahai baten bueltan. Bilerak batzuekin eta besteekin; proposamenak hainbat esparrutan, gogoeta eta eztabaida pizteko… eta hori guztia IV plangiltzaldiari begira, jakin baikenekien III. Plangintzaldian aldaketak sartzea ezinezkoa izango zela.



Azkenik, aurreko astean, uztailaren 10ean hain zuzen, IV. Plangintzaldia (2008-2012) aurkeztu zen. Bere xedea Eusko Jaurlaritzan euskara lan-jardunerako hizkuntza bihurtzea da, herritar euskaldunei zerbitzu-hizkuntza aukeratzea bideragarri egiteko.

IV. Plangintzaldiak aldaketa nabarmenak dakartza, baina garrantzitsuena gure ustez sakoneko filosofian dakarren aldaketa da: Jaurlaritzak euskararen ezagutza bultzatzetik batez ere, euskararen erabilera bultzatzeko jauzia egiten du plangintzaldi berri honetan eta behingoan jabetu da euskararen erabilera dela etorkizunaren giltzarri. Administrazioak jarrera aktiboa hartuko du euskararen erabilera sustatzeko lanean; hizkuntza ofiziala erabiltzeko irizpide argiak emango ditu; lehentasuna emango zaio sortze-lanari, gaitasuna duen orok bere lana euskaraz ere egiteari; itzulpenari neurrizko tokia bilatuko zaio; idazketa elebidunaz hitz egiten hasiko da; aldizkari, liburu, ikerketa-lan eta antzekoak bi hizkuntzetan plazaratzeko beste bide batzuk azalduko dira…. Lan handia dago egiteko, bai arduradun politikoen partetik bai langileon partetik ere bai. Jabetzen gara, IV. Plangintzaldiak aukera berriak baino ez dituela zabaldu eta lana denok auzolanean egin beharko dugula. Auzolanik gabe ibilbide luzerik ezin egingo da planteamendu berriaren itzalean ere, baina jakina, auzolana eskatzeaz gain, gerta dadin baldintzak eta giroa lantzea ezinbestekoa da. Langileen ordezkari diren sindikatuei ez dirudi eskua behar bezala luzatu zaienik, euren kritikei erreparatuta behintzat. Legeak ezarritako bidea, besterik ez baliatu izana, ez da abiapuntu egokia sindikatuen (batzuen) aldetik laguntzarik jasoko bada. Batzorde Iraunkorrean izango luketen ordezkaritza ere, ez dirudi nahikoa denik. HPSko arduradunen apustua ausarta da, baina babes zabala eta inplikazio maila dezentekoa ezinbestekoak ditu langileon eta arduradun politikoen aldetik, eta horiek oraindik ez daude behar bezala landuta, irudi denez. Langileon esku dago neurri handi batean plan honen bideragarritasuna, baina beste horrenbeste edo gehiago, arduradun politikoen esku dago; alabaina, ez dirudi hauen laguntza bermatzeko aurreikusitako neurriak behar adinakoak direnik. Administrazio Orokorreko langileak bezainbeste eta gehiago, arduradun politikoak behar lukete erabilera planen protagonista. Erabileraren ardura guztia soilik langileen gain jarrita, porrota segurua litzateke. Ikuskizun daude, herri honetako administrazio nagusiko arduradun politikoen erantzuna eta jarrera. Bestalde, HPSri eta Kultura sailari baino gehiago, Ogasun eta Herri Administrazio sailari, eskatu behar zaio herri administrazioa euskalduntzeko konpromiso eta lan handiagoa, LAB Sindikatuak adierazi duen gisan, izan ere, Herri-Administrazioak aitzindari izan behar baitu euskararen normalizazioan, areago beste administrazioen aurrean. Tirakakideok ilusioz begiratzen diogu datorren lau urtekoari, baina uste dugu lan handia dagoela egiteko oraindik, eta eragile gehiagoren parte hartze zuzena ezinbestekoa dela plangintza molde berriak arrakastarik izango badu. Garaiz gaude, baldin eta alde guztietatik borondatea eta gogoa jartzen badira. Euskaraz jardun nahi dugun langileon laguntza eta bultzada ezinbestekoak izango dira. Gu geu ez gara beste batzuen erantzunaren zain egongo. Euskaraz bizitzeko aukerak nahi eta behar ditugu. Plan berriak aukerak zabaltzen dituela uste dugu. Bere akatsak akats, planean gogoz parte hartzera eta bultzatzera deitu nahi genituzke lankide euskaltzaleak, jarrera kritiko batetik bada ere. Administrazio astun honetako makineria mugiarazten hasteko aukera dugulakoan gaude.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>