Hizkuntzen estetika
tiraka 2008-04-14 @ 12:33
Juan Kruz Lakastak eta Zaldieroak, Berria-n
Hizkuntzen estetika
Nafarroako Parlamentuak Baluarte kongresu jauregia eta auditoriuma ele biz errotulatzeko eskatu Foru Gobernuari. Eta UPNko agintariek eraikina diseinatu zuen arkitektoari, Patxi Mangadori, aldaketa horren inguruko txostena galdegin diote. Mangadok erantzun du fatxadan euskarazko errotulazioa gehitzeak konposizioa «birrindu» eginen lukeela, «ikaragarri gaizki» geratuko litzatekeela.
Harrapazak, Txiribiton! Baluarteren parean Corte Inglesen eraikin zurruna altxatu zutelarik, Mangadok ez zuen txintik esan. Nonbait, haren aburuz, Corte Inglesen neoizko argiek distira dotorea ematen diote kongresu jauregiari. Ikurren Foru Legea aplikatuz Baluarteren fatxadan, Nafarroako eraikin guztietan bezala, Espainiako bandera erraldoia paratu zutelarik, hitz erdirik ez genion entzun. Seguru asko, haren irudikoz piperpotoa ederki geratzen da auditoriumaren fatxada egiteko Zimbawetik ekarri zuten granito beltzaren gainean. Baina orain sekulakoak eta bi esan ditu bere obraren fatxadan euskara sartu dutela eta. Corte Inglesen eraikina baino zurrunago izan behar duzu, larrua Zimbaweko granito beltza baino gogorragoa eduki behar duzu euskarazko 28 hizkiz fatxada «birrindu» eginen luketela esateko. Batek daki zergatik, baina Mangadoren azken adierazpenon berri eduki bezain pronto, 2006an, Espainiako Armadaren Egunean egin eta esan zituenekin akordatu gara: zibila izanagatik ere beste zenbait nafar itzal handikorekin batera Espainiako bandera zin egin zuen, eta jarraian azaldu zuen «nazionalismoen aurka» dagoelako egin zuela egin zuena. Nazionalismoaren aurka egiteko Espainiako bandera zin egin zuen! To eta no! Gizon Jakintsuak ez zukeen asmatuko munduko herritarra dela adierazteko ekitaldi hoberik. Eta Gizon Jakintsuak Mangadoren aburuarekin bat eginen zukeen: euskara ez da batere modernoa, batere estetikoa, edozein fatxada birrindu egiten du.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

