Itzulpen alferrikakoez (berriz ere)
martinrezola 2008-02-12 @ 10:08
Eskuartean izaten ditugun testu elebidun asko alferrikakoak direla salatu izan dugu behin baino gehiagotan, jakinik jatorrizkoa gaztelanizko dela, hizkuntza horretan bide luzea egin duela (zirriborroa, txostenak, oniritziak...); eta euskarazkoa, berriz, azken-azken uneko itzulpen halamoduzko bat baino ez dela, azaleko berniz mehe bat baino ez. Eta interesatuak gaztelaniazkora jotzen duela, noski.
Itzulpen-kopurua murrizteko eskari horri, baina, halako eskubide-printzipio ukiezin bat kontrajarri ohi zaio: euskaldunok eskubidea dugula hainbat eta hainbat informazio eta dokumentu euskaraz ere izateko. Eta hortik beldurra. Nik, alabaina, beldur horren funtsa zalantzan jarri nahi nuke, zeren, azken batean, gaztelania hutsezko hainbat testuk mesede baino ez baitiote egiten euskarari, batetik itzulpenaren egiteko apaingarria desagertuko litzatekeelako, eta, bestetik, argiago geratuko litzatekeelako hizkuntzen beregaintasuna eta, noski, euskararena ere bai. Obabako udalak bertako errota bat babesteko prozeduraz galdegiten badio Jaurlaritzari gutun baten bidez, gutuna gaztelania hutsez badago eta Jaurlaritzako zerbitzu teknikoen erantzuna ere gaztelaniaz ondu badute, zertarako euskaratzen da erantzun-gutuna azkenean eta bi zutabetan jarri? Norentzat? Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako hainbat ordezkarik bilerak-eta egiten dituztenean, eta bilera horietan proposamenak, materialak, eztabaidak erdaraz egiten badira, zertarako itzultzen dira bileretako aktak, jakinik parte-hartzaileek akta jaso eta jaramonik ere ez diotela egingo euskarazko testuari? Zergatik egiten dira horrelakoak? Uste dut beldurra galdu beharko geniokeela gaztelania hutsezko testugintzari. Horrek egoeraren gordina azaleratuko liguke, tranparik gabe, eta sinestuta nago horrek suspertuko gintuzkeela. Besteak beste, bideragarriago ikusiko genuke, adibidez, Apattaerrekako udalak euskara hutsez hasitako prozedurak euskara hutsezko bidea egin behar duela, itzulpenik gabe. Eta ez du egiten, begira: elkarte edo partikularren batek errekurtsoak jarri izan ditu euskara hutsez, uste baino maizago gainera. Bada, batzuetan, horren gaineko erantzuna gaztelaniaz prestatzen da eta errekurtsoaren ebazpena azkenean euskaratu, zirkuitu absurdu hori Q polit batez (Qalitatea?) itxiz. Ez dinot nik EAEko aldizkari ofiziala gaztelaniaz bakarrik atera behar denik, horrenbesteraino ez dut eskatzen, baina bai itzulpenak murriztea komeni zaigula, ordainetan euskaraz sortutako testuak emendatzearen truke. Hortik abiatu behar genuke gure negozioa.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Izan gaitezen serioak... elebidunarentzat itzulpen administratibo ia-ia guztiak soberan daude. Are gehiago, oztopo ere badira. Elebidunak, zera da, bi hizkuntzez inolako problemarik gabe baliatzen denak ez du itzulpen beharrik... itzulpen beharra duena elebakarra da. Askotan dirudi euskalduna dela eredu elebidunaren sustatzailea, baina ez da egia. Euskaldunak nahi lukeena, nire uste apalean, hau da: bi hizkuntzak benetan eraginkorrak izatea, fikzio famatua baztertuz. Zera da, EHAA zertarako bi hizkuntzetan? euskaldunari ez galdetu, euskaldunari testu batzuk eskaini euskaraz eta beste batzuk erderaz. EHAA bi hizkuntzetan nahi/behar duena elebakarra da. Eredu elebidunaren karga ez zamatu euskaldunaren bizkarrean, nahikoa badugu-eta.
Zergatik ez dute Administrazioko arduradunek gai honetaz serioski hausnartzen? Zergatik ez dio IVAPek (IZOK batik bat) adarretatik heltzen? Administrazioko euskarazko produkzio ia guztia itzulpena dela jakinda, eta testu itzuli horiek ia inork ez dituel euskaraz irakurtzen, zergatik jarraitzen dugu antzerki honekin?
Proposamen zehatz bat. IVAPek eta HPSk hausnarketa-jardunaldi batzuk antola ditzatela uda baino lehen gai honetaz. Ikastarorik ez mesedez! Hitz egin dezatela inplikatutako guztiek. Atera ondorioak eta jardun lehen bai lehen.
Ohar bat itzultzaileentzat: jakinaren gainean nagoenez azken batean garrantzia lanpostuak duela, jarri gaitezen denok pentsatzen ia zein bilakaera iza dezakeen gure profesioak, ia zein bide hartu behar dugun. Orain arte bezala ez. Nik uste aportazio ona egin dezakegula testu-sormenean, korredakzioan, abokatu/ekonomista/ingeniari prestatuei aholkuak ematen. Edozein arlotan litzateke gure eginkizuna probetxagarriagoa. Edozeinetan, Administrazioan testuak itzultzen baino.