Jauzia
egorospe 2008-02-07 @ 10:18
HPSk bere IV. Plangintzaldia aurkezteari ekin dio. Hitz eta esamolde gozoz belarriak ferekatzen dituen asmoa da eskuartean dakartena Baztarrikak, Azkuek eta Lozanok. Bere bidea halamoduz —ezagutzan oinarrituta— burutu duen III. plangintzaldia atzean utzi eta erabilera, sormena, korredakzioa, hizkuntza profila egiaztatu dutenek —borondatezkotasunetik haratago— derrigorrez bete beharra. Tirakari egindako aurkezpenean egon ginenok gustura entzun genuen eta, ezin uka, aukerez ez ezik, arriskuez ere ohartu ginen. Horrelako zeozer eskatu izan diegu azken urteotan Administrazioan hizkuntza duten arduradunei, nahiz oraindik guztiz gorpuztu gabe egon. Hor dago; eta 2012ra arte iraungo du. Ia zelango etekina ateratzeko gai garen! Beldur ere banaiz; ezin isildu: orain artean Administrazioa izan du(gu)t, batik bat, nire (gure) kritiken jomuga, iruditu izan baitzai(gu)t ez zuela behar bestean betetzen. Orain denon eskuetan dago jauzia egiteko erreminta.
Hortik nire izerdi hotza. Administrazioko hainbat kolektiborengan ez dut konfiantza gehiegirik. Betitik diñot hori. Ez dira izango, behar bada, ugarienak. Euren zeregina, hala ere, funtsezkoa izan daiteke. Euskararen munduko funtzionarioez ari naiz, bai: HPS, IVAP, normalizatzaileak, itzultzaileak, …. Horien artean ez luke dudarik egon behar. Eta balituzkete, azal ditzatela egtismoaren ardura dutenen aurrean.
Urteak eman ditugu mugaz bestaldera jauzi egiteko irrikitan. Aurki jarriko digute pertika. Ausardia beharko da salto egiteko. Ausardia eta zuhurtzia. Okerrean emandako urratsei buelta ematea asko kostako zaigu. Esan nien arduradunei, plana arloan arloko agenteei saltzeaz gain, nahitaezkoa ere balitzatekeela horiek entzutea, horiek hausnarrean jartzea. Kolektibo bakoitzak (4. HEko teknikariak, itzultzaileak, normalizatzaileak, letratuak, ekonomilariak, administrariak….) bere erreflexioa eginda du. Batzuk beste batzuk baino sakonagoa.
Asko eta asko nazkatuta ere badaude, inortxok ere entzuten ez dituelako, non saiatu jakin gabe daudelako, etsipeneak jota daudelako. Eurengan (gugan) ere izango da akatsik, alajainkoa! Edozein modutan, bideak ireki behar zaizkie berbarako, ekarpenerako, parte hartzeko. Iñor ez dago soberan. Nahiko -eta gehiegi ere- izango dugu automarginatzen direnekin.
Egitasmo berriaren nondik norakoak era orokorrean baino ez zaizkigu eman. Edukia eta zehaztasunak iritsiko zaizkigu berandu baino lehen. Ez dakit letrak zenbateko inportantzia duen. Lehendik ere milaka orri txukun taxutuak gorde behar izan ditugu bazterretako armairuetan; hain justu ere, ez zutelako asmatu egileek diskurtsoaren eta praktikaren arteko oreka bilatzen, edo ez zutelako asmatu asmoa (plangintzaldia) lanabes egokiez elikatzen, jarritako erronkei aurre egiteko. Erremintarik egokiena -Plan on batez gain- jendea da, zeinaren borondate eta inplikaziorik gabe ezin baita ezer gauzatu. Hara bedi.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

