Euskararen erabileraren aldeko politika berrien oinarriak: elkarlana eta ardura
garruze 2008-01-07 @ 11:54
Egorosperen artikuluaren ildotik, nik ere uste dut euskararen normalkuntzarako bideratutako diru publikoaren inguruan gogoeta egin behar dela, izan ere, Jaurlaritzaren gaur eguneko programak edo diru-laguntzak eta sailen arteko koordinazioak xede berrien aurrean aurkitzen dira, nagusiki euskararen erabilera zabaltzea eta normaltzea.
Azken 30 urteotan diru publikoa barra-barra erabili da erdalduna zena euskalduntzeko edo euskarara hurbiltzeko bederen, eta xede hori gaur egun beharrezkoa izaten segitzen badu ere, uste dut gaur egun beste xede batzuek ere arreta berezia behar dutela euskararen erabilera normalizatu nahi bada. Horien artean, euskaraz bizi eta lan egin nahi duten euskal herritarrak ditugu eta haientzako zerbitzuak antolatu eta sustatu behar dira.
Esparru euskaldunak sortu eta daudenak sustatu behar ditugu dudarik gabe, horien bidetik etorriko da normalizazioa. Arkaitz Zarragak Berrian azaltzen zuen ildotik, aldiz, alperrik ari gara euskalduntze-lanetan dirua inbertitzen, gero gure haur, gazte eta heldu euskaldun berrien gizarteko esparruen erreferentziak gaztelania hutsezkoak badira, A eredukoak Arkaitzek esaten zuen bezala, BECeko PINa kasu.
Euskarak jende askoren ahaleginei esker bere merkatua –txikia bada ere- egiten ari da, horren adibide Durangoko Azoka dugu. Baina ez dira nahikoak urtean behin egiten diren ekitaldi bat edo batzuen inguruan antolatutako ekimenak. Ekimen guztien artean sinergiak sortarazi behar dira eta batak besteak elikatu.
Gizartean euskarazko orotariko harreman-esparruak normaltasunez azaldu behar dira eta euskaldunen arteko harremanak naturaltasunez euskaraz izatea lortu behar dugu. Xede hori lortzeko herri-erakundeen ahaleginak herritik eta gizartetik sortzen diren ekimenekin uztartu behar dira. Arlo horretan, lankidetzarako kultura falta dagoela esango nuke nik eta hori gainditu beharra dago. Arlo pribatuan hain ondo egiten dakigun auzolana ez dugu jokamolde hori esparru publikora eramaten asmatu, nire ustez.
Euskarazko erabilera-esparru naturalak sortzeko bidean, gauza batekin ez nago egorosperen ados, alegia, militantzia garaiak amaitu direlako horrekin. Agian forma berriak asmatu beharko ditugu euskaldunok gure gizartearekiko eta gure hizkuntzarekiko ardurak azaldu eta lantzeko, baina euskaldunok gauza bat argi izan behar dugu: euskaldunok garela munduan euskararen alde lan egin dezakegun bakarrak eta horren alde egiteko ardura gurea baino ez dela, gure kalte aritu nahi ez badugu behintzat.
Beste kontu bat da nola egin behar den hori, izan ere, arduraz jokatzeak ez du zertan ekarri behar egitasmoak aspergarriak edo ezin eramanezko lan itogarriak. Hortxe dago kakoa, nire ustez, lan egiteko gogoa eta ilusioa pizten duten proiektuak bultzatu behar direla; jendea horietan gustura eta borondatez parte hartzera posible egiten dutenak, norberak hartu nahi edo ahal duen ardura mailari begiratuta; helburuak pixkanaka lortzeko bidean jartzen dituztenak; eta bukatzeko, elkarlanerako euskal kultura berria sustatzen dutenak.
Ez gara zerotik abiatzen, hainbat adibide badira-eta Euskal Herrian (Kooperatibak, Euskaldunon Egunkaria/Berria, AEK, Eusko Ikaskuntza, Ikastolen mugimendua, euskal diaspora...).Garaia da ahalegin publiko eta pribatuak uztartzeko eta bide beretik zuzentzeko.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

