Ba ondo
egorospe 2008-01-07 @ 00:32
Ez naiz arduradun politikoak txalotzearen aldekoa, uste baitut debereak ondo egiteko aukeratzen ditugula. Askotan, gura baino sarriago, ez da hala gertatzen; eta orduan datoz eztenkadak. Ez beti zuzenak. HPSko arduradunek diskurtso egokiaz jabetu direla iruditzen zait. Euskararen erabilera azpimarratzen dute “euskarak salbatzaileak ez, borrokalariak ez, baizik eta hiztunak behar ditu”. Herritarren euskararekiko leialtsuna, atxikimendua eta konpromisoa lortu nahi dute. Hizkunza-aukera askean oinarrituz, herritar guztiek nahi duten hizkuntza eta dakiten neurrian erabiltzea bideratu nahi dute. Eta guzti horretarako 70.000.000 euro jarriko dituzte. Dena polita?
Hala dirudi. Nik, ostera, hutsuneak edo gune ilunak ikusten dizkiot, batik bat aurreko urteetako eskarmentuari erreparatuz. Badirudi dena konpontzen dugula diruarekin eta mundu guztia -ni barne- funtzionario bihurtuta. Esan nahi baitut horrekin haserraldirik handiena eta borrokalaririk oldarkorrena ere baretzen duela diruaren hotsak. Asko izan dira xoxak erreklamatu izan dituztenak euskararako, esanez dirua jarriz hutsuneak beteko ditugula. Ez da horrela. Azken 30 urteotan erabilitako dirutzak kontatzen baditugu, zenbatekoa -garai bateko pezetatan emanda- mareagarria ere bada. Ez dira bakarrik aurtengo 70.000.000 euroak eta aurreko hogeita hamar urteetako aurrekontu-atal guztiak. Horiei gaineratu behar zaizkie gastu korronteak, alegia, euskara kontuetan Administrazio publikoetan dihardutenak, izan itzultzaile, izan normalizatzale, izan euskara teknikari, izan …. Eta gainera, partida horietan sartu ez eta euskara dela-eta gastatzen direnak, esaterako kanpoko enpresetan Administraziorako egindako itzulpenak. Guzti horrek batera zifra astronomikoa ere bihutuko luke, duda barik. Hizkuntza-gidari publikoek diskurtso egokia hartu duten honetan, nik eskatu nieke saia daitezen giza- eta diru-baliabideen erabilpen zuzen eta emankorra egiten. Hainbesteren artean derrigor gainditu behar dugu orain arteko etekina, nahi eta ez. Mundu honetan dihardugun guztiokin eta darabilgun diruarekin zeozer, edo asko, txarto gauzatu behar izan dugu. Ez da berandu, hala ere. Konturatzea da inportanteena. Eta asmatzea, etorkizuneko ildo egokiak aurkitzea. Baten batzuk hamaika aldiz ere aipatu ditugu hemen. Euren artean, nire profesioa izaki, itzulpenarena. Badira beste batzuk Administraziotik kanpokoak. Neure inguruko adibide bi jarriko ditut. Nire semeei gehien gustatzen zaien programa Pressing cach (edo horrelako zerbait) da. Astopotro batzuk borrokan egiten duten hori. Badakit zuztergabekeria, papaukeria eta gehiago ere badela. Baina ni ezin naiz egon nire umeei dena ukatzen. Nik gurako nukeena da papaukeri hori euskaraz eman dakien, eta horko esakerak eta berbalogia euskaraz ikas dezaten. Azken baten, bata besteareren gainera saltoka euskaraz egin dezaten. Adibide horren modukoa da alabarena ere. Berari (11 urte ditu) hegoamerikar edo edonongotar programa horietarikoak gustatzen zaizkio, alegia 16-18 urteko neska-mutilak musuka eta kantaka agertzen diren horietarikoak. Berari bezala, bere klaseko neska guztiei. Denak daude gaztelaniaz. Hori da asimilatzen dutena. Eskerrak etxean euskaraz egiten dugun!! Gutxi gara, ordea. Herritarren gustukoak diren produktuak sortu behar dira. Berdin dio zeintzuk eta zelangoak diren. Guk ez baditugu produzitzen, albora joango zaizkigu umeak, gazteak, eta gu geu ere bai. Militantismoaren garaia amaitu denetik "leialtasun, atximimendu eta konpromiso"rako deia antzua bihurtu daiteke zeharo, ez badugu asmatzen. Agintari politikoei eskatu behar zaie euren eskuetan dituzten baliabideak birregitura ditzaten, daudenean ez baitute ondo funtzionatzen. Eta dirua eskuratzen duten erakunde, elkarte eta partikularrei exijitu behar zaie herriaren borondateari errepara diezaioten, eta exijitu behar zaie, zelan ez, urtearen amaieran kontuak argi ditzaten, hurrengoan ere diru-laguntzarako merezimendurik egin duten edo ez erabakitzeko.
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

