Urteurrenak (edo Oinatz eta Ganboa berriz ere)
martinrezola 2007-12-07 @ 11:31

Urteurrenetik urteurrenera gabiltza azken egunotan, batzuk glamourosoagoak beste batzuk aldarrikatzaileagoak: Euskararen Legearen 25.a, Kontseiluaren 10.a, EiTBrena, Euskaldunon Egunkariarena... Eta denak bat datoz gauza bakar batean: urteurrenkideak zoriontzea ahaztu. Bai, hain gauza xumea oharkabean pasa zaie.
Oker egon ninteke, baina uste dut 25 urteotan gizarteak egin lanaren gaineko laudorioen artean, adierazpen instituzionaletan, ez zaiola bat ere aipamenik egin ez munduko euskarazko egunkari bakarrari ez Kontseiluak egindako lanari. Ez zait normala iruditzen. Halaber, Kontseiluaren lana luze urratzen duen Berria-ren artikulu batean ez dut deus aurkitu administrazioaren lanaren balorazioaz. Beno, ez da guztiz egia, bukaeran hauxe aurkitu dut: Bere helburuak lortzeko eta ekimenak abiatzeko Kontseiluak izan dituen zailtasunak gogoratu ditu Arrizabalagak: «Tokian tokiko administrazioak elkarlana bultzatu baino gehiago, euskararen aldeko mugimenduak ahultzen edota baztertzen ahalegindu dira urte hauetan». Hori ere ez zait normala iruditzen. Geure burua goratu bai, baina auzoarekin bake gaiztoan, aurrez aurre edo, hobeki esanda, bizkarrez bizkar. Euskal mundua muturka, eta nola arraio joango gara gero erdal mundura predikatzera?
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

